Cipriano Cano
1917ko maiatzaren 10ean jaio zen Arredondon, Kantabriako ekialdean dagoen lurralde zoragarri batean. Ason ibaia ere bertan jaiotzen da. Oso leku berezia da bere lehenengo metroetan 70 metroko urjauzia sortzen duelako. Ason ibaiak oso bailara aldapatsua eta estua osatzen du. Mendizale, eskalatzaile eta espeleologoentzat leku aproposena, alegia.
Bertako jendeak abeltzainak ziren batik bat. Ciprianoren familiak ere behiak, ahuntzak eta zaldiak hazten zituen. 4 anai-arreba zituen: Saturnino, Valeriano, Consuelo eta Manuela. Seme-alaben artean zaharrena izanda, berari zegokion haziendako lan gehiena egitea. Beraz, ezin izaten zen beti auzoko eskolara joan. Hori zela eta, 14 urte bete zituenean alboko herrira gaueko eskoletara joan behar izan zuen ikasketak burutzeko.
Bere aitak, Alberto Canok, udaletxean jarduten zuen errepublikanoek 1936ko hauteskundeak irabazi zituztenean. Denok dakigunez, nazionalak ez zeuden ados emaitzarekin eta Frente Popularraren aurka altxatu egin ziren.Izan ere, gerra zibila hasi zen eta Espainia bitan banatu zen.
Gau ilun batean frankistak sartu ziren haien etxean eta aita-semeak preso eraman zituzten. Amak, oso kezkatuta, nazionalzalea zen lehengusu batengana jo zuen laguntza eske. Lehengusua ahalegindu zen haiek askatzen. Hala ere, ez zuen guztiz lortu: semea, gaztea zelako, aske uztea lortu zuen, baina aita, errepublikano ezaguna izanda, tiro batez hil zuten hilerriaren aurrean.
Aita hiltzeak familia osoa atsekabetu zuen eta eragin handia izan zuen haien bizitzetan. Horrenbestez, handik bi hilabetera semeek izena eman zuten errepublikanoen bandoan. Cipriano Bizkaia osoan aritu zen eusko gudariekin batera mendiak defendatzen, eta komunikazioak errazteko telefono-kableak jartzen.
Eibartar eta zarauztar famatuak ezagutu zituen mendiz mendi zebilela: Mazkiaran, Garitano, Arrate eibartarrak lagunak zituen. 1937ko apirilaren 26an, esaterako, bere laguna Jose Ramón Arrate Olaizolarekin, (denborarekin Zarautzen abokatu izango zena) Oiz mendiaren magalean telefono-hariak jartzen ari zirenean, Ciprianok hegazkin hotsak entzun zituen haien posiziora gerturatzen. Korrika eta oihuka hasi zen bere laguna lagunari abisatzeko, Jose Ramon babesgabe zegoelako. Zorionez, zuhaitz baten azpian ezkutatu ziren eta hegazkinak ez zituen ikusi. Baina hegazkinaren helburua ez ziren haiek, Gernika baizik. Haien babeslekutik bonbardaketa ikusi zuten, sinestezina zirudien ikusi zuten sarraskiak. Hiria suntsituta eta jendea mendien gailurretara igota; ihesika. Bigarrengo aldiz heriotzarengandik ihesi zuen, baina peajea ez zen doan izan.
Gerra amaitu ostean, herrira itzuli zen eta betiko neska-lagunarekin, Adelarekin, ezkondu zen. Familia berriaren etorkizuna bermatzeko hain ondo ezagutzen zituen lurrak eta lagunak aukeratu zituen, gerra garaian harekin ibili eta lagun minak bihurtu zirenak, lagun eibartarrak, alegia. Eibarren baserri handia alokatu zuten, Kantabriatik ekarri zituzten esne-behiak eta baserriko produktuak (esnea, arrautzak, oiloak) ekoiztu zituzten.
Ciprianok eta Adelak hiru alaba izan zituzten eta baserrian hazi ziren zoriontsu. Neskek ere gogor lan egin zuten baserrian eta esnea banatzen zuten egunero klasera joan baino lehen. Neskak hiru gizon langilerekin ezkondu ziren. Bata Burgosekoa, bigarrena bilbotarra, hirugarrena kantabriarra. Bost biloba izan zituzten. Bere ondorengoei bizitzan ikasi zuena irakatsi zien: lagunen eta familiaren balioa, negozioetan seriotasuna eta ikasketak burutzearen garrantzia.
Baina heriotza bere atzetik zebilen artean, eta gerrak ezin izan zuena, gaixotasunak egin zuen. 63 urterekin hil egin zen bizitza zoriontsua igarota.
Niri, aitonak irakurtzen irakatsi zidan eskolaratu baino lehen, behiak jezten eta errapeetatik bertatik esnea edaten ere irakatsi zidan. Nik neure kabuz behien gainean igotzen ikasi omen nuen, baina horrek ez zion graziarik egin nire familiari. Egun zoriontsu horietatik bi irudi eta usain betiko gogoan geratu zaizkit: amonaren sanblasak eta aitonak berriki moztutako belarraren usaina.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: