Berbalagun talde batekin solasean
Badira hilabeteak Berbalagun egitasmoa berriz ere martxan jarri genuenetik Deustun. Gorabeherak izan dira, batzuk agertu, besteak desagertu, baina gaur egun 5 talde finko dabiltza dinamika iraunkorrarekin biltzen, eta haietako bat blogera hurbiltzea pentsatu dugu.
Honako taldean Tamara, Esti, Shere, Gorka, Olvido eta Iñaki ari dira asteroko hitzorduetara agertzen, ordubeteko solasari loturik ostegunero. "Ostegunero biltzen gara taberna berean eta eguraldi ona egitekotan paseotxo bat ematen dugu Deustutik" diosku Iñakik, taldeko euskaldun osoaren funtzioa betetzen duenak. Orain dela urte batzuk Deustuko Mintzalagun egitasmoan euskaldun gaiaren funtzioa jokatzen zuen berak, eta gaur egun "beste aldera" pasatu zaigu, Berbalagun egitasmoaren (azken finean hizkuntzaren) izaera dinamikoa erakutsiz.
"Aukera gutxi daude euskaraz egiteko, nik adibidez ez dut inor ezagutzen euskaraz mintzatzeko", bota digu Tamarak, Estik bere aldetik "lanean soilik egin dezaket euskaraz batzutan, nire lagunak euskaldunak izan arren ez didatelako euskaraz egiten, nahiz eta ni ohitura hori apurtzen saiatu" komentatzen duen bitartean.
Bai Gorkak bai Tamarak azaldu dutenez "ez genuen euskara erreala, bizia ezagutzen, klasetik kanpo ez genuelako zuzeneko harremanik euskaraz inoiz izan". "Euskara batua kalean, normaltasunez erabilita, ez dugu ezagutzen" ere entzun dugu haietako baten hitzetan. Shere umezaintzan aritzen da, baita haurrei euskaraz mintzatzen ere, baina haiek gaztelaniaz erantzuten diotenez ez du euskaraz egiteko aukerarik normalean.
Egoera hau kontuan izanda gustora datoz ostegunero euren berbalagun taldera "berbalagunean hasi arte ez genuelako inolako aukerarik euskaraz giro atseginean eta lasai hitz egiteko" diote orokorrean. Azterketak bukatu eta eguraldia hobetu orduko prest daude mendira, hondartzara edo tabernatik kanpoko beste edonora joateko, beraz bide luzea ikusten diogu berbalagun talde honi!
Azkenik, esan berbalagun egitasmoa ez dagoela geldi, eta parte hartu nahi duen orok, izan euskaldun oso izan gai, irekita dituela taldeetako ateak.
Iruzkinak
idi-bihotz 2007-05-07 11:25 #1
zein da ahuntz bizardun hori?? alegia, kokotsari darizkion ile solte parea modu erabat txundigarrian daraman gizagaixoa? halako berbalagun estilosoak maizago beharko genituzke.
Utzi iruzkina: