Babuinoak gara laino artean
Babuinoek hiru ordu baino ez omen dute ematen jatekoa lortzeko ahaleginean, lanean alegia. Horixe beren alde. Besterik da egunaren gainerako orduetan zertan ari izaten diren. Robert Sapolsky-k urteetan behatu dituenez, ondo daki zertan: elkar izorratzen. Aitortu du inoiz Sapolskyk babuinoak gorrotatzera ere heldu dela jarrera hori dela eta. Kontua da hierarkia zorrotzaz antolatzen dituztela euren taldeak tximino ipurdi gorriok, eta hierarkiaren kate guztian zehar goikoak etenik eta gupidarik batere gabe jazartzen dituela bera baino beherago daudenak. Goikoekin dituzten haserreak behekoek ordaintzen dituzte, odolez askotan, ez baitituzte alferrik hamabi zentimetrorainoko letaginak. Ondorioz, babuinoa zenbat eta hierarkian beherago, orduan eta estres handiagoa izango du. Bestelako ondoriorik ere atera du Sapolskyk, esaterako babuinoen osasuna ere etu lotuta dagoela betetzen duen postuarekin. Asmatu duzue: beheko mailakoek dute osasunik makalena, bizi dira gutxien.
Britainia Handiko funtzionarioen artean langileen estresa neurtzeko ikerketa egin dute, nagusiek ala menpekoek, zeinek duten estres mailarik handiena jakin nahirik. Datuen arabera -berriro asmatu duzue, zuek bai azkarrak!- maila apalekoek erakutsi dute estres handiena.
Sapolsky animalietan aditua da, baina ausartu egiten da autolaguntzaren eremu labankorrean ere aholkuak ematera: Dio Sapolskyk: lana ez ote dugu gainbaloratuegi? Askoz gehiago inporta zaizkigun beste jarduera batzuetan -herriko taldeetan, familian, kirolean...- zoriontsu eta gogobeteta gabiltza, maitatuak sentitzen gara? Ba, horretan buru-belarri eta lanekoari garrantzia kenduz lortuko dugu estres maila jaistea. Eta -diot nik- zoriontasuna, sikieran une laburrez, dastatzea; bestela, zer egiten dugu hemen?
__________________________________________________________________________________
P.S.: Aspaldiko ezaguna, Robert Sapolsky, hemen ezagutu genuen Punset-en txakurrarekin batera. Eta estresaz jakin daki, gero!
Iruzkinak
Markos Zapiain 2014-03-10 12:26 #1
<p>Jozulin, ez naiz gai Twitterrari merezi bezala heltzeko, babuino hiperrestresatu bat bihurtuko nintzateke; aurten egokitu zaizkidan ikasleak izugarriak dira, gizateriaren etorkizunari dagokionez itxaropentsu izateko modukoak, baina oso exijenteak klaseen kalitatearekin, eta orduak eta orduan pasatzen ditut prestaketa lanetan; oso gustura, hori bai, ikasleek badakite-eta lana balioesten eta onespena adierazten. Edozelan ere eskerrik asko eta besarkada bat. </p>
Utzi iruzkina: