2003ko apirilaren 13a:Erreala Vs. Real Madrid
Errealak sekulako jarduna egin zuen 2002-2003 denboraldian. Urte pare bat jaitsiera postuekin “jolasten” ibili ondoren, Espainiako Liga irabaztear izan zen. Denboraldi horretan errealak hainbat partida gogoangarri jokatu zituen, baina errealzaleen oroimenean partida bat geratu zen beste guztien gainetik: apirilaren 13an Donostiako Anoeta estadioan jokatu zena, Errealaren eta Real Madriden artean. Bideoan partida horretako golik ikusgarriena agertzen da, Anoetan izan zen golik ikusgarrienetakoa, dudarik gabe.
Egun gutxitan hunkitu da Anoeta egun hartan bezala. Anoetako zaleek egun gutxitan ikusi dute euren taldea Madril “galaktikoa” bezalako talde bati lau gol egiten, gainera laurak ordu erdiren buruan. Egun gutxitan pentsatu dute gipuzkoarrek liga irabaztea posible zela. Guzti hura, Donostiako futbol zelaian bizi izan zen, 2003ko apirilak 13 hartan. Errealzaleek ezin dute ahaztu egun hura nahita ere, ametsak errealitatea egiten diren egun horietako bat izan baitzen.
Lehen zati zoragarria jokatu zuen Errealak, lau gol egin zizkion Espainiako atezain onenari, Iker Casillasi. Darko Kovacevicek bere kondaira handitu zuen, madrildarren borrero bezala, Nihat turkiarrak ere, bere urterik oberenean, bere arrastoa utzi zuen eta garai hartan madrildarren nahia zen Xabi Alonsok sekulako gola sartu zion bere hurrengo taldea izan zitekeenari. Alonsoren gol horrek, laugarrenak, sekulako bost minuturi amaiera eman zien, bertan errealak hiru gol egin zituen eta Real Madrilek bat.
Partida amaieran, hauxe zioen orduan Donostiako taldearen entrenatzailea zen Raynald Denoueixek: “ez dut uste errealzaleek partida hau ahaztuko dutenik”.Iker Casillas ere Errealaren aurrean makurtu egin zen eta hauxe esan zuen: “partidan ez da egon kolorerik”. Agian Anoetan izan den partidarik onenak Espainiako liga gori-gorian jarri zuen, 29. jardunaldia zen eta donostiarrak Madril liderragatik hiru puntutara jarri ziren, A Coruñako Deportivorekin batera. Jardunaldiak aurrera joan ahala galiziarrak atzera geratu ziren eta buruz burukoan gelditu ziren gipuzkoarrak eta madrildarrak.
Nahiz eta liga hura Madril aldera joan zen, dudarik gabe Errealarentzat ere oso balentria handia zen bigarren postu hura. Eta futbolaren ilusioa zabaldu zen Errealzale gipuzkoarren eta haratagokoen artean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: