Egunkariak debalde

hijosdelangelgorria 1456147634071 hijosdelangelgorria | 2009-04-23 12:16

Azkenaldian dohainik diren egunkariak ugaritu egin dira gure kaleetan. Metro geltokietan, bus paradetan, plaza jendetsuenetan; leku garrantzitsu guztietan. Izen desberdinekin (Metro.....) ezaugarri komun bat daukate; hedabide talde garrantzitsuak daude atzean, Vocento kasu.

8–10 orritan ez da lekurik informazio askorako baina albiste garrantzitsuenak jasotzen dituzte; titulu eta piramide aldrebestuarekin aski. Dena labur-labur futbola eta prentsa arrosa ez ezik. Gure artean dauden tabloid hedatuenak dira. Negozioa non ote dagoen ez dakit baina gero eta gehiago daudenez profita nonbait egon behar da.

Larunbatean blai-blai eginda nengoela egunkari hauetaz oroitu nintzen. Ez horrelako bat eman zidatelako; eskuartean orri gutxiko beste bat izan nuelako baizik. Hau ezberdina zen; euskaraz idatzita, publizitaterik gabe, interesatzen zaizkidan gaiak zeuden eta hori bai, leku guztietan zegoen. Gazteak eta komunikazioa. Gazteak eta eraginkortasuna.

 Lau egun gogor pasa ditugu Lezon; txingorra, haizea eta euria. Gauza asko desitxuratu egin dira kanping denda, topaketa honi buruzko informazioa eta abar. Hori bai, Topagune barnean egon den komunikazio zerbitzua oso ona izan dela nabarmendu izan da. Eraginkorra, aurreko egunari begiratzen ziona baina gaurko “menua” ondo azaltzen zuena.

Eta 8-10 orritan eguneko kronikak egin dituzte albiste garrantzitsuenak jasoz. Titulu eta piramide aldrebestuarekin aski; baina futbola zein prentsa arrosarik gabe; zuri beltzean. Gero eta gehiago entzuten da gazteak alelatuak gaudela, guztiaz paso egiten dugula eta ezer gutxi egiten dugula.

Ezberdinak izango gara hemen? Gazteak jaialdi, eskola... antolatzeko gai gara. Karpak, bideoak, hitzaldiak, tailerrak eta egun horietarako,  kazeta!

Zorionak!


Utzi iruzkina: