Liv Ullmann

cinecitta 1456131852781 Cinecittá | 2007-09-08 14:18
4

“Aktore ona naiz, talentua dut. Gaztea nintzenean, ez nekien nola erabili talentu hori, baina zuzendari egokiarekin lan eginez gero, berak laguntzen dizu barrukoa ateratzen. Bergmanek aktore ona naizela uste du, eta nik badakit bera genioa dela: eman didan konfidantza oso garrantzitsua izan da niretzat.”

Begi urdin zoragarriak eta edertasun sentsual paregabea ditu ageriko ezaugarri Liv Ullmann-ek. Artista handia da, zuzena, zintzotasun harrigarriz iristen den horietakoa. Kameraren aurrean, negar egiten eta eragiten daki, irribarre malenkoniatsu sakona du, eta ezinezkoa da, segundo batzuetan berari begira egonez gero, berarekin ez maitemintzea. Karrera luze eta oparoa osatu du, osatzen ari da. Horregatik emango diote aurten Donostia saria. Liv Ullmann-ek gure txokoak zapalduko ditu, gure airea arnastuko du, eta gure etxetik oso gertu egingo du lo, Euskal Herriko zerupean. Zorionekoak gu!

Japonian sortua (Tokio, 1938, abenduak 16), eta Norvegian hazia. Teatro aktore ezaguna izan zen, Ingmar Bergmanek Persona (1966) filmean munduratu zuen arte. Etorkizun handiko aktorea zela eta, Bergmanek begiz jo zuen, eta  Farö irlara (Suedia) eraman zuen, Bibi Anderson-ekin batera,  Persona filma egitera. “Ez dakit zergatik hautatu ninduen, agian persona erraza, eramangarria, naizelako” esan zuen Ullmanek urte batzuk geroago.

Film hau, zuzendari suediarraren ezagunenetakoa izateaz gain, bien arteko amodioaren sorleku izan zen. Honela azaldu zuen Bergmanek berak, 1986an, Linterna Mágica liburuan, Liv Ullmannekin bizi izan zuen amodio istorioa: Persona egiten ari ginela maitemindu ginen. Hankasartze izugarri baten ondorioz, Farö-n bertan etxe bat eraiki nuen Liv-ekin bizitzeko, baina berari zer nahi zuen galdetzea ahaztu zitzaidan. Urte batzuk eman zituen nirekin. Gure deabruen kontra borrokatu ginen ahal genuen bezala. Los Emigrantes (1971) filmean Kristina-ren papera proposatu zioten. Hura egitera joan zenean, biok bagenekien gure artekoa bukatuta zegoela.”

Liv Ullmannen bizitza, beraz, ezin da ulertu Ingmar Bergman gabe. Lagun minak eta kide artistikoak izan dira Bergmanen heriotzera arte (2007). Alaba bat izan zuten elkarrekin 1966an, Linn Ullmann, egun idazle sonatua dena. Aipatutako Persona-z gain,  Bergmanen film askotan hartu du parte: La hora del lobo (1967), La vergüenza (1968), Pasión (1969), Gritos y susurros (1972),  Secretos de un Matrimonio (1973), Cara a cara (1976) El huevo de la serpiente (1977) Sonata de Otoño (1978, Ingrid Bergmanekin batera) eta Saraband (2003).

1994an aktore izateari utzi zion zuzendari aritzeko. “Orduan hitz eman nuen, Ingmarrek eskatuz gero baino ez nintzela itzuliko”, azaldu zuen.  Honela, Saraband (2003) filmean ikusi genuen berriro Secretos de un Matrimonio-ko (1973) protagonistaren paperean. “(Ingmar Bergmanekin) berriro lan egitea oso naturala egin zait, etxera itzultzea bezala izan da. Orain (Bergman) gizon baketsuagoa da. Farö-n bizi da oraindik, bakarrik, ez da ia inorekin egoten, beno, tarteka telefonoa erantzuten du”, esan zuen aktore Norvegiarrak, pixka bat penatuta, 2004an egindako elkarrizketa batean.

Sofie (1992), Kristin Lavransdatter (1995), Encuentros privados (1996) eta Infiel (2000) filmak zuzendu ditu, azken biak Ingmar Bergmanek berak idatziak. Kritika bikainak jaso ditu guztietan.

Jan Troell-en (Malmo, Suedia, 1931) zuzendaritzapean ere film ugari egindakoa da:  La novia de Zandy, La Abdicación, Los emigrantes (1971) eta El Nuevo Mundo y Los pioneros.

Oskarretarako hautagai izan zen Los Emigrantes (1971) eta Cara a cara (1976) filmeetan egindako lanengatik, eta kontaezinak dira bere aktore karreran jaso dituen sariak. Bat aipatzearrean, 1988an Donostiako Zinemaldian jaso zuena La amiga (1988) filmarengatik.

Bi liburu zoragarri ere idatzi ditu: Senderos (1977) eta Opciones. Liburuotan bere burua biluzten du, bere bizitza kontatzen digu, bere amodioak, bere esperientziak... ikuspegi hunkigarri eta gertuko batetik.

Batik bat zinemagintzan eta idazketan aritu bada ere, ez da geldirik egoteko emakumea: Europar Zinemako Zuzendarien Federazioko lehendakari da, eta UNICEF-eko enbaxadore izan da hogei urtetan. Ezaguna da, aldi berean, errefuxiatu politikoen alde egiten duen lanagatik.

borthuzai

borthuzai 2007-09-08 15:49 #1

Oso post ona DrRobert.
Liv Ullmann-i donostia saria bere lan ikaragarriengatik ematen diotela argi dago, merezi du. Eta sari hau aspalditik lotua izango dutela pentsatzekoa da baita ere, baina niri ere Liv Ullmann aipatu, eta Bergman etortzen zait burura ezinbestean (Persona, Gritos y susurros eta beste hainbat eta hainbat) eta baita ondorengo beste kontu hau ere:
Jakingo duzun bezala, donostia sariei 'hiltzaile' fama jarri zioten orain urte batzuk, jasotzen zuten artistak handik gutxira joaten zirelako San Pedroren atetik beste aldera. Eta ez dakit oraingoan ere antzeko zerbait gertatu ez ote den Bergmanekin.
Ez dakit, ni behintzat, sari hau azken batetan Bergman-engana doala pentsatuta poztu egiten naiz, bere arima ikaragarriaren aldeko azken omenaldi bat bezala ulertu litekeela pentsatuz alaitu egiten naiz, hala ulertu nahi dut... (Bo! nere paranoiak!)

Bestalde, Liv Ullmann beste behin ere donostian izana omen da, 1988. urtean Jeanine Meerapfel-en 'La amiga' filmearekin, eta aktoresa onenaren saria jasoz gainera. Baina noski, artean ni mutikoskor bat nintzen, jaun-hartzea egin berria edo, eta oraindik ez nekien nor zen ere, eta noski, are gutxiago benetako jainkoa Ingmar Bergman zela. :-)

DrRobert

DrRobert 2007-09-08 16:21 #2

Woody Allen-ek esana:

"Lehen mailan ikusleari urterik urte entretenimendu on bat eskaintzen dioten zuzendariak daude. Bigarren maila batean, zinemagintza sakonagoa, pertsonalagoa, originalagoa, zirraragarriagoa... egiten duten artistak daude. Eta, azkenik, horien guztien gainetik, Ingmar Bergman dago. Ziurrenik, bera da zazpigarren arteak, kamera zinematografikoa asmatu zenetik, maila guztietan izan duen artistarik handiena".

Ezaguna da Woody Allenek Bergmani dion miresmena. Sonrisas de una noche de verano (1955) filmaren gainean egindako bertsioa horren adibide. Bere filmeetan sarri egiten dio keinuren bat Bergmani, Maridos y Mujeres-en (1991), adibidez, Fresas Salvajes (1957) aipatzen du. Nik ez dakit ados nagoen erabat Woody Allenekin, baina suediarra zuzendari ikaragarria iruditzen zait, gehien markatu nauten horietakoa.

Bergman eta Ullmannen arteko harremanaren txutxumutxu bat: Saraband (2003) egiten ari zirela, Bergmanek biluzteko eskatu zion Ullmanni eszena batean. Honek ezetz, eta sutan jarri zen zuzendari suediarra: botila bat bota zion, eta asmatu ez zuenez, atzetik korrika joan zitzaion, "merezitako" zigorra ematera. Azkenean, denek irri batean bukatu omen zuten. Une hartan Bergmanek 85 urte zituen, eta Liv-ek 64. Haien arteko harreman zoragarriaren adibide polita iruditzen zait.

Feministek sarri erasotu izan zuten Bergman, emakumeaz ematen zuen irudiagatik, baina Liv Ullman berak esana du emakumeez hitz egiten zuen zuzendari bakarrenetakoa zela, nahiz eta, bere ustez, sakonean gizonezkoen gainean aritzen zen. Aktore norvegiarrak biziki estimatzen zuen Bergman emakumeez aritzea.

Ea egun hauetakoren batean, denbora pixka batekin, Bergmani buruz zerbait idazteko aukera dugun...

borthuzai

borthuzai 2007-09-08 19:59 #3

jajajaja! harrapatu haut! Hori 'La noche de...'-n esan zien aste honetan! (Saraband-eko kontu hori :-)

Feminista horiek ez dute puta idearik ere. Bergman-entzat, gizonezkoen bortizkeri fisiko, psikologiko edo existentzialaren (ulertu bedi jainko kristau maskulinoa zigortzaile, urrun, ukiezina; gogoratu bere aita artzain erligiosoa zela...) aurkako erantzuna edo soluzioa zen emakumea, ama, amabirgina...
bueno ez dakit, nire lagun bat kontu honetaz konbentzitua dago, eta niri ere jada pixka bat burua jaten ari zait :-)

Ziurrenik ezagutuko duzu baina El País-en, Bergman-en heriotzaren inguruan mintzo den Woody Allen-en artikulu bat argitaratu zuten egun triste hartatik gutxira. Oso oso interesgarria.
Hemen duzu.

DrRobert

DrRobert 2007-09-09 02:07 #4

Jajaja

Ez diat La noche de ikusten, arrazoi sinple batengatik: nire gelan etzeukeat telebistarik. Dena den, txutxumutxua ezagun xamarra duk.

Bergmanen zinemanik nik ere ez diat matxistatzat hartzen. Uste diat horrelako kontuen gainetik zegokela. Baina, etzekiat, ez diat ikuspegi hori gehiegi sakondu. Hire esplikazioa interesgarria iruditzen zaidak oso. Gainera, Liv Ullmannek berak Secretos de un matrimonio filmean ez dik prexisamente emakume matxistaren papera betetzen, bere erabakiak eta bideak hartzeko gai izatera iristen denarena baizik. Hori ere oso interesgarria duk.

Heziketa gogorra jaso zian, bai, eta kosta zitzaioan bere ideiak garatzea. Pentsa, Nazia (edo nazien aldekoa behintzat) ere izan huan gazte garaian! La Linterna Mágica-n aitortzen dik hori pasarte batean. Ikusten da, bai, honek ez ziala Gunter Gras-en problemarik horrelakoak aitortzeko. :-)

Eskerrik asko loturarengatik, irakurri gabe nian.

Utzi iruzkina: