Soziolinguistikaren gida sexuala (Ahoa bete sexu)

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-07-23 15:55
2

Benitori agindu bezala, Sechu Senderen Guía Sexual da Sociolingüística itzuli eta euskarara moldatu dut. Hona hemen emaitza. Gainera, asteburu honetan Bilbon Euskalsex izan da. Sexua eta euskara lotu ei dituzte, ba guk aurrerapauso bat emanez sexua eta soziolinguistika lotuko dugu.

AHOA BETE SEXU

Gure gorputz barruan beste pertsona bat sartzen den lehen aldia, normalean mingainaren bidez izaten da, ahoaren bidez. Bale, aurretik pertsona hori besarkatu ahal duzu, edo belarrian kosk egin. Baina besteen gorputza benetan esploratzen duen lehena mingaina da, aho barruko sekretuak agerrarazten duena. Gure ahoa ezagutzarako biderik nagusienetako bat da, dudarik gabe.

Horregatik, gaitza da ahaztea pertsona baten barruan sartzen zaren lehen aldia, pertsona bat zure barruan sartzen den lehen aldia.Izan ere, horren bidez gure intimidadea erakusten diogu beste pertsona bati, mingainarekin eta ahoarekin gure nortasuna adierazten diogu.

Ba al zenekien musu bat ematerakoan 29 gihar mugitzen direla? Eta gure taupaden erritmoa bikoitzen dela? Eta odolaren oxigeno maila igotzen dela? Bai, musuek bihotzari on egiten diote. Eta, gainera, argaldu egiten dute. Musu on batek 12 kaloria erretzen ditu-eta.

Baina garrantzitsua da jakitea musua bi pertsonen kontua dela. Musua dastamen papilen arteko komunikazioa da, mingaina eta ahosabaiaren arteko komunikazioa, haginen eta ezpainen arteko komunikazioa. Eta hizkuntza erabiltzean bezala, eman eta jaso egin behar da, eskaini eta onartu, aurrera egin eta atzera egin, zarata atera eta isilik egon, sartu eta irten. Izan ere, musua ematea gizakien arteko komunikazioaren adierazpen gorenetako bat da.

Euskararen normalizazioa komunikazio prozesu gatazkatsua da. Eragile sozial kritikoenek administrazioaren hizkuntza politika salatzen dute, edo komunikabideen mespretxua, edo eskolak belaunaldi berriak ez dituela euskalduntzen. Prozesu honetan etengabeak dira aldarrikapenak eta kexak. Hizkuntza galtzea drama da, bai horixe. Baina zer gertatuko litzateke hizkuntzaren normalizazioaren diskurtsoa plazerrarekin lotuko bagenu? Gozatzearen diskurtsoaz berba egingo bagenu eta musuaren analogiaz? Umore apur bat beharrezkoa da, gauza serioen gainean berba egin ahal dugu irribarrea ahoan. Musu bustiez ari ginen ... Soziolinguistikaren Gida Sexualean:

1. Gure ahoarentzat eska dezagun beste ahoek duten gozamen bera.

2. Bila ezazu eroso zauden pertsona bat eta aurrera! Ezagutzen ez duzun pertsonekin bat-batean egitea sarritan gozagarriagoa da.

3. Normalizazio prozesua soziala da, konforme. Baina pertsona bakoitzetik hasten da, pertsonen artean komunikazioak trukatzean datza. Bakarrik gauza asko egin ahal ditugu, asko gozatu. Samurragoa da, ordea, beste pertsona bat(zu)ekin musuka ibiltzea.

4. Zure aitak edo amak ez bazuten ikasi, edo ez bazizuten esan zelan egin, lasai, ez da ezer gertatzen, ... Zure kabuz ikasteko garaian zaude oraindik.

5. Gai honen inguruan beti egon dira (eta daude) tabuak, mitoak, informazio gutxi eta ezjakite handia ... Bazter itzazu beste garai batzuetako aurreiritziak eta aurrera.

6. Batzuei gustatuko litzaieke probatzea. Izan ere, jakin badakite gehiago gozatuko dutela. Baina moztu egiten dira. Aukera bat eman. Lotsak bazter batean laga eta ahoarekin goza.

7. Oraindik jende askok pentsatzen du gure ahoa erabiltzea ez dela dotorea, gure ahoa apur bat baldarra dela. Ez dute puta ideiarik ere ez. Kasu gutxi, beraz.

8. Ahoa harremanak sortzeko, integratzeko, jendea ezagutzeko eta jendeak gu ezagutzeko tresna ezinhobea da. Ahoa erabili ezean, jai duzu. Baina, faborez, ez zaitez astuna izan.

9. Gau bateko igurtzi azkarra izan daiteke. Edo bizitza osorako harremana. Batek daki.

10. Ahoa (hizkuntza) eraginkorra da erabiliz gero. Praktikak hobetzen du jarduna. Inor ez da jakitun jaio.

11. Pertsona batzuek arazo psikologikoak izan ditzakete eta, ondorioz, ahoa ez erabili normaltasunez. Arazo horiek -soziolinguistikaren arabera diglosia, autogorrotoa, ...- konponbidea izan badute.

12. Pertsona batzuek arazo ideologikoak izan ditzakete eta, ondorioz, ahoa ez erabili normaltasunez. Arazo horiek zailagoak dira konpontzen.

13. Musukatzea ere ekintza kulturala da. Zure jendarteko kultura errespetatu. Ipar poloan biziko bagina eskimalen artean, arrunta litzateke musuak ematea sudurrak igurtziz.

14. Pertsona batzuek uste dute euren ahoa besteena baino erabilgarriagoa, gaituagoa, erakargarriagoa eta hobea dela. Hara, zer azkarrak diren batzuk.

15. Torloju musuek, hizkuntzak bezala, ez dute pertsonak bereizten, demokratikoak dira: ez dute inor diskriminatzen ez adinagatik, ez arrazagatik, ezta sexu edo jaiotzagatik ere.

16. Osasunerako ona da, bizitza kalitate hobea izateko ere. Gaur egungo munduan ezinbestekoa da gaitasun hau taxuz garatzea.

17. Batzuek uste dute pertsonei prestigioa hizkuntzek (ahoek) ematen dietela. Baina ez da horrela. Pertsonak gara gure hizkuntzari (ahoari) prestigioa eman edo kentzen diogunak. Gure hizkuntza baloratzen ez badugu, nork demontre egingo du?

Ahoa, beraz, gure burua ezagutzeko eta beste pertsona batzuk ezagutzeko biderik onena da. Onena da hizkuntza gure sexualitatea bezala bizi: aske, gozatzen, arduratsu eta osasuntsu. Normaltasunez, kontxo!!

Soziolinguistika eta ahozko sexuaren arteko harremanez berba egingo dugu beste baten. Edo daborduko egin dugu ...



2007-11-15 22:18 #1

2007-11-15 22:18 #2


Utzi iruzkina: