Aitxitxa baten Marcialonga

Alberto Ibiltarixanak | 2015-01-25 00:00
1

Goiz jeiki gara, 6:30etarako. Ni azkena izan naiz, beti bezala. Hauen ezin egona nabaria da. Gosarian ez dabil jende asko. Eskandinaviarrek ez dute gosaltzen ala? Gelara itzuli eta eguneko gauzarik inportanteena egin behar dugu: kaka. Ez da giro gure komunean. Txanda hartu ezinda gabiltza.

Traste guztiak hartu eta martxa. Eskiak eta botak atzo eraman genituen irteerara; baita arropen poltsa ere. Beraz, ia esku hutsik goaz. Beste guztiak eskiak eskuetan eta botak jantzita. Hasieran behintzat asmatu dugu. Moenako erdigunean daude irteerara garamatzaten autobusak. Sekulako hilara dago autobusetan sartzeko. Bosgarrenean sartu gara eta 8:00etan abiatu da. Lasai, 9:00etan da lehenengoen irteera eta gurea 9:40etan.

Trafiko handia dago bidean eta 8:45etan iritsi gara Mazzingo irteerara. Martin eta Marisa zain dauzkagu autokarabanan. Onenen irteera ikusi dugu urrutitik eta presaka, botak jantzi, eskiak hartu eta irteerara goaz. Poltsan sartu ditugu helmugan aldatzeko arropak. Hau da hau estresa. Hasi naiz nekatzen.

Hemen aitxitxa asko daude. Gure taldean ere denok gara (Eliseo ia-ia) eta Marisa ere amama da. Bilobak etxean utzi ditugu baina gure ametsa da egunen batean bilobak eta gu elkarrekin hemen izatea. Ea ba hemendik hamar urtera Peru eta biok irteeran gauden.

Gure poltsak moreak dira eta dagokien kamioian utzi ondoren, bagoaz irteerako puntura. Gure dortsalak 5.000 taldekoak dira eta gure taldean jarri gara. Taldeak hesien bitartez bananduta daude. Saldi karrera ematen du honek. Hala ere, ez dugu galdu umorea eta argazkiak ateratzen gabiltza. Gu irten orduko ia 10:00ak dira. Multzoka irtetzen da eta nahiko lasai goaz. Ni Eliseo eta Gabrielen aurretik noa. Ibilbideak goruntza egiten du Canazei pasa arte. Nire lerroan noa baina hasi da jendea aurreratzen eta ni ere lerrotik lerrora noa, nire lekua aurkitu nahirik. Lasai, Alber, lasai, gero ere bajaok pasatzeko astixa eta! esaten diot neure buruari.

Tartean igoera txiki batzuk eta jeitsiera gogorrak ere bai. Igoeretan denok pilatzen gara eta jeitsieretan lurrera joateko arrisku latza. Jeitsiera gogor batean aurreko biak erori dira eta ni euren atzetik. Ez da gertatu ezer larririk eta azkar altxatu naiz, atzekoak gainera etorri baino lehen. Hurrengo jeitsiera arriskutsuan onik atera naiz, ozta-ozta, erori gabe.

Pozza di Fassan lehen anoa postua. Te beroa edan eta aurrera. Oraindik goiz da zerbait jateko. Txixa egiten gelditu naiz baztarrean eta berrogei bat lagun pasa dira bitartean. Hori dok hori daukazuen presa! Lasai, laster harrapatuko zaituet eta.

Moena baino lehen bi igoera eta beste pare bat jeitsiera arriskutsu. Lehen gertatua errepikatu da: aurrekuak erori eta ni ere lurrera euren gainera. Hemen ere onik atera naiz. Une batean pentsatu dut makila puskatu zaidala baina tira, zortea izan dut. Makila zatiak lurretik dabiltza eta ez da harritzekoa. Bigarren jeitsiera labana da eta oso arriskutsua. Batzuk eskiak kendu eta oinez doaz. Nik ez daukat horretarako aztirik. Kontuz! Banajoiak eta! Ahal bezala baina eskien gainean sartu naiz Moena herrian. Eskerrak!

Hemen ere tea edan eta okaran pasak jan ondoren aurrera noa. Hemendik aurrera jeitsiera polita dago Predazzo herriraino. Hemen elkartzekotan gelditu gara. Bitartean edan eta jan: Enervit, tea eta txokolatea okaran pasekin. Besteak ez dira ageri. Bost minutu pasa dira eta kezkatzen hasia naiz. Elkarren atzean etorriko ginela uste nuen. Martin eta Marisak hemen bukatzen dute Marcialonga motza. Zortzi minutu pasata Gabi eta Eli ez datoz. Ea pixa egiten nengoela pasa diran! Halakoetan nabilela aurrera egitea erabaki dut. Abiadura jeitsi dut piskat, atzetik badatoz harrapatuko nautelakoan.

Oraindik 30 Km falta dira. Hainbeste? Badirudi krisi txiki bat pasatzen ari naizela. Askok pasatzen naute. Ezin ditut ahaztu lagunak baina aurrera egin behar dut, auskalo non dauden eta. Beherantza ondo doaz eskiak nahiz eta eman eta eman egin behar. Gero Teseroko eski pistara iritsi gara. Hemen ere edan eta jan zerbait, indarrak berreskuratzeko. Aurrekoak azkar doaz eta atzekoak ere bai. Laster 14 Km falta direla jartzen du. Bueno, ez dira hainbeste, eta animatzen hasi naiz.

Behera goazela aurrekoak gorantza datoz eskubitik, baina asko kostatu zaigu itzulbidera iristea. Tira, 7 Km falta dira eta banoa aurrera pozaren pozez. Eskiei eman eta eman eta halako batean 4 Km jartzen duen kartela. Makauen, hau egina zeok. Laugarren martxa sarrtu dut eta hasi naiz jendea aurreratzen. Laster azken aldapa luzearen hasierara iritsi gara. Hemen eskiei argizaria emateko postuak daude, aldapa erosoago igotzeko. Aurrera jarraitzeko zalantza piskat izan dut baina azkenean eskiak kendu eta argisaria eman diete.

Azken aldapa hau luzea da: 2,5 km dauzka. Jendea poliki doa. Azken zatian lasaiago etorri naiz eta erreserba daukat depositoan. Indartsu hasi dut aldapa eta pauso arinean noa, jendea pasa eta pasa. Azken zatia ez da hain gogorra eta aurrekoek azkartu egin dute pausoa, baina baita nik ere. Egurrean iritsi naiz helmugara. Bost ordu azpitik markatzen du helmugako erlojuak. Sailkapenak hemen. Espainiarren artean bigarren egin dut baina honek ez dauka inongo meriturik. Katalanak eta euskaldunak gaude bakarrik baina antolatzaileentzat espainiarrak gara nonbait. Ea hurrengoan euskaldun bezala azaltzen garen. Ez nuen uste eta pozik nago, indartsu bukatu dudalako. Etxekoak etorri zaizkit gogora eta emozio piskat sartu zait gorputzean. Biba zuek! Batzuk bilobak besoetan hartuta sartu dira. Nik Peru eta Elene lagun ditudala bukatu nahi dut egunen batean.

Eliseo eta Gabi ez daude hemen. Atzetik izango dira orduan? Zain gelditu naiz. Minutuak aurrera doaz eta ez dira ageri. Berriz kezkatzen hasi naiz eta hoztutzen ere bai. Halako batean helmugan dira biak eta hirurok elkartu gara argazkirako. Pozik datoz. Nik ez nekien baina irteeran ni baino beranduago atera omen dira eta bidean ez gara elkartu.

Medaila bana jarri digute eta arropen poltsak hartu ondoren zerbait jatera eta edatera. Autoa gertuan daukagu eta bertan dutxatu beharrean hotelera joatea erabaki dugu. Ni hotzez nago, berotu ezinik. Geldi egoteak ez dit mesederik egin. Arropa bustiak kendu eta lehorrak jantzi ditugu kalean bertan. Gu bakarrak ez gara. Beste neska-mutil batzuk berdina egin dute gure ondoan, ez dago beste aukerarik eta.

Hotelera bidean animatu gara bakoitzak bere pasadizoak kontatuz. Aurtengoa azkena? Galdetu dut. Ez dago erantzunik. Ez da momentua hori galdetzeko. Auskalo! Hotelera iritsi eta dutxa beroa hartu ondoren garagardo bana gelan bertan. Laster afaria daukagu baina beste garagardo bana tabernan afal aurretik edan dugu. Piskanaka badator gorputza bere onera. Afari ederra jan eta lotara goaz. Bihar goizean como nuevos. Vaya huevos!

kaaaa

kaaaa 2015-02-14 20:11 #1

<p>Aupa &nbsp;Aitxitxa, ia Perurekin hau egitera heltzen zaren</p>


Utzi iruzkina: