GASTE gara, gazte!
16 eta 22 urte bitarteko 55 eibartar gazte gara, gazte eta GASTE.
Azken bi urteotan Eibarko hainbat kuadrila elkartu izan gara gure herriko jaietako programak zituen gabezia batzuei erantzuteko asmoz; horregatik azken bi urte hauetako sanjuanetan gazteontzako ekimenak sustatzen hasi gara eta ekintza hauek abiapuntu hartuta, sortu dugu Giro Alaia Suspertzeko Talde Eibartarra.
Gure jaiak hobetzea izan da hasieratik gure helburu nagusia, begirada gazte batentzat erakargarria izan daitekeen egitarau erakargarri bat sortzea, alegia. Horretarako, hau posible dela sinesten dugun 50 lagun inguruk lanari ekin diogu, aurtengo eta ondorengo urteetako jaietan guk geuk aukeratu eta antolatutako ekintzak gauzatuta ikusteko asmoaz sortutako elkarte berria baita GASTE.
Oraingo honetan 16 eta 30 urte bitarteko adin tartean dagoen pertsona orori luzatu diegu jaiotzear dagoen elkarte berri honen kide izateko gonbitea; nahiz eta hainbat ekitaldi kuadrilen artekoa izango diren, beste asko, elkarteko kideok guretzat propio sortutako saioak izango baitira. Horrekin ez dugu esan nahi San Juan jaien ekitaldi batzuetan nolabaiteko pribatizazioa sortuko dugunik. Gure elkarte honen beste helburuetako bat, pixkanaka, honen alde lan egiteko gogoa eta interesa daukan jendea GASTEko kide izatera animatzea baita.
Hasiera batean talde berri honetan eibartar kopuru txiki bat izatearen arrazoi nagusiak beraz, nagusiki, talde lana multzo txikian egitearen abantailak eta erraztasunak izan dira.
Hilabete barru ikusi ahal izango ditugu oraindik paperetan eta azken loturak finkatu gabe geratzen zaizkigun ekintzak burututa. Herritarrok herritarrontzat egindako apustua da gurea, hori dela eta, aipatutako baldintzak betetzen dituen edonori gurekin batera partaide eta lankide izateko gonbitea luzatzen diogu hemendik.
Orain urte batzuk ezinezkoa ziruditen hainbat ekitaldi aurrera ateratzeko gogor egin dugu lan, eta lan horrekin 2007ko ekainean Eibarko kaleetan zehar egongo gara, furgoneta baten inguruan, ezinezkoa zen hori ekinez egin daitekeela frogatzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: