Ibiliz eta ibiliz
Pasa den barikuko jardunaldietan izan nintzen, lanean izan ere. Hori dela eta, hitzaldi batzuk ez nituen ikusi (Gorka Barruetabeña eta Paula Kasaresena), beste batzuk oso gutxi (Ferran Suay, Jasone Mendizabal eta Mirari Bereziartua) eta, gainera, tailerretan ere ez nuen parterik hartu. Beraz, ikuspegi orokorrik ezin eman. Ikuspegi orokorra izateko, e2ibilian webgunean Topaguneak oso jarraipen zehatza egin du. Ponentziak eta aurkezpenak eskuratzeko ere hara jo. Blog honen lagun batek ere kronika ederra egin zuen.
Baina hiru hitzaldi bai jarraitu nituen. Eta hiru horiek komentatzea gustatuko litzaidake.
- “Zertarako euskara?” Amaia Antero: oso hitzaldi hippia iruditu zitzaidan. Gauzen zentzua galdetzen duten horietakoa. Hala ere, beharrezkoa da horrelako galderak egitea eta erantzuten saiatzea. Beste ikuspuntu berri bat emozioei jaramon egiten diona.
- “Hizkuntza estetika bezala” Fermin Etxegoien: probokatzailea, zirikatzailea. Ikusitakoen artean (eta irakurritakoen artean) berritzaileena eta iradokitzaileena. Teoria mailan oso ondo formulatu du Ferminek, agian ez dut horren klaru ikusten aplikazio praktikoa, baina tira. Honi lotuta beste kontutxo bat: ponentzia banatzen denean, irakurtzea hitzez hitz ez da oso ariketa gomendagarria.
- “Edukiak eta eskemak” Sergio Monge: euskara maila eskasa izan arren, kriston esfortzua egin zuen eta eskertzekoa da. Lehen zatian ondo ibili zen komunikazio eraginkorrerako eskemak eta edukiak azalduz. Adibide praktikoetara joaz, apur bat galdu zelan iruditzen zait. Blogak, wikipedia eta holakoak aipatu zituen, baina ez dut uste gaiarekin lotura handiegirik zutenik.
Beste ponentzia guztiak irakurri ditut honezkero, baina ez dut euren gaineko iruzkinik egingo. Irakurri eta gozatu, eta oparitu gura baduzue.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: