Goitibeherak Inertzia Kirolen elkartea sortu berri dute Busturialdean
Goitibeherei bultzada emateko asmoz, Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkartea sortu berri dute Busturialdean. Elkarte horren zuzendaritza batzordea Urdaibaiko goitibehera proben zenbait antolatzaile eta pilotuk osatzen dute. Busturiko, Foruko, Muruetako, Mundakako eta Gernika-Lumoko zenbait lagun dagoeneko elkarteko kide direla adierazi dute elkarteko arduradunek.
Sortu berri den elkartearen helburu nagusia Busturialdeko txapelketak antolatzea, antolatzen laguntzea edo horiek sustatzea izango lirateke. Beste talde batzuekin batera, Mundakako, Paresiko, San Bartolomeko, Muruetako, Baldatikako eta Gernika-Lumoko goitibehera jaitsierak elkartearen eskumenak dira.
Elkarteko arduradunek jakinarazi bezala, Bermeoko Almikako goitibehera txapelketa berreskuratzeko kontaktuetan dabiltza Bermeoko Udaleko arduradunekin.Horrez gain, elkarteak Busturian goitibehera eskola sortzeko asmoa agertu du.
Bestalde, Inertzia Kirolen Euskal Herriko Federazioa, txapelketa eta selekzioa lortzeko lan egingo duela azaldu du elkarteak.
Elkartearen helburuekin bat dauden guztiek elkarteko kide egitera eta batzarretan parte hartzera gonbidatzen dituzte. Elkarteko arduradunek azaldu bezala bazkide izatekoak ez du inongo kosturik suposatuko. Karnetaren fotokopia, datu pertsonalak eta kontakturako datuak nahikoak izango dira bazkideen liburuan agertzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: