Epigenetika

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2014-03-16 21:51

 

          Genetikari esker dakigu begien kolorea edo sudurraren luzera, esaterako, emanak ditugula: guraso, aiton-amona eta aurrekoen bitartez lortuak ditugu zenbait ezaugarri, joera eta abar. Mendel gogoratzen? Bada, gu haren ilarren antzekoak gara: berdeak ala horiak, lauak ala zimurtuak.

          Hara non, ordea, datorkigun epigenetika afera argia zirudiena nahastera. Epigenetikari esker dakigu -inguruak eraginda, gehienetan- gene batzuk isildu egiten direla eta ondorioz gene horiek gobernatzen dituzten ezaugarriak ez direla izango hasieran behar luketenak. Lau hitzetan, ilar horia berdetu litekeela.

          Inguruaren baldintzak aldatzean, adibidez, aski ezaguna da arrain batzuek sexua aldatzeko duten erraztasuna.

          Elikadurak ere zeresan handia du: kakalardo espezie batzuetan eskura daukaten gorotzen kalitateak (*) harreman zuzena du kakalardo arren adarren luzeran. Eta, kasualitatea, emeek ar adar luzedunak nahiago, hobeto elikatu diren seinale baitira adar luzeak. Bikotea osatu ostean, emea lurpeko habian sartzen da eta arra, harro-harro bere adar handi eta distiratsuekin, sarrera zaintzen jartzen da atean. Bere emeari inor hurbil ez dakion. Honaino dena ondo, baina kontua da txarrago elikatu eta adar laburragoak dituzten kakalardoek portaera bitxia hartzen dutela: zuloa egin eta lurpetik sartzen dira emea dagoen habian, ar harro adar handi eta perfektuduna tronpatuz. Eta, jakina, emea estaliz (**).

          Zer esan nahi duen honek? Ez dakit.


____________________________________________________
(*) Ohar mentala: kakaren kalitatea kontzeptuaz hausnartu.
(**) Ze aditz itsusia sexu kontestuan, ezta? Estali, tapatu... :-/


Utzi iruzkina: