Hiru urte...
Dagoeneko hiru urte iragan dira. Ia denok oroitzen dugu non ginen eta zer egiten ari ginen Madrilen gertatzen ari zenaren inguruko informazioa iristen hasi zenean. Lehen albisteekin, askori burutik pasa zitzaigun ETA egon zitekeela basatikeria haren atzean. Euskaldunon izenean narraskeria dexente eginak ziren, eta hura beste bat izan zitekeen. Zergatik ez? Ez dezagun ahaztu ia 1000 hildako utzi dituela bere historia beltzean...
Baina atentatu harek beste estilo bat zuen. Trenak, zibilak, abisurik gabe...Otegiren hitzak, Europatik zetozen berriak, etb.-ek eguerdirako nahiko argi uzten zuten atentatuak islamisten gauza izan zirela.
Baina orduan hasi zen iruzurra. PP-k bere makinaria jarri zuen martxan egia argitara atera ez zedin. Hauteskundeak hiru egun beranduago ziren eta islamistak izan zirela konfirmatzen bazen, beraienak egin zuen. Irak-eko inbasioaren faktura kobratu behar zioten islamiarrek eta ordaina boterea galtzea zen. Eta ez zeuden hori hain erraz egiteko prest.
Hala ere, iritzi publikoa ez da beraiek uste eta nahi duten bezain inozoa eta egia jakin zen. Ondorioz, hauteskundeak galdu zituzten.
Hiru urte... eta oraindik ez dute porrot hori gainditu. Erreta jarraitzen dute beraien gezurrak agerian jarri zirelako. Atzo Madrilen montatu zuten manifestazioa horren ageriko da.
Eskuina oldaturik dago eta boterea berreskuratu nahi du. Hori lortu ahal izateko aspaldiko moduak berreskuratzen ari da, eta gezurra, gorrotoa eta zatiketa metodo bezala erabilita galdutakoa irabazi nahi du.
Esaten dute historia ez errepikatzeko, atzera begiratu behar dela noiz edo noiz. Ariketa hori egiten badugu, Estatuan duela 70 urte gertaturikoari traza handia hartzen ari zaio gauza. Eta denok dakigu nola amaitu zuen gauzak...
Errepikatzen utziko diegu?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: