Derioztarrak bost kontinenteetan
Pasa den astean nire herriko euskara elkarteak ekimen polit bezain interesgarria jarri zuen martxan: Derioztarrak 5 kontinenteetan.
Eta zertan datza? Ba, aste osoan zehar hainbat derioztarrek kontatu zuten euren bidaiaren bat, euskaraz eta jendaurrean, argazkiz eta mapaz hornituta. Astelehenean Ozeania izan behar zen, baina emaleak, lan arazo batzuk tarteko, ezin izan zuen hitzaldia eman eta Txinari buruzko emanaldia egin zuen Udanek. Asteartean Afrika, asteazkenean Amerika eta ostegunean Asia. Eta dena borobiltzeko, barikuan Jon Maiaren Apaizac obeto.
Herriko jendeak bere bidaiak kontatzea. Sinplea da ideia. Eta herriko hainbat lekutan (aurten euskaltegi biak, CANtxa, Trippy taberna eta Gurea aretoa). Eta emaitza? Ba, bost hitzaldien artean 100 pertsonatik gora, batez beste 25 hitzaldiko (kontuan hartuta Deriok 5.000 biztanle duela eta horietatik %30 gutxi gorabehera euskalduna dela).
Eta, gainera, inguru hurbilean eragiten, auzo-komunitate-herrian eragiten. Fishmanen ereduaren arabera, eragin beharreko oinarrizko esparruan. Eta merke, oso merke egin daitekeen hitzaldi zikloa, 0tik gertu du kostuak. Euskararen erabilera ez du normalizatuko, ez horixe. Baina aurrerapauso xumea da norabide egokian. Hurbila, gertukoa, motibatzeko modukoa. Datorren urtean berriro egingo dugu(te).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: