Tim O´ Reilly, Really!

ilargiangaldurik 1456147821437 Ilargian galdurik | 2006-10-22 06:36
1

Aste honetan,  gure bloga elikatu dezagun, Joxe irakasleak  Berrian agerturiko Tim O´Reilly-ri buruzko elkarrizketa bat  irakurtzera gonbidatu gaitu, gero, honen inguruan gure iritzia plazaratu dezagun.

 Elkarrizketak  Web 2.0-ren gaia jorratzen du, Tim O´Reilly-k  ausart eta argi erantzuten zituen galderak, ez zien beldurrik  kazetariaren hitzei; baina, bukatzeko, irakurleak hasieratik hitzen oihanean  bilatzen zuten galdera, isilpeko basapiztia, edozein momentuan erasotzeko prest: “Zein da hizkuntza minorizatuen eta herrialde txikien tokia etorkizuneko Internet horretan?”; Tim O´ Reillyk  piztia-hezle trebea izan zen, doinu gozoko hitz leunen bitartez, piztia lokartu zuen eta airoso samar ateratzea lortu zuen , beti ere anbiguotasunaren uretan igeri eginez.

 Nik, ordea, mundu publikoan nire anonimotasuna ematen didan askatasunaz baliatuz, piztiari aurre egitea erabaki dut; nahiz eta Tim O´Reilly bezalako  aditu baten gogoeta  kontuan hartzekoa da, baina, galdera  hau, euskaldunok, geure buruari egin beharko genioke, geuk baikara hizkuntza minorizatu baten hiztunak, eta beraz, honen  erantzuleak. Erantzuna ezin dugu bilatu kanpo faktoreetan oinarrituta, ezin ditugu besteak  gurea den zerbaiten erantzuleak bihurtu, ezin gara gortina mardul baten  atzean ezkutatu eta  txepelduta etorkizunari begira geratu; Etorkizunaren trenaren gidariak bihurtu behar gara eta  guk nahi badugu euskarak Web 2.0-n bere tokia izango du, blogari batek  euskaraz idazten duen bitartean,  euskarak bere lekua izango du.

 Egia da ez dugula  interneten beste hizkuntza batzuek duten moduko lurraldea zabala  izango, baina, ezin dugu beti guk ez duguna  gutiziatzen egon, bide horretatik ez goaz inora; guk, lurralde txikia izango dugu, baina, bitxikeriaz eta altxor ezkutuz betea, bere  printzesa ezti eta sorgin maltzurrekin. Azken finean paregabea, edozein beste hizkuntzaren lurraldea bezala, guztiak baitira ezberdinak eta  baliagarriak. Gora hizkuntz aniztasuna! 

 

 

Joxe Aranzabal

Joxe Aranzabal 2006-11-11 14:21 #1

Hausnarketa interesgarria eta ondo bilbatua. Zorionak!<br />


Utzi iruzkina: