Gazteek etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute Sabino Arana kalean
Hileko azken zapatuetan...gazteok kale gorritik etxebizitza gorrira!!
Azaroaren 17an larunbata, goizeko 13:00ak aldera, Berangoko hainbat gaztek etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute Berangoko Kale Nagusian. Hotzari aurre eginez, gazteek beren etxebizitza eraiki dute kale erdian, gazteok pairatzen duten prekarietatea salatzeko asmoz. Berangon abuztuan hasi zuten gazteok etxebizitza eskubidearen aldeko kanpainarekin: moskeo kanpaina, buzoneoa herri osoan, propaganda masiboa, ekimenak.. Gauzak horrela, gazteek hileko azken larunbatetan gaurko parodia errepikatuko dute, pairatzen duten egoera jasanezina delako, berangotarren artean arazoa sozializatzeko...
Negozioa, ezintasuna, espekulazioa, etorkizun beltza, txikizioa, miseria, eskubide urraketa... hori da gazteoi burura etortzen zaiguna etxebizitza hitza entzutean. Sistema neoliberalak eta espainiar zein frantziar Estatuek etxebizitza eskubidea pribilegio bihurtu dute, gutxi batzuen mesedeetarako eta probetxurako. Gazteoi kale gorrira kondenatu nahi gaituzte. Euskal Herria zementuz betetzen ari dira, ez gazteon eskubideak bermatzeko, pairatzen dugun prekarietatearen bitartez aberasteko baizik.
Berangok ere ez du espekulazio basati honetatik ihes egiten. Gure herriko etxebizitza m Bizkaiko garestienen artean dago eta egun gazteoi ezinezkoa egiten zaigu prezioei aurre egitea. Gure herritik kanpo bizitzera behartu nahi gaituzte! Gainera, egun gure herrian 589 etxebizitza huts ditugu, gazteok etxebizitza baten beharra dugun arren. Non biziko gara? Ditugun soldata prekarioekin nola lortuko dugu gure bizitza eraikitzea? Zein izango da gure etorkizuna?
Gure herriko gazteon errealitate gordinari konponbidea bilatu beharrean, Udalak luxuzko etxebizitzak eraikitzen jarraitzen ditu. Herri osoa desitxuratzeko asmoa dute, Lurralde Plan Partzialak Berangon 2000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten baitu. Gainera, Udalak bultzatu duen eraikuntza ereduarekin Berango lo egiteko herria bihurtu da: bizirik gabea, gazte girorik gabea, gero eta komertzio gutxiagorekin...
Ilusioa, eskubidea, amets egingarria, etorkizun oparoa, garaipena... Berangoko gazteon antolakuntzaz eta borrokaz, hori da gazteoi burura etorriko zaiguna etxebizitza hitza entzutean. Ez diegu gure kontura gehiago aberasten utziko! Pazientzia amaitu zaigu, ez gaituzte miseriara kondenatuko, gazteon eskubideak ez daude salgai!
Animatu hurrengo parodian parte hartzera! Abenduaren 29an, zapatua, Sabino Arana kalean, gazteok etxebizitza eskubidea errealitate bihurtuko dugu!
Hileko azken zapatuetan, gazteok kale gorritik etxebizitza gorrira!!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: