Ba al zenekien?

getag 1456133226747 G&G | 2007-04-16 17:33
2

Spitalfields-eko dama

Londreseko hirian, Spitalfields izeneko auzoan, arkeologia-
lanetan ari ziren 1999an. Erdi Aroko ospitale eta hilerri bat ari ziren aztertzen.

Ustekabean, baina, askoz ere aurkikuntza garrantzitsuagoa egin zuten: erromatar garaiko hilobia. Kare-harrizko kutxa handiaren barruan berunezko zerraldoa eta, haren barruan, giza hezurdura eta zenbait hondar agertu ziren.

Jakina denez, Julius Caesar bera saiatu zen aurrenik Ingalaterra bereganatzen, Kristo aurretiko 50. urtean, baina Claudius inperadoreak menderatu zuen, azkenik, lehen mendean.

Horretaz, erromatarrek 300 urtetan agindu zuten gaur egun, gutxi gorabehera, Ingalaterra den horretan.

Londinum hiria zuten hiriburu, gaurko Londres, eta bertan kokatu ziren erromatar administrazoaren erakunde nagusiak.

Ez da, beraz, harritzekoa hiri horretan aztarnak aurkitu izana. Spitalfields-eko aurkikuntzak, baina, txundituta utzi zituen arkeologoak.

Emakume gazte batenak ziren hezurrak: luze etzanda, ezker besoa bular gainean zuen eta buru azpian erramu-ostozko burukoaren hondakinak. Hilobiaren tankerak pertsona aberats edota familia onekoa erakusten zuen: berunezko zerraldoa fin-fin landua, Txinako setazko jantziaren hondarrak, Siriako urrezko hariaren arrastoak, arbeltxezko kutxatxoa zein kristal finez egindako bonbiltxoa. Itxura guztien arabera, Kristo ondorengo laugarren mendekoa zen hilobia, 375 urtekoa, gutxi gorabehera.

Gorpuzkinak aztertzerakoan izan ziren, alabaina, ezustekorik handienak. Hezurrek emakumezko gazte bat zela adierazi zuten, hogei bat urtekoa, eta, oxigeno-isotopoen analisiaren arabera, ez Ingalaterran jaio eta bizitakoa, Mediterranear klimako leku beroagoan baizik. Analisi genetikoek, berriz, gaur egungo euskaldunen tankerako ADNa antzeman zuten.

Londreseko printzesa deitu zioten hedabideek eta baita Spitalfields-eko dama gaztea.

Gehiago oraindik: Londreseko Museoko teknikariek printzesaren aurpegia itxuratzea lortu zuten, buru-hezurra oinarri harturik. Erdian duzu orain mila eta seiehun urte baino gehiago Londresen hilobiratutako euskal printzesaren aurpegia.

Nola iritsi ote zen Ingalaterrara Euskal Herriko Hegoaldetik? Euskaldun presentziaren arrastorik bazen, lehendik ere, Britannia-n: Sydenham izeneko herri batean Traianus inperadorearen garaiko harri idatzi baten Cohors II Hispanorum Vasconum aipatzen da, hots, Hispaniako baskoiek osatutako talde militarra. Talde beraren arrastoak, bestalde, Budapest-en, Mauritania Tingitana-n (Marruekosetan), Alcaládel Río-n (Sevillan) eta Nimes-en (Galia Narbonense-n) ere agertu dira.

Bigarren mendean (K.o. 105. eta 122. urteetan) Cohors Secundae Vasconorum civium Romanorum, hots, erromatar hiritar euskaldunen bigarren koortea ere Ingalaterran egona zela badakigu.

Cohors Primae Fida Vardullorum civium Romanorum equitata milliaria izenekoa, berriz, giputz fidelez osatutako zaldun-taldea zen eta Ingalaterrako iparraldean, Hadrianoren Hesia babesten lehen mendetik 3. menderaino ibili zen. Cohors Primae Aquitanorum (Akitaniarrak) ere agertzen dira han-hemenka.

Euskal guda-gizonek, horretaz, Erromatar Inperioan barrena beren karrera militarra egiten zutela adierazten digute aipamen horiek.

Spitalfields-eko dama, agian, euskal buruzagi erromatartu baten alaba ala emaztea izan zitekeen, Ager Vasconum deitutako lurralde beroetan jaio eta hazi ondoren Londinum-eko lanbro artean hogeitsu urterekin hila.

Sit terra levis. Lurra arin izan bezaio.

borthuzai

borthuzai 2007-04-16 20:01 #1

Oso-oso interesgarria. Nik behintzat ez nekien :-)
Hori bai, komenigarria izaten da informazioaren loturak ipintzea. Hau da, nik bezala Cohors horien inguruan ideiarik ere ez duen jendearentzat, "Insert Link" erabiliz informazioa lortu duzun tokira lotura bat ipintzea. Honela adibidez :-)
Oso interesgarria baita ere Karmele Goñiren ingurukoa. Ni ere goierritarra naiz (zu zeraingoa zarela suposatzen ari naiz), baina ez nuen ezagutzen.

borthuzai

borthuzai 2007-04-16 20:05 #2

oso oso interesgarria. nik behintzat ez nuen ezagutzen :-)
hori bai, komenigarria izaten da irakurleari gauzak erreztearren, informazioa lortu duzuneko lotura ipintzea. Honela adibidez ;-)

oso interesgarria Karmele Goñi-ren ingurukoa ere. ni ere goierritarra naiz (zu zeraingoa zarela suposatzen ari naiz) eta ez nuen ezagutzen.

Utzi iruzkina: