Bihotza ala burua
Churchillek esan omen zuen: 20 urterekin ezkertiarra ez bazara, ez duzu bihotzik. 40 urterekin eskuindarra izan ezean, ez duzu bururik. Honen harira, berriki galdutako lagun minak aipatu ohi zuen esaera ere ondo datorkio gaurko gaiari: Nik bihotza ezkerrean dut, baina poltsikoa… eskuinean.
Bihotza eta burua, beti elkarren aurka.
Azter ditzagun bi jarrerak. Ezkertiarra izatea, orokorrean, herritarren alde jartzea da. Izan ere, ezkerrak sektore publikoari ematen dio lehentasuna. Oinarrizko beharrak bermatzen ditu: osasuna eta hezkuntza herritar guztientzat, etxebizitza eta lan duinak. Langileak eta eskubide sozialak defendatzen ditu. Komunismoa, laikotasuna, aurrerakuntza eta liberalismoa dira aldarrikatzen dituen beste balore batzuk. Ezkerraren puntu ahulak hauek izan daitezke: behartsua laguntzean alferra ere laguntzen dute edo ekonomiari ez diote nagusitasuna ematen.
Eskuinak, aldiz, ez du hain ospe ona. Honek sektore pribatuari ematen dio lehentasuna. Enpresariak eta boteretsuak laguntzen ditu. Defendatzen dituen balore batzuk kutsu negatiboa daukate: erlijioa, tradizioak, indibidualismoa, kapitalismoa. Beste balore batzuk, aldiz, baikorragoak dira: norberaren askatasuna eta segurtasuna, esaterako.
Praktikan, ikusten ditudan desberdintasun bakarrak hauek dira: Laikotasuna vs erlijioa, aurrerakuntzak vs tradizioak. Beste kontu guztietan, ezkerrak zein eskuinak berdintsu gobernatu dute Espainia. Biak saiatu dira sektore publiko potoloa izaten, oinarrizko beharrak bermatzen eta eskubide sozialak defendatzen. Baina biek benetan lortu dutena izan da alperrak saritzea eta desberdintasunak areagotzea, hau da, boteretsuak laguntzea eta herritarron eskubideak zapaltzea. A!, eta gure dirua xahutzea, horretan ere ados jarri dira bi alderdiak.
Maiatzaren 25ean Europako hauteskundeen emaitzak harrigarriak izan ziren. Lehenengo aldiz bi alderdi nagusien botoak elkarturik ez ziren %50era iritsi. Hori ez zen inoiz gertatu eta nire ustez oso itxaropentsuak dira emaitza hauek hurrengo hauteskundeetara begira.
Aldaketa horren eragile nagusia Podemos-Ahal dugu alderdi berria izan da. Onartu behar dut hauteskundeen emaitzak plazaratu baino lehen ez niola alderdi honi erreparatu. Podemosen mezua iraultzailea bezain inuxentea da. Alde batetik, niretzat logikoak diren gauzak aldarrikatzen ditu: errepublika, erreferendumak, ustelkeriaren kontra borrokatzea, gehiegizko soldatak jaistea, guztion dirua ez xahutzea, langileen eskubideak defendatzea... Beste alde batetik, programako zenbait puntu betetzeko zailak dira, eskuiniekoen esanetan, neurri populistak dira: bidezkoa ez den zorra ordaindu nahi ez izatea eta boteretsuen onarpenik gabe gobernatzea, besteak beste.
CIS-en inkestaren emaitzek diote Podemos/Ahal dugu dela lehen indarra botu zuzenean. Hau da, hauteskundeak bihar egingo balira Ahal Duguk irabaziko lituzke. Baina, hemendik urtebetera egingo direnez eta beste hainbat aldagai kontuan hartuta (beldurra edo boteretsuen presioa) CISek PPri ematen dio garaipena.
Dena den, Podemosen gorakadak alderdi guztiak izorratu ditu. Eskuinekoak haserre daude ezkerraren botoa izugarri hazi delako. Eta ezkerrekoak ere urduri daude ezkerreko botoak banatzen direlako eta Podemosek lekua kendu diezaiekeelako.
Horregatik, alderdi guztietako ahotsak altxatu dira Podemos alderdiaren kontra egiteko. Honelako gauzak leporatzen dizkiote: Venezuelako diktaduraren laguna izatea, Pablo Iglesias matxista izatea, edo ile-motots itsusia eramatea. Gaur bertan diru beltza kobratu izana leporatzen diote Pablo Iglesiasen enpresa bati. Eta atzo, Espainiako enpresa handienetako buruzagiak batu ziren PP eta PSOE-ri Podemosen aurkako koalizioa egiteko eskatuz. Edozer ekintza da zilegi Podemos boterera hel ez dadin.
Datozen hilabeteak oso interesgarriak izango direla pentsatzen dut. Ez dakigu nolako gobernariak izango diren Podemosekoak, edo boteretsuen eta dirudunen aurka gobernatzea bideragarria izango den, baina, txarto goberatu duten alderdiei boterea kendu behar diegu, hori garbi daukat.
Pablo Iglesias eta Podemos, boterera helduko dira ezer berezirik egin gabe, oraingo gobernarien gaitasun ezari esker, besterik ez.
Pablo Iglesiasi buruz ezer gutxi dakigu: ondo prestatuta dago, hitzjarioa du eta teknologiak ondo menperatzen ditu. Oraingoz nahikoa da, baina boterera heltzen bada (edo denean) askoz gehiago frogatu beharko du.
Espainiako politikak ez du ez hanka, ez buru. Espero dugu bihotza izatea, behintzat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: