Humanitateak askatasun egarri eta Adimen Artifiziala presente
Bazter digitalak harrotu ditu Madrilgo EvAUn notarik altuena lortu duen ikasleak Latina (Filologia Klasikoa) ikasi nahi duela esan duenean. Sare sozialetako kontua itxi behar izan du jasotako iseka eta erantzunen ondorioz. [1] Humanitateen gutxiestea ez da atzo goizeko kontua; hala ere, teknologia digitalen aroan murgildurik, gero eta ahots gehiagok aldarrikatzen dituzte baztertu ezin diren ikasgai gisa. Humanitate Digitalak da bidea!
(iturria: @makeip)
Bide beretik joan zen UEUk antolaturiko "Adimen Artifiziala: filosofia eta teknologiaren bilgune" ikastaroa; hamaika ate ireki ziren gaiaren inguruan eta zerbait errepikatu bazen, behin eta berriz, ideia hau izan zen: elkarrekin lankidetzan aritu beharra alborapenak (sesgoak) saihesteko.
Ereduek, gizartean gertatzen diren injustizia eta diskriminazio guztiak erreplikatu edo handitu ditzakete kontuz ibiltzen ez bagara. Zorionez, azken urteetan sona handia izan du gai honek eta ikerlari asko ari dira orain Adimen Artifizial justuago bat sortzeko mekanismoak sortzen. Usue Mori (UPV/EHU). [2]
(iturria: @iametza)
Mori eta Arbelaitzek adibide ugari eman zituzten sesgatutako taldeetatik eskuraturiko datuekin entrenaturiko sistemen emaitzak ezin direla orokortu erakusteko, baita pertsona askorengan eragindako kalteak aipatu ere.
(iturria: @ueu_orokorra)
Oier Imazek gogora ekarri zuen ezagutza prozesu soziala dela, garai eta gizarte bakoitzeko ezagutzaren soziologia eraikitzearen beharra eta nola Humanitate Digitaletan Filosofiak koordenadak ematen dituen pertsona erdigunean kokatzen duelako eta trakzio kritikoa ahalbidetzen duelako.
(iturria: @makeip)
Arantza Saratxagak, berriz, sistemak oinarrituta daudela komunikazioan eta harremanak osagaiak direla. Zerk egiten du gizakia gizaki? galdera erantzuten jakitean dago gakoa.
(iturria: @ueu_orokorra)
Gorka Julioren ekarpena Hackerretikan abstrakzioaren potentzia askatzen kokatu zen: hacker praktikak (teknologia burujabetza), hacker sozioekonomia (ekonomia digital lurraldetuak), hacker filosofiak eta abar.
(iturria: @makeip)
Jule Goiko etxea mundu digitalari eta adimen artifizialari neomaterialismotik begira aritu zen solasean: digitalean ere dena da materialitatea, materia erlazionala da, esanahia du, subjektua izan ala ez izan, materia agentziaduna da.
(iturria: @makeip)
Jardunaldiari amaiera emateko, adimen artifiziala (AA) pentsatzeko moduen inguruko hausnarketak:
Itziar Cortes: Adimen artifizialarekin koherentzia behar da, estereotipoak ez intentsifikatu, kontzienteki jardun eta hizkuntzaren kalitatea zaindu, gutxiagora joan ez dadin.
Beñat Erezuma: Hezkuntzan ikasleak ahaldundu behar dira, ikas-egoeretan modu sistematikoan sartu: Zer da AA?, nork eta noiz erabiltzen du? Herri txikia gara eta olatu hau aprobetxatu behar dugu.
Itziar Alkorta: AA gu gara, erantzuleak gu gara. Zer egin gizakirik gabeko AA sakoneko erantzukizunekin?
Edu Apodaka: Gero eta gehiago kostako zaigu pertsonak ikustea, digitalean ere gorputz digitala, AA bitartekari unibertsala izango da.
(iturria: @makeip)
Barna bor-bor etxera eta, honetan ere, XXI. mendeko herritarrek, arrakastaz moldatzeko gaitasun digitalak,-humanistikoak zein sozialak-, garatu beharra egiaztatua.
Bidean gaude!
_________________________
[1] Editorial. (2022). Las humanidades lo petan. El País. https://elpais.com/opinion/2022-07-03/las-humanidades-lo-petan.html
[2] (2022). «Gaur egun ia esparru guztietan aurkitu dezakegu Adimen Artifiziala». El Diario Vasco. https://www.diariovasco.com/sociedad/educacion/gaur-egun-esparru-20220701153231-nt.html
Iruzkinak
Utzi iruzkina: