Sanjuanak 2007: GASTE gara, gazte!

gaste 1456133099660 GASTE | 2007-06-07 16:51

GASTE gara gazte, ta ez gaude konforme... 70 gazte eibartar elkarte berri baten inguruan batu dira, herriko jaigiroa bultzatu nahian. Dagoenarekin konforme ez eta jo ta sua lanean dihardute ekitaldi gehiagoren antolakuntzan. Hainbat koadrilatako neska-mutilek osatuta, lantaldeak egin dituzte dirua batzeko, materiala prestatzeko eta antolakuntza lanetarako, sanjuanei begira. Ekainaren 22an elkarrekin futbitoan eta afaritan aritu ondoren, San Juan bezpera izango da egun handia. Eguerdian Untzagatik Urkizura kalejira egingo dute bertan txorizo-jana egiteko, dultzaineroei ongietorria egin aurretik. Gero, bazkari herrikoia eta arratsaldean koadrilen arteko jolasak. Zezen Plazara bidean, etxeetatik ura botako dute eta zizterna-kamioi batek ere botako du ura. Goizeko 5ak arte kalean aguantatzen dutenek, txokolatada eta konga-dantza egingo dute.

San Juan egunean egingo dituzte berrikuntza nagusiak. Urkizuko parkean txahal bat erreko dute Oberena Harategia eta Eusko Label Fundazioarekin elkarlanean, eta auzoko tabernari eta dendarien laguntzaz. Txakolina ere izango da. Umeek tailerrak izango dituzte eta, gainera, Naturgasekin elkarlanean globo aerostatikoa jarriko dute hegaldia egiteko.

San Juan Txiki egunean Makaillauaren Kofradiak antolatutako Marmittako Lehiaketan parte hartuko dute gazteek, jarraian Untzaga Plazan bazkari herrikoia egiteko. Bazkalostean txiste eta irrintzi lehiaketak eta karaokea ere egongo dira.

Honez gain, 500 abaniko eta txapa (pin) banatuko dituzte, ehundaka pegatina eta esku-programa, karameloak eta jai-material ugari. Auto bat ere izango dute, jaietarako apaindua, kalez kale herria musikaz girotzeko. "Gastetu" zaitez!

(Eibar Herri Aldizkaria-rako artikulua)


Utzi iruzkina: