Amonaren magalean. 2.Joxepa erara

epelde-lizaso 1456132255157 Kaixo family! | 2007-05-02 09:38

         Diabetikoa zen Amona. Laugarren pisuan, ezkerrean, bizi ginen gu, Izeta Plaza hirugarrenean eta Amona osaba Andresekin batera hirugarren pisuan ezkerrean. “Imanol esaiok hau Amonari, edo eramaiok beste hau Amonari edo junai bera ta ekarri zak halako”. Amak bidaltzen ninduen sarri eta nik kontra eginagatik joan egin behar izaten nuen. Orduko oroimen flashak usain eta guzti iristen zaizkit oraindik: bazkal garaian edo bazkaldu berritan, osaba Andres mahaian periodikua letzen eta amona garbiketan edo txukunketan. Biak sukaldean. Eta oroimena frejitzen didate Amonak sarri etxerako ematen zizkidan sardina errebozatu haiek, Joxepa erara. Haiek bezalako gustua zuten sardinarik ez nuelako eta ez dudalako topatu inoiz, inon. Sardinak “Joe, Ama, Amonak bezala” prestatzeko eskatzen nion beti. Baina sardinak Amonak bezala Amona Joxepak soilik prestatzen zituen. Gatzik gabe hori bai. Erruz bota behar izaten genion horratik.

            Amonak azken urteetan gure etxean egindako denboran gure amak janaria gatzik gabe prestatzeko ohitura hartu zuen eta gaur da eguna, egun haien arrastoa oraindik igertzen dena gure etxeko plateretan. Eta niri, lenteja platerari gatza botatzen diodanean Amona etortzen zait gogora eta bigarrengo platerean sardina errebozatu batzuk gustora jango nituzkeela pentsatzen dut, Joxepa erara.


Utzi iruzkina: