Gernika: Jaietan aldapan behera, goitibeheran
Bihar, Andra Mari egunean, Gernika-Lumoko ohiko ekitaldirik ikusgarrienetako bat eskainiko dute XXVIII. Goitibehera jaitsieran parte hartuko duten ausartek. Lumotik abiatu eta Merkurio iturrian izango du helmuga lasterketak, eta aurten ere Euskal Herriko txapelketarako baliozkoa izango da. Arrano Kultur elkarteko lagunek antolatu dute lehiaketa eta, izena emateko, hainbat aukera eman dituzte, errazena www.gernikagazteplana.com webgunean sartzea bada ere. Internet eskura ez dutenak, berriz, Arrano tabernara joan daitezke zuzenean.
Beti bezala, Goitibehera txapelketan maila desberdinetan ariko dira parte-hartzailek. Batetik, gomazko, egurrezko eta metalezko kategoriak ezarri dituzte eta, egurrezkoen barnean, handien eta txikien maila desberdindu dute. Atal horietako bakoitzak sari propioak izango ditu. Nagusien maila guztietan lehenengo sailkatutakoek, 90 euro jasoko dituzte eta txikiek, berriz, 20. Irabazleak ez ezik, ibilgailurik bitxienak sortu dituzten parte-hartzaileak ere sarituko dituzte epaileek.
Inolako istripurik ez gertatzeko, bete beharreko segurtasun neurri guztiak gogoraraziko dizkiete lehiakideei, batez ere, kaskoa eta eskularruak erabiltzeari dagozkionak, bata zein besteak erabiltzea derrigorrezkoa izango baita. Horrez gain, parte-hartzaile guztiak Lumoko plazan egon beharko direla nabarmendu dute, jaitsiera hasi baino ordu bete lehenago.
http://www.berria.info/paperekoa/plaza/2007-08-14/040/003/Zaindarien_egunak_ospatzeko_prest.htm
Iruzkinak
Utzi iruzkina: