Gotzon Garate: “Euskara ez bada beharrezkoa galdu egingo dugu”
Gotzon Garate Goihartzunek arrasto handia laga du ibili den leku guztietatik. 1968tik hona Deustua izan da bere habia, bertatik egin ditu euskal kulturarentzat eta euskararentzat bere ekarpenik garrantzitsuenak.
Argizaiola eman dizute Durangoko Azokan. Zelako esperientzia izan da?
Alde batetik, ohore handia, benetan. Nire lanaren onarzea da, holako sari batek hori adierazten du, aintzakotzat hartzen direla nire ahaleginak euskararen alde. 34 liburu idatzi ditut euskaraz, Euskal Filologia sortu nuen, bazter guztietan euskararen alde jardun dut. Batzuk behintzat ohartu dira. Gerediaga elkarte indartsua da, Durangoko Azoka euskal kulturaren termometroa da, urteroko lana hor agertzen da. Beraz, Durangoko Azokak saria ematea handia da.
Gogoan daukazu hasierako Durangoko Azoka?
Bai. Kanpoan ibili nintzen arren, aurreneko azokak hartu nituen. Durangoko Santa Mariako arkupetan. Benetan orain hartu duen indarra, hainbeste jende, eta produkzio aldetik ere askoz hobeto, ... hori dena pozgarria da.
Zelan izan zen euskaraz idazten hastea?
Euskararen kontzientzia hartu nuen hamabi urterekin, 1946an, Francoren urteak bete-betean. Orduan dena erdaraz zen, ez zegoen beste biderik. Gero jesuita sartu nintzen eta Loiolan jesuita talde euskaltzale kontzientziatu bat elkartu ginen. Giro euskalduna zegoen, egunero dotrina ematera joaten ginen, euskaraz. Gauean ere baserritarrentzako eskolak, euskaraz. Sei urte egin nituen Loiolan, niretzat oso pozgarriak, gustura. Baldin bada leku bat euskalduna zazpi probintzietan hori Loiola da. Katuek ere euskaraz egiten dute! Gero teologia egitera Innsbruckera joan nintzen baina irakasleek, esate baterako, alemanez irakasten bazuten nik euskaraz hartzen nituen apunteak. Gero Suizan bi urte egin nituen marxismoa ikasten eta berdin egiten nuen. Horregatik, Deustura irakasle etorri nintzenean marxismo irakastera, nik klaseak erdaraz eman behar nituen baina nire oharrak euskaraz zeuden. Testuak erdaraz egiteko esaten zidatenean nik erantzuten nuen: ‘euskararen alde egin ahal badut zer edo zer, egingo dut. Bestela denok joango ginateke erdararen aldera’.
Durangoko Azokan zentsura ekarri dute hizpide. Zuk zeuk zer esperientzia eduki duzu zentsuarekin?
Francoren garaian beti ibiltzen ginen erne. Behin gertatu zitzaidan, Bilboko justizia jauregitik deitu zidatela. Pentsatu nuen: ‘Baten batek auzia izango du eta deitzen nau lekuko’. Joan nintzen eta galdetu zidaten: ‘Zuk idatzi al duzu artikulu hau?’. Argia aldizkariko artikulua zen, gaur egun ikusita ezer larria esaten ez zuena. Euskaldunok Unibertsitate bat behar genuela idatzi nuen, asignatura guztiak euskaraz eman ahal izateko. Garai hartan hori separatismo hutsa zen eta horregatik isun bat ezarri zidaten, ez dakit zenbat pezeta baino nahiko. Argiakoek zintzo jokatu zuten eta eurek ordaindu zuten. Eta orain ere badago zentsura. Beti ibiltzen zara gobernuek ez dezatela esan ETAren kolaboratzailea zarela. Denok daukagu autozentsura. Deustuko Unibertsitatean bertan denok badakite ni euskararen alde sutsu nabilela eta berrogei urtean gainera. Orduan askorentzat ni naiz ETAkoa, benetan. Eta sekulan ez naiz ni inoren politikan sartu. Ni jesuita eta irakaslea naiz.
Noiz etorri zinen Deustura?
1968an. Apaiz egin eta Suizan urte bi eman ondoren.
Zelako Deustua topatu zenuen?
Oso diferentea. Garai hartan marxismoa indarrean zegoen. Hemen, Unibertsitatean, gazte jator eta langileak marxismoan eta sozialismoan sartuta zeuden. Anekdota bat kontatuko dizut. Marxen obrak erosi genituen eta denak lapurtu zituzten. Eta marxismoari buruzko mila liburutik erdia lapurtu zuten. Horrek erakusten du nolako giroa zegoen! Orduan Leninen lanak debekatuta zeuden. Nik Moskuko Alderdi Komunistara idatzi nien esanez mesedez bidaltzeko Leninen obra osoa -52 liburu- eta beste zortzi tomo aurkibidearekin. Parisera bidali zituzten, handik Hendaiara eta lagun batekin bila joan nintzen Hendaiara. Furgoneta azpian sartu eta hona ekarri genituen. Neure gelan dauzkat. Estatu espainol osoan leku gutxitan egongo dira sasoi hartako Leninen obra osoak errusieraz. Balio handiko erlikiak dira! Marxismoari buruzko nire lehenengo liburuak bezalaxe. Ez daude eta ez dira berriz argitaratuko ez dagoelako orain horren gaineko interesik.
Euskal Filologia sortzeko ere hamaika borroka egin behar izan zenuen...
Dudarik gabe. Orduan baziren Filologia Hispánica, Filologia Inglesa, Filologia Francesa eta Filologia Alemana eta nik errektoreari esaten nion: ‘justiziazkoa da gure herrian euskal filologia ere eskaintzea’. Azkenean iragarkia bidali nuen periodikuetara esanez hurrengo kurtsoan Euskal Filologia hasiko zela Deustuan...
Behartu zenituen Unibertsitateko arduradunak...
Bai. ‘Txantajista’ esan zidan errektoreak. Horrelaxe ibili behar izan genuen. Orain, egia esanda, hobeto. Ibarretxeren planak oso alderdi positiboa ekarri du: herri batek erabaki behar du etorkizuna. Ideia hori asko zabaldu du. Ideia hori oso inportantea da. Hori beste gauza batekin oso lotuta dago. Niri askotan esaten didate baikorra edo optimista naizela. Baina baikorra izateak ez digu begiak itxiarazi behar. Euskara kinka larrian dago. Hizkuntza bat beharrezkoa ez bada galdu egiten da. Latinarekin gertatu da. Estatu Batuetako Unibertsitateetako lagun batzuek esaten didatenez, euskara ez baldin bada beharrezkoa, ‘egongo zarete borrokalari batzuk baina herriak ez du egingo, eta kito’. Azkenean erlikia bezala geldituko da. Problema hori da. Eta zergatik ez da beharrezkoa? Konstituzioaren 3. artikulua hor dago: denok erdaraz jakin behar dugu. Eta hemen hamaika konturengatik egiten dira protestak eta ondo daude baina horren inguruan ez dago ezer.
Euskal Herrian Euskarazek salatu izan du...
Bai. Horiek bai. Jatorrak dira, ezagutzen ditut, batzuk nire ikasleak izandakoak dira. Nik artikulu baten haiei esango diet, egin beharko genukeela manifestazio handi bat, modu onean. Zer esango genuke hirugarren artikulu horrek esango balu “todos los españoles tienen el deber de ser católicos”? Ni jesuita naiz baina horren kontra agertuko nintzen. Zer erlijio hartu behar dugun ez, baina zer hizkuntza hartu behar dugun hori onartuta daukagu gaur egun. Gaur egun hizkuntza askoz ere inportanteagoa da Euskal Herrian erlijioa baino. Eta hala eta guztiz ere, onartu egiten dugu. Ez dugu manifestazio handi bat egin esanez: hemen ezin gaituzte behartu ez erlijio bat hartzera ez hizkuntza bat hartzera. Euskara beharrezkoa ez bada, galduko da. Etorkinek erdaraz ikasten dute erdararekin Euskal Herrian bizi daitekeelako inongo problemarik gabe.
Gaur egun euskaldun alfabetatu askoz be gehiago dagoen arren, euskal literaturaren irakurle kopurua ez ei da horrenbeste hazi...
Nire ilobek ikastolan ikasi dute baina erdal giroan bizi dira. Erdal giroa handia da. Telebista bakarra dago euskaraz eta beste guztia erdaraz. Bonbardaketa ikaragarria daukagu erdararen aldetik. Orduan gure buruko ‘artxiboak’ eta erdaraz daude. Eta irakurri ere askok erdaraz errazago irakurtzen dute, gehiago irakurtzen dutelako euskaraz baino. Eta hori etengabeko soka da. Zenbat eta gehiago irakurri hizkuntza baten, bestean zailago. Hau oso tristea da, ez dut uste beste nazioetan gertatzen denik, baina esan behar da: hemen liburu gehien, euskaraz, ikastetxeetan irakurtzen dira. Eta beste alde batetik, erdaraz hainbeste gauza on eskaintzen dizkigute. Liburuetan denbora gutxi daukagu eta erdaraz liburu on bat badaukat hori irakurriko dut. Erdal eskaintza zoragarria da.
Batzuek diote gu kultura txikia garela eta holakoak izango garela.
Niretzat hori egia da. Ingelesezko literatura, esate baterako, zabal-zabala da eta ez bakarrik ingelesena. Indian ere bai, ... Produkzio zoragarri horren aleak, eta askotan gaztelaniara itzultzen dira, ba irakurri egiten dituzu. Nik beti soluzio bat eman dut: herri bakoitzak jakin beharko luke bere ama hizkuntza eta ingelesa. Bakoitzak eutsi bere hizkuntzari eta gainerakoekin, ingelesa. Guk euskaraz eta espainolekin eurekin ere, ingelesez. Horrek, badakit, utopia hutsa ematen du. Euskara, espainola eta ingelesa ikasten badugu, espainolarekin geldituko gara.
Eskolak emon barik zaude aspaldion. Idazteko asti gehiago?
Bai. Horregatik eskatu nuen. Baina beste alde batetik ikasleen zuloa eta hutsa sumatzen dut. Asko. Ni oso ederki moldatzen nintzen ikasleekin. Nik beti esaten dut: maitasun handia eta errespetu handia. Txotxolokeriekin ez neuri! Serio baina ikus dezatela: ‘irakasle honek maite gaitu’. Bai, zulo hori sumatzen dut. Baina mundu honetan dena ezin liteke. Euskaraz esaten da: elijitzea, sufritzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: