Gaztelania ohetik bota duten bikoteak
Aspaldi idatzi nuen Klusterrak egindako ikerketa baten harira. Ba, oraingoan Argiakoek ere gai berari heldu diote eta hizkuntza aldatu duten bi bikoteri elkarrizketa egin diete.
Gaztelaniatik euskararako abentura
Zestoan beharrean Murillon biziko bagina euskaraz egingo al genuke?
Sekula ez dugu hitzartu zein hizkuntzatan egin behar dugun
Hona hemen:
«Zestoan beharrean Murillon biziko bagina euskaraz egingo al genuke?»
Nagore Olazabalek (1978) eta Alfonso Ayesak (1976) umetatik ezagutzen dute elkar. Olazabal udaratan joaten zen Nafarroako Murillo el Fruto herrira. 700 biztanleko herria Tafallatik hegoekialdera dago, ez zaio asko falta Aragoikin muga egiteko.
Murillo el Frutokoa da Ayesa. Lanean hasi eta pare bat urtera euskara ikasten hasi zen, 20 bat urterekin. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bakarka metodoa erabili zuen. Bakarkako lana zuen, bai; herrian inork ez daki euskaraz eta ETB1 ez da ikusten. Autoan eta etxean Euskadi Irratia entzuten zuen.
Bakarka metodoarekin gora eta behera zebilen, baina udaratan Olazabalekin gaztelaniaz hitz egiten segitzen zuen. Hirugarren ikasturtea egiten ari zela hasi zen Olazabalekin. Harremanak gaztelaniaz jarraitzen zuen hala ere, baina Olazabal zestoarra izan. Hau da, %80ak baino gehiagok euskaraz dakien Gipuzkoako herrikoa. Harako bisitak hasi ziren eta Ayesak dioen moduan, Kutsidazu bidea Ixabel deskubritu zuen neska-lagunaren baserriko familiarekin. Murilloarrak ez zien ulertzen, hika egiten zutelako, azkar eta hitzak janez... “Nagorek asko laguntzen zidan egoera horietan”.
Zestoa ezagutu zuen, euskara poliki-poliki ikasten ari zen... baina noiz hasi ziren elkarren artean euskaraz hitz egiten? Ayesak: “Elkarrekin hasi eta gero”. Olazabalek: “Nik esango nuke Zestoara bizitzera etorri zinenean [duela hiru urte] hasi ginela euskaraz”. “Baina telefonoz egunero hitz egiten genuen. Orduan euskaraz egingo genuen ba”. “Telefonoz euskaraz? Aurrez aurre bai, baina telefonoz ez, zailagoa da”.
Olazabalek uste du oso lotuta daudela Zestoan bizitzea eta beraien arteko harremana euskaraz izatea gaur egun. “Guk ez dugu inoiz planteatu zein hizkuntzatan hitz egin behar dugun. Gaztelaniaz ezagutu genuen elkar eta nik esango nuke Zestoara etorritakoan aldatu dugula hizkuntza. Koadrila guztiz euskalduna daukat, herrian edozein tokitan egin dezakezu euskaraz. Alfonso etorri zenean nire lagunek bazekiten euskara ikasten ari zela eta euskaraz egiten zioten. Kalean euskaraz egiten genuen, eta beraz, etxean ere bai. Zer gertatuko zen Zestoan beharrean Murillo el Fruton biziko bagina? Euskaraz egingo al genuke?”. Mutil-lagunari begira esan du: “Zure herrian ez zenuen lortuko orain hemen lortu duzun euskara maila eta pazientziarik izango al genuen euskara maila kaxkarragoarekin euskaraz egiteko?”. Ayesak ez dio kontrarik egin, baina gauza bat argi du: “Nagorek esan du ez dugula planteatu zein hizkuntzatan izan gure arteko harremana, baina ni euskara ikasten hasi nintzen nafarra naizelako eta euskalduna izanda euskara jakin nahi nuelako”.
Xantaia linguistikoa
Murilloarrak oso gutxitan jotzen du gaztelaniara. Ez omen dauka sentimenduak-eta espresatzeko zailtasunik: “Nagoreri hitz egiteko zailtasunak? Ez, berarekin da errazena, konfiantza daukat, okerrago moldatzen naiz lanean eta urduri jartzen naizenean”. Hala al da, Nagore? “Bai, bai, esango nuke berak nik baino gehiago eusten diola euskarari. Zerbait konplikatua esan behar diodanean, azkar bukatzeko batzuetan erdarara jotzen dut, baina berak ez”. Pazientzia handia dauka Ayesak ikusita nola izaten dituzten haserrealdiak: Olazabalek lehen kolpean esatekoak esaten ditu eta ondoren Ayesak, nola euskaraz gaztelaniaz bezain ondo ez den moldatzen, bi aldiz pentsatzen du esan behar duena. Hori xantaia linguistikoa dela esan diogu eta barre egin du. Olazabalek beste xantaia linguistiko bat kontatu digu: “Batzuetan esaten diot: ‘Esan nizun ba atzo halako eta halako!’ eta berak: ‘A, ez nizun ulertu’”.
Ayesa ederki moldatzen da euskaraz, baina hala ere galdetu diogu Olazabali ea zuzentzen dion: “Gramatikarik ez diot zuzentzen, nahikoa ikasi zuen Bakarkarekin! Entonazioarekin ibiltzen da gaizki, erdarazko entonazioa erabiltzen du euskaraz. Hori zuzentzen diot. Egia da baita ere azkar, gutxi ahoskatuta eta hitzak janez hitz egiten duela”. “Baina hitzak zuek ere jaten dituzue!”, “Bai, baina zuk hitz klabeak jaten dituzu!”.
Elkarrizketa bukatzen ari garela izen-abizenak galdetu dizkiegu. Alfonsok azkar-azkar esan dizkigu bereak, eta kazetariak: “Ayesa Tamarín?” “Ez! Marín” eta Olazabalek: “Ikusten?”.
Bai, kazetariak ez dio ulertu. Alabaina, seinale ona da, “eta” esan beharrean “ta” erabiltzen du. Zestoartzen ari da.
«Sekula ez dugu hitzartu zein hizkuntzatan egin behar dugun»
Laudioarrak (Araba) dira biak. Natxo Urkijo (1960) Lanbide Heziketako irakaslea da eta Bego Macias (1966) AEK-ko irakaslea eta arduraduna. 1970eko hamarkadan, orain 17.000 biztanle inguru dituen herrian, biztanleriaren %1ak baino ez zekien euskara. Orain, herritarren erdiak baino gehiagok daki.
Maciasek eta Urkijok hurrenez hurren 17 eta 24 urte zituztela ezagutu zuten elkar. Gaztelaniaz hasi zuten harremana. Urkijok ordurako euskaraz egiten zuen, 13-14 urterekin lagun baten konpainiarekin hasi baitzen euskara ikasten. Irakasle titulua ateratzea zuten helburu. Euskararen munduan murgildu nahian, delineatzaile izanda, euskal filologia ikasten hasi zen Urkijo. UEU ezagutu zuen eta Hizkuntzalaritza Saileko arduraduna izan zen. Maciasek giro euskaldunean zebilen Urkijo ezagutu zuen: “Txillardegi eta horrelakoekin zuen harremana. Afariak eta bazkariak egiten zituzten eta ni joaten nintzenean isilik egoten nintzen; dena ulertzen nuen, baina ez nintzen hitz egitera ausartzen. Afari-bazkari haiek flaxa ziren niretzat”.
Eta noiz hasi zineten bion artean euskaraz? Galdera zaila edo aldrebesa bota duenaren sentsazioa du kazetariak. Hala dio Urkijok: “Lehen bi-hiru urteetan erdaraz egiten genuen, baina ez gara konturatu noiz aldatu genuen eta nola izan zen. Ez genuen erabaki bat hartu, ez dugu sekula hitzartu zein hizkuntzatan egin behar dugun. Orain ez daukagu erdaraz ezagutu gineneko oroimenik”. Maciasek gogoan duenez, berak euskara maila lortu arte aritu ziren gaztelaniaz, “nik askatasuna lortu arte, beldurra kendu arte”. Denbora gutxian asko ikasi zuen Maciasek, mutil-lagunarekin mintzapraktika egiten zuen, nahiz eta hasieran lotsatu. Urkijok emazteari hala bota dio: “Ustiatu ninduzun orduan, zure onerako”.
Euskararako bide horretan zailtasun berezirik izan al duten galdetu diegu. Urkijok: “Nik maila neukan eta eskua botatzen nion”. Eta segituan Maciasek: “Deformazio profesionala zeukan eta ondo zetorkidan. Baina komunikatzeko gaitasuna bagenuen”. Maciasek aitortu digu senarrak asko zuzendu izan diola, baina zuzentzaile ona dela: “Batzuetan hasten gara ergatiboarekin eta esaten dit: ‘nork nik’ eta nik: ‘k esan dut’ eta berak ‘ez, ez duzu esan’... eta horrela ibiltzen gara”. Urkijori lagun batek esan zion berarekin euskaraz egitera ez zela ausartzen zuzenduko zionaren beldurrez: “Disgustua izan zen hori entzutea, etxekoei zuzentzen diet, baina kanpokoei ez”.
Bere adineko oso gutxik elkarren artean euskaraz egiten duen herrian eguneroko harremana euskaraz du bikoteak. 17 eta 13 urteko alabek ere “identifikatuta” dituzte. Lagunak alabekin gaztelaniaz aritzea ohikoa da, baina haien gurasoek telefonoa hartzen badute lagunek beti euskaraz egiten diete.
Eta zergatik euskaraz? Urkijo serio jarri da: “Norbere buruarekin kontsekuente izan dadila. Kanpotik begiratzeko gaitasuna izan behar dugu kontura gaitezen zertan ari garen. Lagun batek kontatu zidan nola ez zitzaion gustatu Hendaiara joan eta zerbitzariak euskaraz ez egitea. Eta hemen zer gertatzen da? Hura gu bezain euskalduna izango zen, baina frantsesez egiten zuen. Euskalduna banaiz euskaraz egin behar dut. Agian oso atzerakoia naiz, baina nire baitan ez da ulertzen euskalduna izan eta euskaraz ez egitea”. Teoriatik praktikara doa Macias: “Euskara ikasi dugu erabili ahal izateko”.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: