[Ikasleek jakin beharrekoa] Adimen Artifizial Sortzailea makinala da, ez-humanoa.
Aspaldian hizpide dugu Adimen Artifizial sortzaileak (AAS hemendik aurrera) hezitzaileoi hamaika erronka ekarri dizkigula egunerokora. Horietako bat AAS-a bera desmitifikatzea eta ikasleekin begirada kritikoak garatzea. Finean, hori izango baita eskura dituzten AAS ereduen erabilerarekiko erabaki kokatuak hartzeko berme bakarra.
Txatbotak denerako erabiltzen hasiak garen garaiotan, -ez da kasualitatea multinazionalek bazter guztietan eskuragarri jarri izana-, dagoeneko 14-18 urteko nerabeen heren batek erabiltzen omen ditu gai pertsonalei edo erabaki garrantzitsuei buruz hitz egiteko. [1]
Gogoratu gure inguru hezitzaile hurbilean hainbertzetan komentatu izan dugun Aitorren kasua: Opor egunetan familiarekin ala futbol taldeko lagunekin joan, zalantzak zituen Aitorrek; patxadaz pentsatzeko esan zioten etxean, bi aukerak onak zirela. Zer egin argi ez zuenez, dilema txatbotari planteatu zion... Idazleak, Mikel Garciak, galdera hau luzatzen du: Ohitu ote daitezke belaunaldi berriak eguneroko eta bizitzako erabaki txiki, handi eta baita inportanteak ere adimen artifizialaren esku uztera? [2]
Txatbotak makinak dira, hau da, humanoek diseinatu badituzte ere, HEH edo LLM-ak teknologia makinal ez-humanoak dira. Berriki pare bat ikerlan esanguratsu argitaratu dira AAS eta jendearen arteko interakzioen eraginari buruz solasean:
- Stanford eta Carnegie Mellonen ikerketa batek kontatzen digu, adibidez, AA lausengari edo adulatzaile batekin izandako elkarrizketa bakar batek % 28 murrizten duela barkamena eskatzeko prestutasuna. Informatikako eta psikologiako profileko ikertzaile talde batek Science aldizkarian argitaratu dituen emaitzen arabera, AAS nagusiek erabiltzaileei haiek entzun nahi dutena esateko joera dute. Baita erabiltzaileek egin dutena gaizki egon edo kaltegarria izan denean ere. AAS eredu adulatzaileekin interakzioak izan zituzten parte-hartzaileek hobeto baloratu zituzten, fidagarriagoak zirela iritzi zioten eta berriro kontsultatzeko asmo handiagoa erakutsi zuten. (Ereduarekiko konfiantza % 6 eta % 9 artean handitu zen, eta berriro itzultzeko asmoa %13 igo zen.) Ikertzaileek beraiek ohartarazten dute ereduak erabiltzailearen gogobetetasuna maximizatzeko optimizatzen direla. Datuek erakutsi dute, bestalde, AA batekin hitz egiten ari garela jakiteak ere ez gaituela eraginean immune egiten. [3] Ikus ikerketa (ingelesez) hemen.
-
British Columbia Unibertsitateko ikerketa batean ondorioztatu dute sentimenduak entzuteko eta balioztatzeko diseinatua izan zen Sam izeneko txatbot batekin txateatu zuten ikasle parte-hartzaileek bakardade maila antzekoak izan zituztela esperimentuaren aurretik eta ondoren, diario edo egunkari bat idatzi zuten ikasleek bezala. Aldiz, ikaskide ezezagun batekin hitz egin zutenek esan zuten askoz bakardade gutxiago sentitu zirela. Ruo-Ning Li ikerlariaren esanetan: Adimen Artifizialarekin elkarreragitea beste ikasle bati mezuak idaztea bezain lagungarria izan zitekeela pentsatu genuen, baina gure harridurarako, gizakien arteko testu-mezuek bakarrik lortu zuten bakardade sentimendua apaltzea. Txatbotak, lagun ideal gisa diseinatu bagenuen ere, ez zuen bakardadea arindu. Giza konexioak joan-etorriko noranzkoa du, -laguntza jasotzea eta ematea-, eta horrek gu geu garrantzitsuak garela sentiarazten digu. Hori izan daiteke lagun diren AA-etan falta den osagaia… Egunerokoan giza-harreman laburrek ere onurak dituztela dirudi, eta onura horiek txatbot batek ezin ditu ordezkatu oraintxe bertan. [4] Ikus ikerketa (ingelesez) hemen.
_______________________________
[1] Empantallados & GAD3. (2025). Educar en la era de la IA: 7 habilidades humanas necesarias en un entorno cambiante (6. ikerketa). https://empantallados.com/habilidades-ia/
[2] Garcia, Mikel. (2026). Erabakia ChatGPTren esku utzi du 13 urteko Aitorrek. Jendartean. Argia. https://blogak.argia.eus/mikel-garcia/2026/02/08/erabakia-chatgptren-esku-utzi-du-13-urteko-aitorrek
[3] Diario Noticias de Navarra. (2026). Beti arrazoia ematen dizun AAk pertsona okerragoa egiten zaitu. Diario de Noticias de Navarra. https://www.noticiasdenavarra.com/actualidad/euskera/2026/04/01/beti-arrazoia-ematen-dizun-aak-10896333.html
[4] Jussinoja, Kaija. (2026, 6 abril). Texting a stranger reduces loneliness more than using AI chatbots, study finds. CTVNews. https://www.ctvnews.ca/vancouver/article/texting-a-stranger-is-better-for-reducing-loneliness-than-an-ai-chatbot-study-finds/
![[Ikasleek jakin beharrekoa] Adimen Artifizial Sortzailea makinala da, ez-humanoa. [Ikasleek jakin beharrekoa] Adimen Artifizial Sortzailea makinala da, ez-humanoa.](/media/photologue/photos/cache/makep_profile.jpg)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: