Humanitate Digitalak eta Hezkuntza

make@ni.eus 1620201767765 Hezitzaile bat sarean | 2021-11-14 16:14

make@ni.eus 1636906021401

Aste honetan UEUk Humanitate Digitalak: aukera berriak ikertzen graduondokoan hezkuntza dugu hizpide. Izan ere, garapen teknologikoak,-bizi-eremu guztietan bezala-, hezkuntzako arlo guztietan eragin du baita kontzeptualki, estrukturalki zein metodologikoki premiazko berreraikitze beharrak mahai gainean jarri ere.

Jakina da hezkuntzaren xedea ikasleak bizitzarako prestatzea izanik, azkenaldian “bizitzan konpetenteak izan daitezen” helburuan jarri izan dela fokua. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren markoan konpetentzia da eskaera konplexuei erantzuteko eta zereginak egoki burutzeko ahalmena. Trebetasun praktikoak, jakintzak, motibazioa, balio etikoak, jarrerak, emozioak eta gizartearen eta jokabidearen beste osagai batzuk elkarrekin mobilizatzea eskatzen du, ekintza ganorazkoa izan dadin (ELGA, DeSeCo, 2002).

Eta mobilizazio horretan, digitalizazioak zerbait ekarri badu, eragile guztien agentzia areagotzea izan da. Amartya Sen-ek honela definitu izan du agentzia-gaitasuna: subjektuak berak baloratzen duen hori lortzeko benetako askatasuna edo benetako aukera. (Reyes, 2008: 170) Teknologia bitarteko, informazio-idortetik eta ezagutzaren transmisioa irakaslearengan kokatua zuen mundutik, informazio-supersaturaziora eta ezagutzaren ubikuitatea duenera pasa gara, etengabe eta abiadura bizian aldatzen ari dena, gainera. Horrek guztiak hezkuntzaren markoa eta rolak erabat irauli ditu.

Hezkuntzaren birdefinizio behartu horretan teknopedagogiaren ezinbertzekotasuna agertu da. Izan ere, irakaskuntza eta ikaskuntzan aplikatutako teknologia benetan eraginkorra izateko hainbat baldintza bete behar dira: helburu pedagogiko argia edukitzea, tresna teknologikoak erabiltzeko marko-eredu esanguratsua izatea eta tresna horien erabilera eraginkorra sustatzea, ikasle guztien autonomia eta ikaskuntzen kalitatea indartzeko. (Rué, 2020:7)

Eta hemen dago, nire ustez, Humanitate Digitalek egin dezaketen ekarpena: zer da kalitatezko i(ra)kaskuntza? Zertan datza i(ra)kasleen konpetentzia digitala? Mundu digitalerako irakaskuntza-gaitasunaren eredu holistikoaren proposamenean, adibidez, irakaskuntza-ekintza ikasgelara mugaturiko ikuspegia eta teknologiaren ikuspegi instrumentalistatik haratago, irakaslea ez da ulertzen prozesuak gela baten barruan tresnekin "martxan" jartzen dituen langile huts gisa; aitzitik, bere lanbidearekin eta bere testuinguruarekin konprometitutako pentsamendu-, hausnarketa- eta ekintza-karga handia duen profesionala da. Irakasle gisa dugun zeregina, akademikoa ez ezik, politikoa eta soziala ere bada; beraz, gure jarrera ezin da neutrala izan, baizik eta konprometitua herritar horien eta jendarte horren eraikuntzan, gaur egungoa baino humanoa eta justuagoa izan dadin. (Esteve, Castañeda eta Adell, 2018)

 

Ibilbide honetan han-hemenka modu ez sistematikoan lanean ari ginelarik iritsi zen pandemia. Geroztik, hezkuntza administrazioen lehentasun bihurtu da irismen arrakala digitala murrizteko ikasle eta irakasle guztiek gailuak eskura izan ditzaten. Une hauetan ikastetxeetara gailuak masiboki iristen ari dira eta hemen dugu erronka: teknologia digitalaren eta gailuen erabilera hutsetik haratago, teknopedagogia kritikoan sistematikoki murgiltzea.

 


Utzi iruzkina: