Barreiatzen 9: Iker Martinez de Lagos
Soziolinguistikaren dibulgazioari buruzko barreiatzen sail honetako 9. alea da gaurkoa. Gurekin Iker Martinez de Lagos, Topaguneko kidea.
.
Azken hilabeteetako inpresioa da, baina ez ahal dago aspaldi honetan hitzaldi ziklo ugari? Ez al dago inoiz baino foro gehiago euskararen komunitatearen eta euskalgintzaren etorkizunari buruzko kezkarekin? Baietz esango nuke. Badirudi hizkuntza komunitatean kezka zantzuak daudela. Garai berrien atarian, dagoeneko hirigunetakoak garenok ere barneratu dugu baserri giroko terminologia eta goldetik ereitera pasatzen ari garela ematen du.
Aldaketa garai honetan hainbat apunte egin daitezke etorkizunari buruz, baina inoiz baino gehiago jakintzak leku garrantzitsu bat izango duela (edo izan beharko duela) ematen du, eta beraz, bai soziolinguistika dibulgazioak eta baita formazioak ere garrantzia berezia hartu beharko dutela. Eta horretarako aukera paregabea dago: izan ere, ez da alperrekoa izango urtetan egindako ibilbidea, metatuta dagoen jakintza, soziolinguistikaren gainean Euskal Herrian dagoen aditu kopurua zein kalitatea eta kanpotik ezagutza ekartzeko ere inoiz baino aukera gehiago dugu.
Jakintzaren transmisioan eta dibulgazioan apustua egitea funtsezkoa izango da hurrengo urteotan, beraz. Baina Txerrak egindako galderak nola eta norekin egin behar den dibulgazio hori galdetzera garamatza.
Batetik, euskalgintzan (euskararen gizarte eragileetan) ari garenon artean bereziki urgentea iruditzen zait ezagutza soziolinguistikoa zabaltzea. Ibilbide oparoa egin duen mugimendua da euskalgintzarena, gizarte mugimenduak sortu eta urtetan garatu eta hedatu den mugimendua. Mugimendu honetatik sortu eta transmititu dira hainbat esperientzia, ekimen eta jarduera; era berean, egitura indartsuak sortu eta industria bat sortu da. Talde honetan baina, ezagutza soziolinguistikoaren transmisioa nahi baino eskasagoa eta murritzagoa izan dela esan daiteke. Belaunaldi berrien beharrean dago euskararen gizarte mugimendua eta belaunaldi prestatuak behar dira; transmisio hori zaintzea tokatzen zaigu. Topagunean azken urteetan egindako hausnarketaren ondorioetako batzuk dira hauek, eta nago, euskalgintzako beste eragile batzuentzat ere baliagarria izan daitekeela.
Bigarren multzo batean aipatuko nituzke hizkuntza politikan erabakiak hartzen dituzten erakunde eta pertsonak (ordezkari politikoak, alderdiak,...) eta baita hizkuntza plangintzan ardurak dituztenak (euskara teknikariak, nagusiki). Bi talde ezberdin dira eta beharrak ere ezberdinak dira batzuen eta besteen artean (euskara teknikarien artean, nagusiki, aniztasun handia dago), baina gero eta nabarmenagoa da soziolinguistika ezagutzaren beharra handia dela sektore hauetan.
Lehen bi multzo hauei garrantzia handia ematen diet. Izan ere, batzuetan hizkuntza politikaren edo hizkuntzaren garapenaren gaineko eztabaida eta iritzietan oinarri eskasa ikusten da eta arduraz jokatzea eskatu behar dugu, bai gizarte eragileen artean eta baita botere publikoetan ere. Intuiziotik asko egin dugu Euskal Herrian eta hori ez da txarra berez, baina gaur egun badugu ezagutza eta jende prestatua eta ezagutzari leku gehiago egin behar zaio. Zentzu horretan, ezagutza berria sortzen jarraitu beharko dugu.
Azkenik, gizartean oro har ere, dibulgazioa landu beharra dago. Iritzi publikoan eragina duten pertsona eta erakundeen erantzukizuna sartzen da jokoan hemen, ematen diren iritziak oinarrituak izan eta pedagogikoak izaten asmatzea garrantzitsua da.
Laburbilduz, erakunde guztiek (publikoek eta gizarte eragileek) eginkizun garrantzitsua dute ezagutza soziolinguistikoaren dibulgazioan eta horri lotutako formazioan. Bakoitzak bere ahalmenen eta aukeren arabera egingo du hau eta ahalik eta modurik anitzenetan egitea komenigarria litzateke; formatu guztiak dira baliagarria: hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, dokumentalak, hezkuntzarako materiala, eskuliburuak, komikiak, erakusketak,... Baina garrantzia emango nioke dibulgazioaren klabea denon buru eta estrategietan argi egoteari, erakunde orok ekintza oso ezberdinen bidez (eta ohiko ekintzen bidez ere) izan baitezake dibulgaziorako aukera. Eta azken ideia modura, ez nuke ahaztu nahi, Soziolinguistika Klusterraren funtzioa indartzeak duen interesa, besteak beste, horretarako sortua izan zen eta ondo ari da lanean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: