Goitibeherak Euskal Herrian
Euskal Herrian gero eta zale gehiago dituzte goitibeherek, eta urteetan gaztetxoentzat jolasa izan dena, kirol bihurtu nahi dute. |
Goitibeherek tradizio handia dute Euskal Herrian. Dirudienez, XX. mendearen bigarren edo hirugarren hamarkadan sortu ziren. Garai hartan jostailurik ez zegoenez, buruari buelta batzuk eman ondoren, egurrak eta oholak bilduz eta gurasoen lantokiko kamioi errodamenduak erabiliz, goitibeherak egiten hasi ziren. Aldapan behera jarri eta, gorputzaren pisua aprobetxatuz, goitibeheran jaisten ziren haurrak, behin eta berriz, Euskal Herriko bazter guztietan.
Tradizio handia Iberiar Penintsulan
Euskal Herrian ez ezik, Iberiar Penintsula ipar-ekialde osoan ere tradizio handia izan omen dute goitibeherek, Galiziatik hasita Kataluniaraino. “Carros, carritos, carrilanas, carretons, cars de coixinets…” lurralde bakoitzean izen ezberdina hartu dute goitibeherek, baina jarduera berbera da, eta horregatik, orain, federazio bat eratu nahi dute Galizia, Kantabria, Euskal Herria eta Katalunian, lehiaketa ofizial batzuk antolatu ahal izateko.
Herriko festa askotan antolatzen dira goitibehera jaitsierak, baina horiez gain Euskal Herriko liga bat ere badago, eta datorren uztailaren 30ean Euskadiko Txapelketa jokatuko da Zallan, eta Munduko Txapelketa ere irailaren 25ean Iruñean antolatuko omen dute.
Gaur egun, ibilgailu bitxiak
Tradizioan errodamendu zaharrak eta oholak izaten ziren goitibeherak egiteko osagai nagusiak.
Gaur egun, ordea, orotariko ibilgailuak daude, esate baterako, neumatikodun goitibeherak daude, bolantedunak… Modalitate azkarrenean, ibilgailuek, gehienez ere, hiru gurpil izan ditzakete eta bi pilotok hartzen dute gidatzeko ardura. Batek gidatzen duen bitartean besteak kontrapisua egin behar izaten du bihurguneetan. 110 kilometro orduko abiadura har dezakete horrelako ibilgailuek.
Errodamenduzko goitibeheretan, berriz, 3 edo 8 partaide bitartean jaitsi daitezke batera eta horietatik bat da gidaria. Hauen kasuan abiadura ez da hain ikusgarria, ikusgarritasuna izaten da koadrila handiak batera jaisten ikustea.
Bi modalitate horietaz gain, bada beste bat, lehiatzeko ez dena: kategoria askea izenekoa da, eta kasu honetan umorea da ezaugarri nagusia. Ibilgailu eta gidarien itxurari ematen zaie garrantzia, irudimenari alegia.
Segurtasunez ibiltzeko neurriak
Gidarien eta ikusleen segurtasuna bermatzea ezinbestekoa da. Alde horretatik hobekuntza handiak egin dira azken urteotan. Gainera, datorren ekitaldietarako gidariak aseguratuta egotea nahi dute lehiaketa hauen antolatzaileek.
Araudia eta jardueraren egoera segurtatzeko Bobsleih Federazioan sartu nahi dituzte goitibeherak, kirol bihurtzeko. Ikusiko dugu nola bukatzen diren gauzak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: