Danborradarekin Gorlizen
Danbor hotsekin bat eginik jo zuen Ustekabek Gorlizen, beste hamaika talderen presentzia izan zuen kalejira batean.
Espero baino ordubete gehiago behar izan genuen Gorlizera iristeko. Ordainez, Lemoniz inguruan txango kulturala egin genuen Javier Zorrakin mikrofonoan genuela. Egia esan, ez zen oso didaktikoa izan, baina zentrala metro eskas batzuetara ikusteko aukera izan genuen gutxienez.
Behin Gorlizen dena prest genuela indarrez jotzeko meriendatxoa jan eta lehen notak jotzen hasi ginen. Koadrilen jeitsiera egin genuen Tatiago, Diana, "Au dek au" eta beste hainbat piezekin. Publikoa gero eta handiagoa zela nabaritu nuen. Jendetzaren artean gindoazen kale erdi-erditik danborrada melodiak bizkaialdetik sakabanatuz.
Izugarria da kalejira honetan parte hartzen duten taldeen kopurua, eta baita kalitatea. Eibarko Danborrada eta Ustekabe Fanfarreaz gain, hainbat koadrila zeuden bere karrozekin, hainbat txaranga (tartean Elgoibarko Mauxitxa), perkusio taldeak, karro baten gainean zihoan banda txiki bat, txistulariak (tartean Usartza Txistulari Taldea), gaiteroak eta abar luze bat.
Eibarren pentsaezina den ekitaldia dela entzun nuen. Baina et, et, et. Zergatik? Aldapa kontua bada Estaziotik Untzagara egin daiteke. Duela urte t´erdi fanfarre honetatik egin genuen ba ahalegin bat beste elkarteekin elkarlana sortu eta jaiei bultzada emateko, eta hortik sortu zen Koadrila Batzordea. Kodrila mugimenduari hegan egiten uzten badiogu, hori "pentsagarria" izango da urte batzuk pasata.
Baina tira. Kontua da Eibarko Betikuakeko Txus Bustundui eta Germán Sánchez-ek emozioz ikusten zutela kalejira, halakorik ikusten duten lehen eta azken aldia balitz. Gorlizen ikusitakoarekin badugu zeregina Eibarren.
Kalejira osoa ikusi eta berriro ekin genion jotzeari Juan Mari Lejardi "Pastor" zuzendari genuela. Kainoia eta eskopetak ez ziren faltatu eta ezta Pantxika gure astoa ere ez.
Astoari dedikatutako "Pantxika" martxa, Donostia, Eibarko Herria, Mutriku, Deba, Pastelero, Dira dira... errepertorioari errepaso ederra eman genion.
Afalosteko giroa ere aipagarria. Eibar Kantuz Kantu. Arrateko Ama barne. Hor bai, gu izan ginen Gorliztarrak harritu genituenak. Denak guri begira.
Jarraian herrira itzuli ginen. Taberna guztiek musika kalean. Giro ederra. Hara, Eibarko beste defizit bat.
Tira, jaien antolakuntzan saltseatzen aritzen den tipo batentzako aktuazio interesgarria duda barik. Baina edozein musikarirentzako ere gozatzeko (eta pixka bat nekatzeko) aktuazioa. Datorren urtean, berriro. Hori espero dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: