Bizitzarako asmoak
Dagoeneko 2015.urtea heldu zaigu. Neska polita diote 15 zenbakiari, alaba bezain polita.
Urtero, geure buruari egiten dizkiogu proposamenak. Bizitza berria bizi nahi dugu, bizitza hobea, osasuntsuagoa, solidarioagoa eta betea. John Lennonek aipatzen zuen moduan: "Bizitza da gertatzen zaiguna, beste plan batzuk egiten ditugun bitartean"
Plan horiek guztiak ez ditugu betetzen, izan ere, batzuk bidean geratzen dira. Batzuen ustez, alferrik da xede berriak jartzea, gero betetzen ez baditugu. Gainera, betetzen ez ditugunean, etsipena sentitzeko arrisku gehiago dago. Besteon ustean, ni barne, mesedegarria da urtero zure jomugak berrikustea. Pasa den urtearen gorabeherak errepasatu behar ditugu ea zerbait hobe dezakegun. Helburua da beti aurrera egitea. Beharbada ez ditugu egitasmo guztiak beteko, baina, betetzen ditugun horietaz harro sentitu behar dugu.
Zoritxarrez, bidea ez da beti xamurra, bere oztopoak baititu. Arazorik izanez gero, lasai hartu behar ditugu, baretzeko denbora nahikoa eman behar diogu geure buruari eta ahal dugunean, iragana atzean utzi eta berriro bideari ekin.
Erretzeari uztea, ariketa gehiago egitea, argaltzea, osasuntsu jatea, ikasketak burutzea edo ikasketa berriak hastea, familiarekin harreman hobea edukitzea, seme-alabengandik gertuago egotea, bidaiatzea, lagunak kontuan hartzea, loteria tokatzea... hauek dira urte berrirako izaten ditugun desio nagusiak.
Nire kasuan, adibidez, aspaldi utzi nuen erretzeari, nahiko osasuntsu jaten dugu etxean, daukadan pisuarekin pozik nago, gustuko ditudan ikasketak egiten ari naiz azken urteotan, familia ondo moldatzen da eta seme-alabak oso alai hazten dira. Horrez gain, aisialdia eta lana ondo uztartzen ditut eta lagunekin egoteko uneak bilatzen ditut astero. Gainera, urtero bidaia interesgarria eta kitzikagarria egiten dugu mundua ezagutzeko grina asetzeko. Ariketa egiteari dagokionez, horretan ez naiz inoiz oso zalea izan, baina egunero 7 kilometro egin behar dituen txakurra edukita, arlo hori ere gaindituta dudala uste dut. Bukatzeko, loteria irabazteak ez dut uste nire bizitza hobetuko lukeenik.
Beraz, denetik edukita, zer eskatuko nioke urte berriari? Ezer gutxi. Osasuna? Ondo legoke, baina eskatzearekin ez dut uste ezer konponduko denik bere kabuz. Zortea? Harrokeria dirudien arren, ez ditut behar. Egia esan, ez dut patuan sinesten. Nire ustez, nik garatzen dut nire patua, nik hartzen ditut “zortea” edukitzeko erabakiak. Izan ere, bizitzan lortzen duzuna zure erabakien ondorioa da. Umiltasuna, lana, adiskidetasuna, ohitura osasuntsuak, jarrera egokia, ikuspegi zabala... horiek dira behar ditugun “zorte” guztia. Eta bidea okertzen bada, noizbait okertuko baita, altxatu eta jarraitu, beste biderik ez dugu izango.
Zerbait eskatzekotan, nire bizitza dagoen bezala jarrai dadila eskatuko nioke etorkizunari. Daukadan ezagutzeko grina gal ez dadila. Hau da, inguruan dauzkadan pertsonengandik ikasi eta, aldi berean, urruti dauden pertsonen kulturak ezagutu nahi ditut. Munduan gertatzen den guztia ezagutu nahi dut, prozesatu eta barneratu. Zuzena eta okerra bereizten jakin nahi dut. Eta bidezkoa ez dena, nire neurrian, zuzendu. Ez dira helburu makalak, baina betetzeko bidean gaude, bidea baita bizitza.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: