Piano baten gainean (VII ): Hölderlin eta Uso Zuria
Gaztetan irentsi egin nituen, lankide xelebre batek gomendatuta, Friedrich Hölderlin-en “Poemas de la locura” liburuko poemak. Eta, zer diren gauzak, oraintsu aurkitu berri dut liburu zahar hura, orduko edizio elebidun eta latzean. Irakurri ditut berriro duela hogeita hamar urte hainbeste gustatu zitzaizkidan olerkiak eta, aizue, zirkinik ere ez. Artean poema liluragarriak zirenek ez didate gaur egun ezer esaten. Misteiyubak!
Baina kontua da liburuak hitzaurre luze eta sakona duela eta bertan aurkitu dut Uso Zuria kanta eta olerkari alemaniarraren arteko lotura.
Hölderlinen bizitzaren gorabeherak hortik zehar topatuko dituzue, hemen eta orain azken urteei erreparatuko diegu. Buruko gaixotasun batekin borrokan urteak eman ondoren, hogeita hamazazpi urte zituela garai hartako medikuek erremediorik gabeko zorotzat jo zuten eta heriotza hurbil zuela iragarri. Hölderlinek idatzitako "Hiperión" liburuaz liluratutako irakurle bat -fan bat- Tübingen-eko zurgina bera, poetaren egoeraz gupidatu, etxean hartu eta Neckar ibaiaren ikuspegi ederra zuen gela bat eskaini zion, olerkariak hondarreko uneak bertan eman zitzan. Hasieran hiru hilabeterako kontua zena, ordea, luzatu eta ia berrogei urtez (!!) egon zen gela hartatik irten barik. Bertan idatzi zituen “Poemas de la locura” haiek, “apaltasunez, Scardanelli” batez sinatu zituenak.
Idazten ez bazegoen, espineta izeneko musika tresna jotzen aritzen zen egunero, etengabe eta abesti berbera denbora guztian. Arretaz entzuten baduzue -hor behean duzue bideoa-, ohartuko zarete aditzen ari zaretena eta Uso Zuria abestia bat eta bera direla. Inoiz gaztelaniaz entzungo zenuten Campanita del lugar ume-kanta ere melodia bera da. Kanta, izatez, Ah! vous dirai-je, Maman da frantsesez, Twinkle, Twinkle, Little Star ingelesez eta Morgen kommt der Weihnachtsmann alemanez. Dirudienez, Europa osoan erabilitako melodia da, 1761 urtean lehen aldiz idatziz jasoa. Mozart-en doinutzat hartzen bada ere, konposatzaile alemaniarrak beheko bideoan entzun ditzakezuen hamabi bariazioak baino ez zituen egin. (*)
Espinetaz gain, Homburg-eko Printzesak oparitu zion piano bat ere jotzen omen zuen Hölderlinek, baina honi ia soka guztiak kendu zizkion eta hiru-lau sokako tresna hartan jotzen zituen, unean asmatutako inprobisazioak. Eta ez oso ederrak, antza.
Baina Tübingen-eko zurginaren eta ingurukoen pazientzia benetan agortzen omen zuena honakoa zen: ez zegoen kristaurik Hölderlin-i atzazalak moztuko zizkionik, harrapatu eta lotu beharra baitzegoen horretarako, eta, ondorioz, pianoa zein espineta jotzen zuenean nabaria eta desatsegina zen atzazalen zarata tekla gainetan.
Fredrich Hölderlin, piano baten gainean.
_____________________________________________________________________________
(*) Bah! Hamabi bariazioak baino ez… ;-P
Piano gehiago:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: