Hilen Erreinua

No profile photo Egipto | 2008-11-28 12:30

Antzinako egipziarrek heriotzaren ostean beste mundu bat zegoela eta mundu hori lurrean bizitzen dugun mundua bezalakoa zela pentsatzen zuten; desberdintasun bakarra heriotzaren osteko bizitza betirakoa zela. Arazoa heriotzaren osteko bizitzara heltzea izaten zen ez baitzen beti lortzen. Arimak epaiketa bat igaro behar izaten zuen, eta auzitegiak erruduntzat jotzen bazuen arima guztiz suntsitzen zuten.
Egipziarrek pentsatzen zuten gizaki bakoitzak bi arima mota desberdin zituela. Lehena Ka izenez ezagutzen zen eta elikagaiek ematen diguten bizitzeko indarra dela esan genezake. Bestea,  Ba izenaz ezagutzen zen eta gaur egun arimatzat ezagutzen dugunaren antzekoa dela esan dezakegu.
Pareteko margoetan eta eskulturetan Ka hildakoaren kopia bezala adierazten zen eta Ba giza-burua zuen txori bat bezala adierazten zuten.


Heriotzaren ostean, momifikatutako gorputza eta Ka arima hilobian geratzen ziren, momifikatutako gorputzak bizirik jarraitzen zuela pentsatzen baizuten. Ba arimak, bestalde, Osiris jainkoaren auzitegiraino bidaiatzen zuen eta horretarako beheko itsasoko urak zeharkatu behar izaten zituen. Hain zuzen ere, hainbat piramidetan aurkitu izan dira eguzki txalupa izenaz ezagutzen ziren txalupak, Bak bidaia hori gauzatu ahal izateko.

Arimaren epaitegia Anubis jainkoak hasten zuen. Anubisek arima Justizia gelara eramaten zuen eta gela horretan aurkitzen zen balantzan jartzen zuen hildakoaren bihotza. Balantzaren beste platerean Maat jainkosaren adierazgarria zen luma bat jartzen zuen eta hortxe hasten zen hildakoaren konfesioa.
Hildakoak gauzatutako bekatuak biltzen zituen zerrenda bat irakurtzen hasten zen. Bekatu hauen pisuak lumaren pisua gainditzen bazuen, hildakoa zigortzen zen: hildakoaren bihotza Amut "Zanpatzaileari" botatzen zitzaion; krokrodiloaren burua eta hipopotamoaren gorputza zuen lehoi itsusiari.

Hildakoaren hitzak zintzoak izaten baziren, bihotza luma baino arinagoa bihurtzen zen eta Osiris, Isis eta Neftisek Paradisuko ateak irekitzen zioten. Hilezkortasuna lortzeko prozesua misteriotsua eta berdingabea izaten zen.
Esan beharrekoa da hilezkortasuna faraoien esku zegoela bakarrik; mendeak pasatu behar izan ziren nobleak ere eskubide hori lortzeko. Jende xumeak ez zuen jainkoekin eternitatea bizitzeko pribilegiorik, horiei erdi-bideko leku bat erreserbatzen zitzaien.