DEATH PROOF, ZERGATIK EZ?

cinecitta 1456131852781 Cinecittá | 2007-09-11 19:57
1

 Komeni da filme hau ikustera inolako aurreiritzi moralik gabe joatea. Tarantinok indarkeria tratatzeko duen moduaz ez gara ariko, nahikoa hitz egiten baita horri buruz. Ez dut uste zuzendariaren helburua jendeari sufriaraztea denik, alderantziz, gozatzeko modu entretenigarri bat eskaintzen dio. Ez zait iruditzen indarkeria hori guztia hain doakoa denik, bere zentzua du, ez indarkeriak berak, ez pertsonaien inguruko topiko guztiek, indarkeria hori eta topiko horiek guztiak sormen lan bihurtzeak baizik. Horrek duen edo ez duen esanahia filosofoen eskuetan utziko dugu. Bestela, norberak atera bitza bere ondorioak. Niri gustatu zait. Death Proof filme ona da. Zergatik ez?

 

Ondo zuzenduta dago. Elkarrizketa luzeak, Pulp Fiction-en (1994) egiten duen modura, esan genezake 60. hamarkadako zinema abangoardistatik datozela. Kasu honetan, filmearen lehen zatian hiru neska “txoro” (berak hala ezaugarritzen ditu) ditugu, eta gustatzen zait haien artean nola jartzen dituen harremanetan: elkarri naturaltasun osoz hitz egiten diete, (naturaltasun deformatua litzateke, karikaturizatua, nahi bada, “sasi-naturaltasuna”, baina “sinesgarria”, edozein kasutan) eta Godard-ek berak egingo lituzkeen mozketak egiten ditu editaian. (Godard-en muntaiaz esan izan da edozein tokian mozten zuela, pentsatu ere egin gabe, eta zorte handia zuela, gero ondo geratzen baitzen askotan. Mi diccionario de cine, Fernando Trueba, 2006. Esan beharrik ez dago ez natorrela bat iritzi honekin, ez Godard-en kasuan, ezta Tarantinorenean ere).

 

Eta zer esan filmeak duen tentsioaz? Ez da suspentsezko tentsioa, ikusleak ondo asko baitaki zerbait gertatuko dela. Tarantinok sunpentsioa erabiltzen du, alegia, etorriko dena etorri baino lehen gertatzen den horretan jartzen du arreta, eta esaten digu: “Bai, badakizue zer gertatuko den, baina itxaron pixka batean, lehenengo ikusi pertsonaiak, aztertu egoera, pentsatu nola gertatuko den”. Eta gertatzen denean, besterik ezin duzu egin: momentuaz gozatu.

 

Bigarren zatian, goitik behera aldatzen da kontua. Hasiera beretsua da: neska “txoroak” eta elkarrizketa luzeak. Baina oraingoan ikusleak beste zerbait espero du, eta Tarantinok eman egiten dio: “Inoizko jazarpen eszenarik onena”. Grand Theft Auto bideojoko sailaren estilora, baina pantaila handian: demasa.  

 

Eta gidoia... zer axola dio horrek? Izan ere, zer da gidoi on bat?  Zein sinesgarritasun maila behar du istorioak? Tarantinok lortzen du sinesgarri egitea... edo ez, nahi ez bada. Berdin dio, Death Proof jolasa baita, jolas hutsa, jolas betea. “Bizitzaren misterioa” argitu nahi duten kritikariek eman dezatela izena sekta batean, baina ez bitez joan Tarantino ikustera. Hori ba J.

 

Tarantino eta Godard

 

“Tarantino eta nire artean dagoen alde handiena zera da: zinema nigan bizi dela eta Tarantino zineman bizi dela”. Jean Luc Godard

 

Tarantinok biziki miretsi izan du Godard. Elkarrizketa eszenak zuzentzeko modua aipatu dugu lehenago. Hona hemen bien arteko lotura pare bat:

 

- Vivre sa vie: Film en douze tableaux (Jean Luc Godard, 1962) filme bikaineko dantza eszenari omenaldia egin zion Tarantinok Pulp Fiction-eko Uma Thurman eta John Travoltaren eszena famatuan. (Dirudienez, zuzendari amerikarrak Bande à part -Jean Luc Godard, 1963- filmeko eszenan oinarritzeko esan zien Thurman eta Travoltari Pulp Fiction-ekoa egiteko)

 

Ikusi hemen filme honetako dantza eszena zoragarria: http://www.youtube.com/watch?v=ekQZPozjCX8

 

- Biak abiatzen dira zinemagintzaren ezagutza handi batetik, eta beren filmeetan “keinu”ak egiten dizkiete beste garaietako filmeei. Godard-en À bout de soufflé-n (1960), Jean Paul Belmondok kearekin putz egiten dio Bogart-en txartel bati, eta Tarantinok Jules et Jim (Francois Truffaut, 1961) filmearen txartel bat azaltzen du.

Slobodan

Slobodan 2007-11-06 10:06 #1

Tira, tira... omenaldi bezala eta estilo-ariketa bezala ona, zinema-produktu bezala ertaina, entretenigarriaz haratago doana baina ez askoz haratago. Hala ere, honelako filmak ikustean batek badu argizarizko Audrey Hepburn bat ikustean duen sentsazio tristea; originala nahiago. Eta nahiago askozaz ere B/C serieko zinema originala, benetan 'gore-kasposoa' dena, Peter Jacksonen <em>Braindead</em> (espainolez <em>Tu madre se ha comido a mi perro</em> izena ere eramandakoa), eta haren lehenagokoak. <br />


Utzi iruzkina: