Nostalgia pittin bat Fnac-en

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-12-14 20:08
1

Nire bizitzako garai ilun batean Callaoko Fnac-era joaten nintzen paseoan. Gran Vian bizi nintzenez, eta Gran Via ez denez edozein umore duzula ere jasan daitekeen kale bat, Fnac-eko beroa eta moketa nahiago nuen askotan. Gainera, sotoko kafetegian euro bakar baten truke zerbitzatzen zizuten ebakia: inguruko kafetegietan ez zen euro eta erditik jaisten.  

Gaur, garai ilun horiek gogora ekarri ditut eta Bilbon ireki berri duten Fnac-era jo dut. Lehenik eta behin sekula nirea izango ez den aparatutxo txuri baten aurrean geratu naiz, ezinezko maitasunaren sastada bihotzean.

Gero Godard-en Sympathy for the Devil ikusten egon naiz,  eta orduan ohartu Rolling Stones taldekoak noizbait gazteak izan zirela. Hori sorpresa. 

Saltzaile bati galdetu diot Xamar-en Euskara Jendea ba ote zuten eta berak erantzun euskaraz ez duela egiten eta sentitzen duela. Kuriosoena da nik galdera gazteleraz egin diodala.

Azkenik, garai are ilunago bat gogora ekartzeko, Extremoduro-ren Grandes Éxitos y Fracasos erosi dut (8 euro, ezin eutsi). Nire extremoduro-zaletasuna cassette garaietakoa da, eta banuen gogoa zaletasuna digitalizatzeko.

Standby bezalako kantuek oraindik hunkitzen naute. Horretarako Ipodaren beharrik ez dut.

Patxi

Patxi 2006-12-15 11:07 #1

<p>Ez nuen ezagutzen abesti hau, ezta bideoa ere.&nbsp;Nere bideokajan sartu det dagoeneko, oso ederra da. </p>

<p>Moketadun soto batean kafe hartzen, eta batez ere Gran Viatik ihesi, ze gustora egon behar dan...</p>


Utzi iruzkina: