Atera gaitezen hemendik

Zatitua

belmondo 1456131428847 Atera gaitezen hemendik | 2006-06-02 13:55

Zatitua dago bere bizitza. Gura lukeena eta benetan dena bitan banaturik aurkitzen da. Zati bakoitzak adio esaten dio etengabe beste zatiari. Honela agortzen zaizkio kleenexak.


Denbora luzez zu ikusi gabe, maitea. Hemen naukazu, erdi biluzik eta gezurretan. Belarrira esango dizut: taberna gehiegi izan dira bidean, pertsona gehiegi. Zabor asko aurkitu dut, hor nonnahi sakabanaturik, ondo jantzirik. Kolore biziz ikusi nahi nuke mundua.Baina hau txuri-beltzezko pelikula bat besterik ez da.


Supermerkatuaren segurtasun kamarari begira gelditu naiz. Beste aldean nor dagoen galdetu diot langile bati. Sorbaldekin keinu leun bat egin du. Besterik ez. Eta gomazko eskularruz beteriko kaxak jaso ditu, edo lekuz aldatu behintzat. Nik kamarari so jarraitu dut. Eta eztula leun bat egin ondoren, nire hitzaldi definitiboari ekin diot:"Ez zaitudalako ezagutzen maite zaitut".


Bi lagun bakarrik izan ditut bizitza osoan zehar. Egunen batean galdu behar nituela banekienez, argazki bana atera nien. Noizbait izan zirena gogoratzeko agian. Orain argazki huts, geldi eta zaharkituak dira. Eta ez dute hitz egiten. Benetako lagunek bezala.


Taxi bat hartu nuen lehengo egunean. Hiriaren amaieran utzi ninduen eta alde egin zuen. Ez zidan ordaintzeko aukerarik eman. Hiriaren amaierako etxeek leiho txikiak dituzte, kanpokaldea ez ikusteko. Ustela baitira bertako kaleak. Taberna batean trago bat hartu nuen. Denbora eten egin zen, norbaitek doministiku batekin, unea usteldu zuen arte. Nazka sentitu nuen.Eta maitasuna.


Azkenean, beti agertzen dira pertsona berberak. Superegitura ikustezin honen buruan daudenek oso ondo aukeratu dituzte misiolari bezala jarriko dituzten lerdoak. Ez dakite zer esaten duten, baina are gutxiago dakite entzuleek, beraz, ez dago inolako arazorik.Sistema ondo doa.


Munduko presidenteari eskutitz bat idatzi nion behin, planeta lehertu eta akabatzeko metodo zehatz eta fin bat nuela esanaz. Ez nuen sekula erantzunik jaso, baina badakit orduz geroztik bere idazkariak gauero egiten duela txortan.Badaezpada ere.


Pseudointelektualek bat egingo dute nirekin, hiltzaile estatubatuarrek hobeto jorratzen dute poetika europarrek baino. Neskatxak bortxatu, hil eta Bruselako epaitegian ikusten dugu gure psikopata. Ezer berezirik adierazi gabe. Narratiba morbosorik gehitu gabe. Telebista itzaltzen dugu. Zerbait gehiago espero genuen.Pelikula amerikarretan ikusi duguna.


Ez zaizkit gaur egungo idazleak gustatzen. Ezta artistak ere. Hausnarketak egiten jartzen direnean jasangaitzak suertatzen zaizkit. Liburuak eta koadroak nahiago ditut. Bertan gelditu daitezela, isilik. Edo ez dezatela ezer egin.Ez ditut faltan botako.


Argazki kamara bat behar dut zure gorputzaren zelula bakoitzaren erretratu historikoa egiteko. Irudi bakoitzean, hauek zure istorio anatomikoa konta dezaten.Argazki kamara garestia, zu ez baitzara betiko egongo.