Eralan kronika

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2008-11-18 17:44
1

Soziolinguistika Klusterrekoek bidali didate Eralan jardunaldiaren kronika blogean argitaratzeko eta, zelan ez, ni esku zabalik.

Lan munduan nola eragin erabileran? Galdera honi erantzun nahi izan zaio azaroaren 13an Zamudioko Parke Teknologikoan antolatu den topaketan. Soziolinguistika Klusterrak koordinatutako EraLan ikerketa-proiektua horri erantzuteko metodologia garatu eta aplikatzen aritu da 2 urtetan zehar eta topaketa honen bidez eman nahi izan ditu ezagutzera bertan garatutako puntu garrantzitsuenak. Proiektua sakontasun gehiagorekin aztertu ahal izateko, argitalpen bana eman zaie topaketara etorritako 80 gonbidatuei.

Pilar Kaltzada, Innobasqueko komunikazio zuzendariak. Berrikuntza eta hizkuntzen kudeaketari buruzko hausnarketa egin du bere hitzaldian, eta EraLan-ek ikuspegi honetatik egiten duen ekarpena azaldu; EraLan-en metodologiak ematen duen ikuspegi orokorra da azpimarratu duena.


Gizartea oso azkar ari da mugitzen eta aldaketa hori gure planetara ere ekarri behar dela esan du. Hizkuntzek, gainera, zer esan handia dute egoera berri hauetan erakundeek garatu behar dituzten baloreetan: Aniztasuna eta kohesioa. Hain zuzen ere, etorkizunean gizarte edo lurralde berritzaile izan nahi duen erakundeak, inguruari lotutako baloreak indartuko dituela iragarri du. Testuinguru honetan, euskararen erabilera lehenetsiko duten lan-esparruak sustatzea izango da helburu erakunde berritzaileentzat.


Hitzaldi honen ondotik, EraLan ikerketa-proiektuaren mamia azaldu dutenek hartu dute hitza: Batetik, J. Inazio Markok, EraLan-en zuzendari izan denak (UPV-EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi-Metodoen Saila) eta bestetik, EraLan-en metodologia garatu eta praktikan jarri duten erakundeetako ordezkariek: Jon Ajuria eta Fermin Perez (Bizkaiko Foru Aldundia), Juanjo Ruiz (Emun Koop. E.), Joxean Amundarain (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Aitziber Madrazo (LAB Sindikatua).


J. Inazio Markok EraLan-en kokapena egin eta garatutako EPEsA metodologia azaldu du (Euskara Planetarako Esku-hartze Analitikorako metodologia). Honekin batera, proiektuaren izaera esperimentala azpimarratu du eta 1.0 bertsioa den hau probatzera eta ekarpenak egitera animatu du jendea. Metodoa aplikazioa erakundeetako langileek egiten dutenez, hurrengo aldietarako parte hartzaileak beraiek egotea bere lekuan proposatu du.


Aurtengoan, erakundeetako langileak ez, baina erakundeetan interbentzioak gauzatzeko arduradun izan direnek hartu dute hitza. Guztiek baloratu dute positiboki egindako lana eta gauzatutako interbentzioaren berri eman dute, goiz bateko jardunaldiak eskaintz en duen denbora mugatuan. Azpimarratutakoen artean, lortutako emaitzak, jendearen inplikazioa eta esperimentazioa izan dira.

EraLan-en orain arteko jardunak mamia duela erakutsi du. Horregatik, aurrera begira jarri da Soziolinguistika Klusterra. Egindakoa abiapuntu hartuta, etorkizunerako egitasmoa prestatzen ari da eta horren berri eman dute Nekane Goikoetxeak, EraLan-eko 2. fasearen zuzendariak, eta Oihana Lujanbiok, EraLan-en koordinatzaileak, Soziolinguistika Klusterraren izenean. Zehazki, “lidergoa” aldagaian zentratuko da ondorengo bi urtetako lanketa.


Eguna borobiltzeko, Europara jo dugu. Durk Gorterrek, Ikerbasqueko ikerlari frisiarrak, Europan zehar hizkuntza gutxituek duten egoera ekarri digu. Irakurketa orokor baten ondotik, galesaren eta frisieraren arteko konparaketa egin du. Laburtuz, lan munduan (sektore pribatuan, zehazki) ematen zaion lehentasunarekin lotu du galesaren egoera soziolinguistiko hobea eta frisieraren egoera txarragoa.

Topaketaren hasieran, ordezkari instituzionalek hartu dute hitza. Aizpea Otaegik, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak, proiektua garatu duten eragileei eskerrak ematean, EraLan-ek aurrera eraman duen elkarlana azpimarratu du.


Ondoren, Miren Dobaranek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiak, EraLan-en metodologia goraipatzearekin batera, beren erakundean praktikan berriz ere jarriko dutela adierazi du.


Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari orokorraren txanda etorri da ondoren: EraLan-en aitzindaritza berrikuntzaren ikuspegitik izan da berak azpimarratutako ideia.


Hizkuntza Politika Sailburuordetzako ordezkari gisa, Erramun Osak hemendik aurrerako lankidetzarako prestutasuna adierazi du. Ezagutza igo arren, erabileran eragitea baita erronka eta EraLan bezalako ikerketa-proiektuek horretan lagun dezakete.


Azalpen hauen guztien aurkezpenak, argazkiak eta EraLan argitalpena bera Soziolinguistika Klusterraren webgunean zintzilikatuko dira azaroaren 27an.



SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA


txerra

txerra 2008-11-26 16:24 #1

Agindu legez, ponentziak igo egin dituzte euren webgunera.<br><br>Ponentziak, <a href="http://www.soziolinguistika.org/eu/node/3599">hemen</a>.<br>


Utzi iruzkina: