Atera gaitezen hemendik

Berdin zait nor zaren zu. Eta zer esaten duten zuri buruz. Berdin zait zer diozun zuk zure buruaren inguruan. Bost axola. Besteek zugan Jainko berbera ikusten dutenean, nik komunean irudikatu zaitut. Hilkor guztiek bezala kaka egiten.Zure indar guztiekin.


Kaioen kantua bezalakoa naiz ni. Itsusi eta nazkagarria. Kaioek kosta garbitzen duten bezala, nik Pariseko kaleak garbitzen ditut nire itzalarekin. Tabernetan sartzen dut burua, zu han harrapatzeko zain. Baina frakasuaren besotik helduta itzultzen naiz gauero etxera. Eta pisu huts bateko goxotasunean, kaioen kantua jartzen dut binilo zahar batean.Lo gelditu arte.


Gasolindegian gelditu naiz. Bi letrero ikusi ditut. Ezin da telefonoa piztu. Ezta zigarrorik erre ere. Zigarroa piztu eta telefonoa erre dut. Eta alde egin dut, atzean sute handi bat utziz.


Bizitza hobea litzateke Simon & Garfunkel benetakoak izango balira. Baina gezurra da dena. Bere abestiak ez dira benetan existitzen. Ezta Garfunkelen ile kiribil hori.Sinestazu, maitea. Mundua askoz ere okerragoa da.