Punset-en txakurrarena

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2012-07-12 10:54

        

         Txakurra izan duen edonork daki zenbat salto, jirabira eta dantza egiteko kapaz den txakur bat janariaren platerarekin azaltzen ikusten gaituenean. Gero, sarritan, behin jana lurrean eta bere esku -aho- utzita, zenbatetan ez ote du txakurrak usain-usain egin, miazkatu agian, eta geroko utzi. Harritu egiten gara gu: ez zen, bada, hain gose? 

         Eduard Punset eta Robert Sapolsky-k ere gogoratzen dute hau elkarrizketa honen amaiera aldera: Pastora, Eduarden txakurra, zoriontsuagoa dela jana lortzeko zorian dagoenean, platerean, musturraren aurrean duenean baino; dopamina -plazerarekin estu lotutako hormona- saria lortzeko atarian jariatzen da, ez gero.

         Gehiago ere badago, Sapolskyk eta bere laguntzaileek saguekin egin dituzten saioetan konturatu dira badela beste aldagai funtsezko bat: ziurgabetasuna. Saria, janaria, lortzeko aukera %75etik gorakoa -ia beti- edo %25etik beherakoa -ia inoiz ez- denean, saguen dopamina maila ez da hain altua. Baina janaria erdiesteko aukera %50en inguruan badago... dopamina maila inoizko mailarik altuenera heltzen da. Helburua lortuko ote dugun aukera badugunean, baina aukera hori erabatekoa ez denean egiten gaitu dopaminak zoriontsuen.

         Zoriontasuna, beraz, zoriontsu izango garen itxaropenean dago; zorionaren atarian dagoela zoriona, alegia. Ondorio interesgarria, inondik ere. Bereziki, oporrak hartzeko zorian gauden urte garai honetan.




P.S.:  Baliteke Pastora, Punseten txakurra, Baikal, aspaldiko Paulov-ena, baino famatuagoa izatera heltzea, ezta?
Bestalde, biziki gomendatzen dizuet elkarrizketa osoa irakurtzea: hainbeste kontu interesgarri depresioaz, estresaz, genetikaz... Egin jaramon Jozulinen aholkuei eta irakurri, merezi du-eta. ;-)
Gainera, Robert Sapolskyren ikerketa mamitsu batzuekin egin dut topo, hau esaterako; eta uda honetan irakurriko ditudan liburuen artean hau ere egongo dela uste dut.

          




Utzi iruzkina: