Humanitate Digitalak [gero eta hurbilago]
Filologia Klasikoa ikasteak eraman ninduen Bigarren Hezkuntzan Latina eta Greziera irakastera, euskaraz. Teknologia digitalek, berriz, i(ra)kas prozesuetan iraultza ekarri digute. Azken boladan, Humanitate Digitalak kontzeptua gero eta gehiagotan agertzen ari da. UEUk EHUrekin batera Humanitate Digitalak: aukera berriak ikertzen graduondokoa egiteko aukera agertu zenean, zalantzarik ez!
Euskarazko Wikipediako artikulua irakurtzen badugu, Humanitate Digitalek humanitateen eta erabiltzen den teknologiaren artean aldi berean gertatu daitekeen bi norabideko harremana sortzen dute: teknologia akademikoki erabiltzen da humanitateen ikasketa eta ikerketan, eta teknologia hori bera da ikerketa esparrua gizarte-zientzien ikuspegitik. Definizioa etengabe eraldatzen ari da. Pasa den mendeko 40. Hamarkadan Josephine Miles (Wikipedian 2 hizkuntzatan) izan zen aitzindarietako bat.
Are gehiago, artikulu honek (2018) aldarrikatzen du Roberto Busa (16 hizkuntzatan Wikipedian) metodo kuantitatibo edo konputazionalaren sortzaile gisa agertzen den bakoitzean, Josephine Milesekin ordezkatzea. Eta hau da, nire ekarpenen funtsezko beste lan-ildoa: hezkidetza. Emakumeen presentzia eta ekarpenak lehen lerrora ekartzen laguntzea.
Pentsamendu bitarra hain sustraitua duen jendartean oximoron bezala ulertu daitekeen kontzeptua da Humanitate Digitalak, diziplinartekotasuna iradokitzen duen hitz pare asimetrikoa: iraganean heziketa prozesurako eredu izandakoa (homo humanus versus homo barbarus), egun jendartean gutxietsi ohi dena (Humanitateak), erabat indarrean dagoenaren ondoan (Digitala). Dena dela ere, etengabeko bilakaeran egonik, elkarrekin solasean ikusmira zabaldu eta ibilbide berriak egiteko prest jartzen gaituena.
Duela urte batzuk, THATCamp Paris 2010 "Antikonferentzian" argitaratu zen "Manifeste des Digital Humanities"
Pasa den ostiralean, Euskal Herria Digitala: ziberburujabetza bidean jardunaldia burutu zen Errenterian.
Manifestuak dio:
Humanitate digitalak
Konputazio teknologien eta humanitateen diziplinen arteko gurutzaketa du humanitate digitalak oinarri. Modako terminoa izan arren, korporazio erraldoiek erabilia, Euskal Herritik eginda eta pentsatua izango den kontzeptuak posibilitate handiak dituela iruditzen zaigu. Auzi honek sakon interpelatzen gaitu: zer suposatzen du ezagutza, sorkuntza eta kultura baliabide eta ahalmen teknologiko berri eta aldakorretatik pentsatzeak? Zer inplikazio ditu subjektibitate prozesuetan? Zer inplikazio memoria, historia, ondarea, hizkuntza, hezkuntza eta ikerketa esparruetan? Galdera deserosoak egiten bultzatzen gaituen eremu zabal honek azpiegitura teknologiko eta energetikoaz, ikerketa eta ezagutzaren muga eta zerumuga etikoaz, sorkuntza eta sortzaileez, informazioa gorde eta interpretatzeko erabileraz, eta beste hainbat erronkez pentsatzera eramaten gaitu.
Hantxe aritu ginen batzuk hausnarketa interesgarrietan murgilduta zenbait aukera, erronka, arazo eta traba identifikatzen.
HUMANITATE DIGITALAK gero eta hurbilago!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: