Patxi Lopez eta euskara: marketina ala zerbait gehiago?

getag 1456133226747 G&G | 2008-10-05 20:24

Euskara askatasunean dokumentua aurkeztu berri du Patxi Lopez, euskal sozialisten idazkari nagusi eta lehendakaritarako hautagaiak.
Aurkezpena Donostian izan da, urriaren 2an, euskalgintzako hainbat aurpegi ezagunen aurrean, eta, bestalde,  hedabideek leku handia eskaini diote beren orrialde eta emanaldietan.

Bi jarrera nabarmendu dira Euskal Herrian sozialisten eta haien buruzagiaren ekimenaren aurrean: batzuk, euskararekiko sozialistek izan duten jarrera urrundu eta uzkurra, baita ezkorra ere, inoiz,  gogoratuz, urrats berri eta berritzaile bezala txalotu dute; ildo honetakoak izan dira, nagusiki, euskalgintzako erakunde eta elkarteetako ordezkarien hitzak: Kontseilua, Euskaltzaindia, Jakin eta abar.
Beste batzuk, ordea, hauteskunde-aurreko itxurakeria somatu diote ekimenari; alderdi abertzaleek, besteak beste, sozialisten praktiko eta oraingo hitz goxoen arteko jauzia azpimarratu dute Patxi Lopezen eta haren alderdikideen sinisgarritasuna ukatzeko.
Nire aburuz, ekimenaren elektoralismoa ukatu gabe (nola ukatu, gainera, hain nabarmena dena) sozialistek urrats hau eman izana egoki baloratu behar da: Patxi Lopezen aholkulariek, azkenean, euskarari buruzko mintzaira, diskurtso berri baten beharra ikusi dute, Euskal Herrian nagusi, hegemoniko izan nahi duen alderdiak euskararekiko erabat arrotz eta urrun gelditu ezin duen konstatazioa.
Eta hori euskal munduaren garaipen bat dela iruditzen zait, euskararen pisuaren ondorio eta euskaltzaletasunaren indarraren erakusgarri..
Hori guzti hori, noski, dokumentua bera aztert aurretik. Dokumentuak baditu, nire ustez, zenbait koska eta zenbait kezka.
Alderdi sozialista ez da gauza izan bere anima erdalzalea gainditzeko, bada oraindik, aukeratutako hitzetan, erabilitako esamolde batzuetan, halako beldur bat urrunegi joateko.
Proposatutako puntu batzuk zearo arrazoizkoak dira: euskalgintzarentzako diru-izendapenak ez gutxitzeko konpromisoa, edota Euskal Telebista aldatzekoa. Hala ere, euskalgintzarentzako "izozte" hori lasaigarri gertatu izanak erakusten du zein susmagarri ziren (eta diren oraindik) sozialistak euskara kontuetan. Begira, bestela, zer nolako laguntzak ematen dituzten euskararentzako Barakaldo, Sestao edota Santurtziko udalek. ETBrena, berdin: euskarazko katea eskandalo bat dela argi dago (adibidez, albistegietako lerro informatiboa (?) jasanezina da), baina Lopezek ez digu argitu zer aldatu nahi duen ETBn. Kate elebiduna egingo du?
Beste proposamen batzuk erabat anbiguoak dita. Zer esan nahi du, bestela " enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela"? Nire ustez, gizartearen izaera elebiduna islatzeak enplegatu publikoak elebidunak izan beharra ekarriko luke. Beldur naiz, hala ere, Lopezek funtzio publikoan euskaldunak eta erdaldunak sartu behar dutela esan nahi izatea. Hnezkera euskaldunak gutxiengo izango ez balira bezala administrazioan!
Beste perla bat irakaskuntzarena da: Zer arraio esan nahi du " euskaraz ez dakiten horiek uxatzeke edo eta nahitaez ikastera behartu gabe"? Irakaskuntzan euskara ikastea ez dela derrigorrezko izango? Euskara eskola-orduetatik kanpo eta era boluntarioan ikasi ahal izango dela?
Esaldi honek laburbiltzen du, nire ustez, ongien, Patxi Lopezen pentsamoldea euskararekiko: "Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza mintzatzen dira, komuna horietako bat bakarrik den arren. Biak ere hartu behar dira erakunde publikoek babestu eta sustatu beharreko ondare sozial eta kultural gisa." Eta gero: "Erakunde publikoek hizkuntza-arloan bultzatu beharreko ekintzak ez du bakar-bakarrik euskal gizartearen zati baten irizpideetan oinarritu behar..." Eta, noski, " oinarri identitario edo historizistarik gabe"!
Bukatzeko, Patxi Lopezek eta euskal sozialistek urrats bat eman dute euskarara hurbiltzeko. Txalotzekoa da, itxurak egiteko baino egin ez balute erem beti izango delako euskararen mesedetan. Baina ematen duten euskal hizkuntza-politikaren irudiak karikaturizazio maila altuegia du. Horren erakusgarri da, izan ere, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bultzatuta Euskararen Aholku Batzordeko talde batek aurrera daraman "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko eztabaida. Horren Oinarrizko Txostena irakurtzea nahikoa da ikusteko esaldi solteak eta "doinua" gora behera, badirela ukupen-puntuak, posible dela elkarrizketa eta eztabaida eta euskararen alorrean ongi etorriak direla herritar eta sektore guztiak.
Orain, guztion artean, nor nere sentsibilitatetik, politikak adostea falta da. Itxaropenerako motiborik badago.


Utzi iruzkina: