Euskaldunak Txinara, lehen eta orain (II)

No profile photo Euskal Herria & Txina | 2019-07-17 10:38

EUSKALDUNAK TXINARA, LEHEN ETA ORAIN (II): ARO MODEROAN (1550-1800)

 

Txinara joan izandako lehenengo euskalduna Frantzisko Xabierkoa (1506-1552) omen zen, nafar jatorriko jesuita. Japoniatik Shangchuan uharte txikira (Txinako hegoaldean) lehorreratu zen 1552an eta bertatik Txinako kontinentera sartu nahi zuen misioak aurrera eramateko. Hala ere, bertan gaixo egon eta hil zen urte bereko abenduaren 3an (Euskararen Eguna izango zena).

1575ean, Martin Arradakoa (1533-1578), agustindarra zena, Jeronimo Martin adiskidearekin Manila Espainiar Inperioaren koloniatik Quanzhou-ra (Txinako hego-ekialdeko kostaldean) lehorreratu eta Fuzhou-ra joan zen, bertako gobernadoreari Kristautasuna zabaltzeko baimena eskatzeko. Ezetza jaso zutenez, Filipinetara itzuli ziren. Gertaera hau Espainiar Inperioaren eta Txinatar Inperioaren arteko lehen kontaktuetako batetzat hartu ohi da. Bestalde, bidaia horretan oinarrituta, liburu bat idatzi zuen, garaiko europarrentzat Txina ezagutzeko iturri garrantzitsua izango zena.

Halaber, 1581ean eta 1585ean, Martin Loiolakoa (1550-1606), gipuzkoar frantziskotarra, bi aldiz joan zen Macaura, portugesen koloniara, Txinako barrualdean ebanjelizazioa hedatzeko. Baina bere aurrekoek bezala, oztopoa aurkitu eta utzi egin behar zuen.

Misiolariak izan ezik, administratzaile euskaldun bat ere egon zen Txinan: Manuel Agote (1755-1803). Getariar hau Guangzhou (Kanton) hiriko portuan Filipinetako Errege Konpainiaren agente bezala ibili zen 1787 eta 1796 bitartean, Europaren eta Txinaren arteko merkataritzaren bitartekaritza-lana eginez. Gizon ilustratu honek, gainera, Egunerokoak idatzi zituen urte horietan zehar, Europari garaiko Txinaren egoerak erakusten saiatuz.

Are gehiago, Aro Modernoan zehar europar merkatari, garraiolari edota itsas-gizon ugari iritsi izan zen haien kolonietatik -hala nola, Ameriketatik eta Filipinetatik- Txinako kostaldera, zilarrak ekarriz eta luxuzko produktuak eramanez. Pertsona horien artean, ziur aski euskaldun dexente izan zen, alturako merkataritzan aktiboki parte hartzen zuena. Hala ere, ez dugu aurkitu datu zehatzik.

Beraz, Aro Modernoan zehar Txinara joandako euskaldunak Kristautasunaren mundu mailako zabaltze prozesuaren testuingurukoak eta Portugalgo eta Espainiako itsas harandiko inperio eta merkataritzaren zabaltze prozesuaren testuingurukoak ziren. Euskal jatorriko misiolari, administratzaile eta merkatarietako batzuek aktiboki parte hartu zuten bi prozesu horietan, Europaren eta Txinaren arteko kontaktu erlijioso eta komertzial zuzena bultzatzen saiatuz XVI. mendearen erdialdetik.


Utzi iruzkina: