ACNUR, seinale igorlea

ilargiarenjakinmina 1456147824642 Jakin-mina eta ilargia... | 2015-02-12 00:00

Nik normalean ez dut seinaletan sinesten, baina bizitzan noizbehinka kasualitatetik haratago doazen gertaerak jazotzen zaizkigu.

Nik hizkuntzak ikastea oso gustuko dut. Interneten oso erraza da ingelesa praktikatzeko filmak aurkitzea. Gnula.nu da gehien erabiltzen dudan webgunea. Bertan film ugari dago, gaika sailkatuta daude, eta gainera, nahiko berriak eta kalitate onekoak izaten dira.

Kontua da atzo ikusi nuela film interesgarri bat. The good lie (Gezur ona) izenekoa. Film honek Hegoaldeko Sudaneko egoera latza islatzen du. Gerra Zibilaren ondorioz, sudandar askok haien etxeak eta bizimodua atzean utzi behar izan zituzten. Aipatzekoa da benetako istorio batean oinarrituta dagoela filma. Izan ere, protagonistak benetako errefuxiatuak eta gerra-umeak izan ziren txikitan. Herriko gazte eta ume gehienak abereak zaintzen herritik at zeudenean, gerlariak heldu ziren haien herrixkara.  Gazteak, ikaraturik, ezkutatu ziren; baina distantzian sarraskia, tiroak eta oihuak entzun zituzten. Soldaduek heldu guztiak hil zituzten, eta gazte batzuk gerra-ume izateko eraman zituzten.

Protagonistaren anaia ere preso hartu zuten. Nahiz eta galdetu zioten, ez zuen aitortu non zeuden bere anai-arrebak, eta berari esker ihes egitea lortu zuten. Horrela hasten da gazte hauen epopeia. Basamortua gurutzatu behar izan zuten eta Etiopiara heldu ziren. Hala ere, Etiopiatik bidali zituzten artatzeko lekurik ez zegoelako; azkenean, Keniako errefuxiatuen kanpamentu bateraino ailegatu ziren.

Gazte hauen gorabeherak ibilbidean, kanpamentuan, eta ondoren, Estatu Batuetan, oso era hunkigarrian kontatzen dituzte film honetan. Afrikako kultura idealizatua eta haientzat ezaguna ez zen Estatu Batuetako hipokresia oso dotoretsu konparatzen ditu filmak. Hala eta guztiz ere, bi munduetako alde onak ere agertzen dira filman. Adiskidetasuna, senidetasuna, justizia, maitasuna… sentimendu horiek guztiak edonon daude pertsona egokiak topatuz gero.

Bihotzeraino heldu zitzaidan gaia.

Hurrengo egunean, senarra eta biok Zarauzko kale nagusitik paseatzen ari ginenean, ACNUR Afrikako errefuxiatuak laguntzen dituen GKEko ordezkari bat topatu genuen. Berak erakutsi zigun nola neurtzen dituzten umeen besoak malnutrizioa daukaten jakiteko, eta ze gutxi balio duen proteinaz betetako dosia umearen bizitza salbatzeko.

Bere zintzotasunak ereindako hazia ureztatu zuen. Denok batera lan eginez gero, espero dugu frutu mamitsuak jasotzea eta beharrean daudenek gozatzea.

Seinaletan sinesten ez dudan arren, edonon daude. Begiratzea besterik ez dugu egin behar haiek antzemateko.


Utzi iruzkina: