Euskal gazteon GORROTOMETROAn tenperatura igotzen hasi da

berangonbizi 1456131440904 Berangon.. | 2007-12-18 17:12

Abiadura Handiko trena, Bologna prozesua, etxebizitza eskubidearen ukazioa, gaztetxeen desalojoak, prekarietatea, espekulazioa, proiektu txikitzaileak, lan istripu-erailketak, unibertsitateen merkantilizazioa, kontrol soziala, kontsumismo basatia... Berangoko gazteoi pazientzia bukatu zaigu! Ez dugu onartzen eta ez dugu sekula onartuko egungo sistema neoliberalak inposatu nahi dizkigun bizi-baldintzak. Zuekin etorkizunik ez!

 

AHT-arekin gorrotometroetan tenperatura igotzen hasi zen.

Bada garaia sistema kapitalistaren aurka borrokatzen hasteko. Inolako konplexurik gabe, miseriara kondenatu nahi gaituen sistema honen aurka gure gorrotoa antolatzen hasi behar dugu. Sistema beraren izaera erasokorra da: bizitzaren esparru guztietan gazteoi buru-makur eta uniformetasunean mantendu nahi gaitu, itsu-itsuan kapitalismoa jarraitzera behartu nahi gaituzte... Beren bortizkeria izkutuan azalerazten da, beren biolentziari lege edo segurtasun deitzen diote, aldi berean gazteak kriminalizatzen dituzten bitartean.

                     


Berangon GORROTOMETROA martxan!

Pazientzia bukatu zaigu, eta sistemari pitzadurak sortzeko garaia da. Gorrotatzera behartu gaituzte, eta gazteok eraldaketa soziala lortzeko bitartekoa bihurtuko dugu eurek sortutako gorroto hori.

Gauzak horrela, gazte berangoztarrok Gorrotometroak sortu ditugu gazteon gorrotoa neurtzeko. Gure ezinegona eta haserrea sortzen dituzten gaiak eta arrazoiak bertan jorratuko ditugu. Gizarteak jakin dezan zer den arduratzen gaituena. Gizarteak jakin dezan gazteon eskubideak zanpatzea ez dela musutruk irtetzen.

 

Tenperatura igotzen hasi da gorrotometroan. Abiadura Handiko Trenak eta proiektu txikitzaileek piztu zituzten lehenengo aldiz gorrotometroak. Ondoren, Bologna prozesuak tenperatura igotzen jarraitu du, egoera bor-bor-ean jarriz.

Argi utziko diegu, sistema honekin eta euren bultzatzaileekin etorkizunik ez dagoela. Zuekin, no fiutxur!


Utzi iruzkina: