Jean-Pierre Duvoisin idazlearen hilobia

No profile photo Euskargazki | 2024-03-20 12:18

ekaitz.santazilia@unavarra.es 1710347386251

Ekaitz SantaziliaCC BY 4.0, via Wikimedia Commons.

Ekaitz SantaziliaCC BY 4.0, via Wikimedia Commons.

Hemen dago ehortzirik Jean-Pierre Duvoisin (Ainhoa, 1810/05/15 - Ziburu, 1891/01/30). Familia oneko idazle honek Larresoroko apaizgaitegian egin zituen ikasketak baina ez apaizteko: aduanako mugazain bukatu zuen. Herriz herri ibili zen bere lanean, baina ezaguna baldin bada, idazle oparoa izan zelako da.

Artikuluak idazten zituen prentsan eta orduan aski esanguratsu ziren Antoine d’Abbadie edo Augustin Chahorekin elkartrukatutako gutunak ere gordetzen dira. Horiekiko harremanari esker ezagutu zuen Louis-Lucien Bonaparte printzea eta harentzako aritu zen gogor lanean. Hori horrela, itzulpen franko egin zituen, baina baita bereak diren lanak ere. Bereak dira, esaterako, berandu argitaratutako Baigorriko zazpi liliak (1832) edo 1858ko Laborantzako liburua. Itzulpenak ugari dira eta bere lumak euskaratutako idazleen artean ditugu Cervantes, Fénelon edo Demostenes besteak beste. Euskarazko lan zenbait lapurdiko euskarara ekarri zituen, Bonaparteren aginduz zenbaitetan, baina honen manurik garrantzitsuena, dudarik gabe, Bibliaren lapurterazko itzulpena da, bi Testamentuena, eta Duvoisinek agindua bete zuen: atalka argitaratu zuen Bonapartek 1859 eta 1865 bitartean Londresen, Bible Saindua edo testament zahar eta berria, egun arte ereduzko itzulpena dena.

Hilobia Ezpeletako hilerrian dago, eliza inguruan. Hilerria epistolako aldetik gurutzatzen badugu, elizaren abside ondora ailegatu bezain laster aurkituko dugu hobia, lehen Miss Frantzia izandako Agnès Soureten ehortz-lekutik gertu. Hainbat pertsona daude hor ehortzirik, Duvoisinen ama eta senideak batez ere. Hilobiak, gureari dagokionean, hala dio xume: “Jean Pierre Duvoisin / Homme de Lettres / décédé le 30 1 1891”.

Gehiago jakiteko:


Utzi iruzkina: