Eskerrik asko!
Ziztu bizian pasa zaizkigu hainbeste denboran buru-belarri antolatzen aritu garen San Juan jaiak. Asteburuko ekintza multzo eder bat lortzeko asmoa zen gurea eta herriko gazte guztiontzat atseginak izango ziren egitaraua prestatzen saiatu gara. Pasatu dira jaiak, urteko egunik luze eta gaurik motzenak berehala joan zaizkigu. GASTEkook pozik geratu gara, emaitza ona izan dugula esan genezake. Baina hau ez da hemen bukatzen, jaiak hobetzeko asmo hau, ez baita urte batetik bestera egiten den lana, prozesu batean murgildu gara eta pixkanaka etorkizunean geroz eta jai hobe batzuk bizitzea dugu helburu.
Hala ere, 2007ko San Juanetako momentu asko beti gogoratuko ditugunak izango dira. Eibarren partiduaren emaitza zen GASTEren esku ez zegoen gauza bakarrenetarikoa, hala balitz, edozer egingo genukeen igandean bizitako poza eta zoriona herritar denei bermatzeko. Opari ederra jokalariek eman zigutena!
Festa, festa eta festa. Horrela laburtu daitezke Eibarren bizitako ekainaren 22, 23 eta 24a. Gure alde zegoen guztia egin dugulakoan gaude, horregatik ezin dugu inor ahaztu, jaso dugun laguntzarik gabe ez bailitzake posible izango aurtengo egitaraua aurrera eramatea. Eskerrik asko, Eibarko Udalari eta laguntza eskaini diguzuen enpresa, denda eta tabernari guztioi. Baina bereziki eskerrak eman beharrean aurkitzen gara igandean txahala erretzeko laguntza eskaini zeniguten guztioi. Urkizuko Casa Galiciari, Balkoi tabernari, Baisi garagardotegiari, Agiñaspi tabernari, Guri-Guriri…baita bertara gerturatu eta borondaterik onenaz gurekin lanean aritu zineten guztioi. Zuen laguntza ezinbestekoa gertatu zitzaigun guztia aurrera ateratzeko.
Eskerrik asko beraz GASTE Gazte Elkartearen izenean, hemendik aurrera zuek guztiokin elkarlanean jarraitu nahiko genuke.
Baina hau guztiaren gainetik, gure taldea goraipatu gabe ezin gara geratu…Eskerrik asko bihotzez Eibar!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: