Paresiko goitibehera jaitsiera «Euskadiko onena» izendatu dute
Paresiko goitibehera jaitsiera «Euskadiko onena» izendatu dute
Busturia
Aurrerantzean Busturia goitibehera munduan erreferente izango dela esan du probaren antolatzaileak.
olaia zabalondo
Euskadiko Inertzia Kirolen Federazioak Busturiko Paresi auzoko goitibehera jaitsiera «Euskadiko goitibehera txapelketako 2008ko denboraldiko jaitsiera onena» izendatu du. Iñigo Serna Paresiko goitibehera jaitsierako antolatzaileetako baten esanetan, «albistea espero genuen, izan ere, denboraldiko jaitsiera garrantzitsuenen artean izango zela esan ziguten».
Behin izendapen hori hartu eta gero, datorren urteari begira gauzak hobetu beharko dituztela azaldu du Sernak. Aurten lehenengo aldiz izan da Paresiko goitibehera jaitsiera Euskadiko txapelketaren baitan. «Ez dakigu zortea izan den edo ondo portatu garelako eman diguten izendapen hori», agertu du.
Parte hartzaileak gustura
Sernaren hitzetan, denak «oso gustura» geratu ziren probarekin, batez ere, haren esanetan, parte-hartzaileak. «Lehenengo aldiz jaisten zuten Paresi eta jarritako segurtasun arauekin liluratuta geratu ziren. Hala ere, denak apur bat hotz gelditu ginen parte-hartze handiagoa espero genuelako. Hala ere, dena ondo irten zen».
Busturiko herriarentzat garrantzitsua izan dela dio Sernak, «oraindik aurrera Busturia goitibehera munduan erreferentea izango da. Ez da beste munduko kirola, baina apurka-apurka indarra hartzen doa. Gainera, kantera egiteko ere balioko du. Izan ere, eskualdean badaude garrantzia duten beste jaitsiera batzuk».
Zenbait aldaketa
Datorren urtean, abuztuaren 1ean, hain zuzen ere, Paresin Euskadiko txapelketarako proba puntuagarriaz gain, Euskal Herriko sari nagusia jokatuko da. Hau da, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak parte hartuko duten proba izango da. Horrez gain, Paresiko goitibehera jaitsierak hartu duen garrantziagatik kanpotik jende gehiago hurbiltzea espero du Sernak, Galiziatik, Asturiastik edo Kataluniatik. Hala ere, horiek ez dira sarietan sartuko. «Herrialde horietan indar handia dute goitibehera jaitsierek».
Paresiko goitibehera besteen aldean luzea dela azpimarratu du Sernak, bi kilometro eta erdiko jaitsiera da. Bestalde, malda oso gogorra du, «beldurra ematekoa». Jaitsierako bihurguneak ere bereziak direla dio, «graduazio desberdinetakoak dira eta abiadura handikoak». Jaitsieraren hasiera laua parte-hartzaileei asko gustatzen zaiela adierazi du. «Bultzada emateko oso baliagarria da eta segundo-milarenak irabaztea ahalbidetzen du».
Iruzkinak
Utzi iruzkina: