Otsailaren 8an MOBILIZAZIO EGUNA izan genuen Goierrin
Dakizuen bezala, ostiralean hainbat mobilizazio izan genituen Goierrin Beasainen hasi dituzten zundaketa lanak direla eta.
Goizean ikastetxe desberdinetan greba egin eta Besaindik Erauskin auzoan egiten ari diren zundaketetara abiatu ziren ikasleak kalejiran, hara hurbiltzen ari zirela Ertzaintzak, beti bezala, eta gerrara joateko moduko armamentuarekin horniturik, bidea jarraitzea galarazi zieten kalejiran zihoazen gazteei. Aurrera ezin jarraituz, bertan protesta egitea erabaki zuten.
Arratsaldean, berriz, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak deituta konzentrazioa burutu zen Beasaingo Zubimuzu plazan. Hona hemen bertan irakurritako testua:
Beasainen hasi dituzten zundaketa-lanen gaineko hausnarketa
Badira pare bat aste Beasainen Abiadura Handiko Trena egiteko beharrezko
dituzten zundaketa-lanak hasi dituztela. Beti bezala, zuzenean lurretan sartuz
eta jabeei beren eskubideak zeintzuk diren argi adierazi gabe hasi dituzte lan
horiek. Prozesu horretan, administrazioak, eta kasu honetan, Beasaingo Udalak
eman dituen erraztasunak gutxienez susmagarriak direla esan genezake,
bitartekari lanetan aritu baita lurjabeak udalera zuzenean azaltzeko eskatuz eta
proiektu txikitzailea gauzatzeko komeni den informazioa soilik emanez.
Lurjabeak banan bana deitu dituzte eta beren lurretan nahi dutena egiten utzi
behar dietela adierazi; hori omen da hoberena. Hoberena, ordea, norentzat?
Lurjabearentzat? Baserritarrarentzat? Herritarrontzat? EZ. Lurretan nahi dutena
egiten uztea makroproiektuaren sustatzaileentzat soilik da hoberena. Zergatik?
Horrela legeak agindutako desjabetze-prozesua ekiditen dutelako, horrela
lurjabe edo baserritarren eskubideak errespetatu behar ez dituztelako, horrela
denbora irabazten dutelako. Eta zergatik denbora irabazi? Euskal Herriaren
etorkizunarentzat mugarri izan daitekeen azpiegiturak ezin al dio
desjabetza-prozesu bati itxoin? Ezin al ditu lurjabearen eta baserritarraren
eskubideak bermatzeari itxoin? EZ. Inpaktu ekologiko itzela eragiteaz gain, bai
gizarte ereduan, baita lurralde egitura eta ekonomian ere, eragin izugarria
izango duen azpiegiturak ezin du gehiago itxoin. Gehiago itxoiteak aurka dauden
pertsonak ugaritu eta indartzen dituelako; gehiago itxoiteak azpiegitura bera
bertan behera uztea ekar dezakeelako. AHTa gelditzen aritu gara; AHTa gelditzen
ari gara.
Ezetz esatea erraza da. Ezetz esatea bide erraza aukeratzea da, bide laua.
Ezetz esateak lan gutxiago dakar, konplikazio gutxiago. Horixe da Abiadura
Handiko Trenaren sustatzaileek aukeratu duten bidea, ezetzarena. Informazioari,
ez; eztabaidari ez; herriari hitza emateari, ez. Abiadura Handiko Trenaren
aurka gaudenok, ordea, baietzaren bidea aukeratu dugu. Bide zailena, gogorrena
eta, era berean, egiazkoena. Abiadura Handiko Trenaren aurkako mugimenduak
urteak daramatza baietz esaten. Urteak daramatza ingurumenaren alde lanean,
gizartearen alde lanean, gizakiaren alde lanean. Urteak daramatza informatzen,
eztabaidatzen eta hitza errespeta dezaten eskatzen. Urteak daramatza
eraikitzen. Horixe da AHTren sustatzaileek ekidin nahi dutena, benetan
eraikitzeari beldur diote. Ez dute bizi garen gizarteari buruzko eztabaidarik
burutu nahi, ez dute garraioaren arazoari buruz eztabaidatu nahi, ez dute
herritarron iritzia entzun nahi. Eztabaidatzeak, entzuteak, adosteak, beraiek
sustatzen duten garraio eta gizarte eredua zalantzan, kolokan jartzen baitu.
Horretan ari gara, informatuz kontzientzia kritikoa sustatzen, hitz eginez
garraio eta gizarte ereduari buruz eztabaidatzen eta elkarri entzunez, guztion
artean, eraikitzen. Eta esan behar da,
bide zail honetan ondo ari garela, pausuak ematen ari garela, zer dela eta
bestela Garraio Sailburuaren etengabeko justifikazio ilun eta faltsuak? Zer
dela eta AHTren gezurrezko onurei buruzko kanpaina beldurgarria? Ba al dakizu... ba al dakizu AHTa gelditzen
aritu garela? Ba al dakizu AHTa gelditzen ari garela? Abiadura Handia, Epe
Motzak... Abiadura Handiko Trenaren proiektua burutzeko epea motza da, Abiadura
Handiko Trena gelditzeko erabili dugun, eta erabiliko dugun epea, berriz,
luzea.
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlana
2008ko otsailaren 8a
Iruzkinak
Utzi iruzkina: