planteamendua-2: BATERATZE ALDERA EDO.

autoreak 1456131171942 AUTOREAK.COM | 2006-03-27 00:14
5

Hasteko, milesker orain arte parte hartu duzuenei. Eta goazen harira.

Gogoratu oraindik abiapuntuarekin ari garela, hau da, formato klasikoko “planteamendua-gorapiloa-askaera” horretan, planteamenduan.

Ez dut uste oraindik gehiegi konkretatu behar dugunik, horrek partehartzaileen irudimena mugatuko lukeelako, eta mementuz “brain-storming” zoroaren epean gaude. Dena den, gure jarioa nolabait bideratzearren, istorioa pixka bat gehixeago zehaztuko dugu, zuek bidalitako ideiez baliaturik:

Gaurko egunean kokatuko dugu akzioa.

Altxor bat aipatu da baina, zertarako asmatu altxor bat, kamarotean bertan bakoitzak gehien istimatzen duena baldin badago, bizitza, alegia?  Bizirautea, handik onik ateratzea,  da norberaren altxorra, bizitza da norberak gorputz eta arima defendituko duena.

Egoera berriak (kamarotea buruz behera egoteak) orain arteko oreka apurtu du. Lehen goian zena, orain behean. Eta horrek berdin balio du kamaroteko altzairuetarako zein pertsonaien baloreen jerarkiarako. Hau da, istripuak dena jartzen du ankaz gora: sinismenak, nahiak, jerarkiak...

Hildo horretatik, nik uste dut (barkua Ondarrutarra izanik), Txomin Agirreren Kresala negatiboa egin genezakeela.

Kresalan marinelen bizitzaren ikuspuntu epiko-erromantikoa islatzen da, kostunbrista. Norberak aitamak erakutsi ziotena egin eta semealabei gauza bera erakusten diote, sekula aldatuko ez den eta sekula aldatu beharko ez lukeen (autorearen eritsiz) gizartea irudikatuz. Gure istorioan, hasteko, gauzak ez dira lehengo modukoak: gure ontziko marinel gaztea ez da herriko mutil euskaldun tantai jatorra (harek bizimodu erosoago bat topatu du edo topatu nahi du lehorrean) baizik eta Afrikatik etorritako etorkina. Eta kapitaina eta pilotua ere ez dira Txomin Agirrek irudikatutako “toles-gabeko” euskaldun prestuak.

Elementu hauek guztiak azaleratzeko  ondo datorkigu sentzumenak nahasten dituen “aluzinogeno” bat agertzea. Batek alkohola proposatu du, eta hortik doa, baina akaso alkohola topikorantz garamatza. Nire ustez hobe dator harira egoerak berak eskeintzen digun elementu bat baliatzea: oxigenorik eza.  Kamaroteko airea kutsatuz doan einean, pertsonaien jarduera geroz eta zetzugabeagoa izango da, geroz eta eroagoa.

Horrek, narrazio estilora garamatza (oraindik gehiegi sakondu gabe horretan). Oso baliagarria deritzot absurdoaren erabilerari. Ez “Ionesco” erako absurdotasuna, izan ere gure istorioa errealista da, eta sinisgarria suertatu behar du, baina egoera hain kritikoa izanda, hain muturrekoa, absurdoa erabili dezakegu. Absurdoaz baliatuz, berez dramatikoa den egoera baten tratamendu “dibertigarriagoa” egin dezakegu, komediara eraman beharrik gabe.

Bukatzeko, baten batek “flash-back”-en erabailera aipatu du. Normalean ez naiz zale, baina nik uste dut istorio honi oso ondo dagokiola (batez ere egoera “aluzinante” batean badaude marinelak) pertsonaien iragana ezagutzeko, lehen zeukaten munduaren ikuspegia, izakera... oraingoarekin alderatzeko.

Ea ba. Zuen eskuetan geratzen da istorioa berriz ere. Milesker “Ostis”, “Eneko”, “Galder”, “Arantxa” eta “Batela”ri, eta segi hortan. Eta orain arte muturra sartu ez duzuenok, animatu.

Patxo Telleria

nestor batela

nestor batela 2006-03-28 16:00 #1

eskenatokia erabat ilunetan dago. mugimendua entzuten da. Baten bat interruptore bat izan daitekeena sakatu eta sakatu ari da.

-         kaka!

mugimenduak hotsak darrai, esku batzuk zerbait bilatzen ari direla ematen du. Bat-batean kriseilu baten argi ahula. Aurpegi bat. Bi aurpegi.

-         Ondo hago? ( Hona helduta kontuan hartzeko gauza bat. Elkarrizketak Ondarrutarrez dira?)

-         Ezkerreko orkatila bihurritu dudalakoan nagok. Ze ostia gertatu duk?!

-         ze ostia gertatu dukela uste duk! 30 metroko tirain horrek irauli egin gaitu

-         eta salif? no zegok salif?

kriseilua eusten duenak alboak argitzen ditu. Iraulita dagoen itsasontzi bateko gela da. Dena hankaz gora dago. Flotagailu baten ondoan hanka batzuk ageri dira. Kriseiluak harantza daroatza bi marinelak. Hanketatik tira egin eta kriseiluak hirugarrenaren aurpegia erakusten du

-         hilda zegok

-         ze ostia egongo duk hilda! konortea galdu dik. (  salifen buruaren atzealdetik esku odoleztatua erakusten du) Bila ezak irratia (kriseilua ematen dio. Bila hasten da. Beste biak ilunetan desagertzen dira)

irratia aurkitu du. Piztu eta seinalearen hotsa entzuten da

-         Aqui la Ondarrutarra, aqui la Ondarrutarra. SOS,SOS, itsasontzia irauli egin zaigu, laguntza behar dugu!  ( Egia esan ez dakit SOS deiak horrela egiten diren. Komeniko litzateke dakien batek zuzentzea) SOS, SOS, laguntza behar dugu, erantzun joder!! ( irratiaren seinalearen hots zikina entzuten da. ez du inork erantzuten)

Eskenatokiaren beste aldean portu bateko moila ageri da. Gaua da eta moilako farola baten azpian gizon beltz bat eta neska bat besarkatzen ari dira.

eneko olasagasti

eneko olasagasti 2006-03-28 16:24 #2

Ea, ba. Jarraipentxua ematen dotsagun ondarrutar eta baltzen arteko istorio honi. Ez dakit pentsau dozuen hontaz baina ziurrenik, eta Patxok aipatu klabe errealistari kaso eginez gero, bizkaieraz egin beharko lukete ondarrutarrek gitxienez eta baltzak euskeraz egiten badau ondarrutar kutsuaz egingo dau berba. Tira, baina hau aurreragorako utziko dogu.

Egiturari eta Flash-back-ei buruz ohar batzuk. Atzera begirakoak sartzen baditugu, gauden puntuan behintzat ez diot nik balio handiegirik ikusten. Gainera, ez badugu beste pertsonaiarik sartu behar badaude beste errekurtso batzuk. Plante-korapilo-askatze horri enboltoria eman geniezaioke. Esaterako, Denboraren pasatzea adierazteko etenak egin genitzazkeen, horrela saltoak emanez nahi dugun puntuan har dezakegu ekintza eta alperrikakoak alde batera utzi. Eten hoietan, Flas-back-en ordez, agian pertsonaiek zuzenean hitzegin zezaketen ikusleekin. Hauxe da nire proposamena. Beharbada horrelaxe hasi zitekeen obra bera ere, pertsonaietako bat (Edo hirurak) zuzenean publikoari hitzeginez. Egungo dramaturgiatan askotan egiten da. Zuzenean ikusleari hitzegiteak Flas-back-en zeregin bera izan dezake, kamarotetik kanpo gertatu direnak jakitea eta baita kamrotean bertan esaten ez direnak.

Beste kontu inportante bat, arlo askotan eragin dezakeena. Zer gertatzen da bukaeran? Honek zuzenean eragin dezake estiloan. Hirurak hilko balira, ez absurdo ez ostiarik, trajedia baten aurrean ginateke. Salbatuko balira hirurak komedia ere izan zitekeen. Badakit ez dela, eh! Norbaitek zuzenean hitzegiten badio ikuslegoari horrek salbatu dela esan nahiko al luke? Beraz agian bakarra salbatu da, edo bi.... Eta nor? Ez dakit zer iruditzen zaizuen, uste dut honen inguruan ausnartu beharko genukeela.

Absurdotasunak dibertigarritasunerako bide izatearena ongi deritzot. Estiloa izanen da agian zailena.

Oxijeno-alkoholarena ongi iruditzen zait. Agian bietatik ere izan dezake. Ez denak beharbada, baina elementu distorsionagarri interesgarria deritzot gauzak muturrera eraman nahi ditugu. Etenak eginez gero gainera sobrakoa ez dugun zertan ikusi beharrikan.

Non gauden ba al dakigu? Edo non zeuden istripua izan aurretik? Inork ba la daki nolakoa den arrantzontzi bateko kamarotea. Pelikuletan ezagutu ditugun bezalakoak ez seguru. Nik Donostiako portuko batean behin izan nintzen, lo egiten zuten lekuan, eta txiki txikia zen.

Nik bi ildotan lan egitea proposatzen dut. Batetik horrelako pentsakizun eta ausnarketak eta bestetik pertsonaien inguruan. Nik oraingoz pertsonaiena beste baterako itxiko dot.

Haizea eta itsasoa lagun izan ditzazuela.

Eneko

Oharra:

Batela ez al haiz hasi lantxarapida baten modura? Dialogatzen dagoeneko. Ez zekiat. Galduta nagok.

Eneko

nestor batela

nestor batela 2006-03-29 08:58 #3

bai, akaso lar enbalatu naiz, ideia argiei daukat buruan.

Lehorreko

Lehorreko 2006-04-02 02:09 #4

Lehendabiziz sartzen naiz, atrebentzia ez bada. Bitxia iruditzen zait proposatzen duzuen joko teatral hau eta, teatrozale amorratua naizen aldetik, neu ere jokalari izatera ausartu naiz. Jakina, zaletasunak ez du zalea pareko idazle bihurtzen baina proiektuaren lehenengo urrats hauetan nire ikuspegi apala ematea badut, eta zerbait inspiratzea, bakarrik horrekin poztuko naiz.

Planteamendu eta mezua. Azertu ona deritzot iraulitako barkuari. Agerian dago planteamendu honen atzean egon daitekeen edukia eta mezu soziala, politikoa, gure gizartearen ispilu eta parodia izanik. Hortik ikusten dut nik ere argiki, beldur gabe.

Pertsonaiak.

Armadorea. ‘Europa zaharraren’ paradigma. Edadetsua eta gaixo larri batek jota, bere azken arrantz-aroa egitera joandakoa. Gogoetatsua, urteetan zehar bizi izandakoak emandako  jite eta jakintza baten jabe. Bera ere emigrante ibili zen armadorea izateko beste dirua lortu arte. Distantziak gordeta, eta bere oraingo pribilegiozko lekutik ulertuta, onerako iruditzen zaio inmigrazioa, harretaz baliatu delarik. Urperatzeaz geroztik gero eta indar gutxiago duela ematen du ezbehar berriari aurre egiteko. Etsita, atzera begiratzen dio, amorrurik gabe, pentsakor. Bitakora kaieran (oroit-liburu bihurtuta) jasotzen ditu bere azken hausnarketak.

Pilotua. ‘Estado del bienestar’-aren paradigma. Sendikoa izan daiteke edo ez, baina bai bere herentzia jasotzen duena. Egia esan, batere entusiasmorik gabe. Bizimodu erosoa izan du, ondo babestuta, eta besteengandik espero ditu beti arazoen konponbideak: administraziotik, gauzak ondo egin behar dutenengandik, ardura edukitzeagatik ondo kobratzen duten haiengandik, marina eta salbamendutik kasu honetan… Errekurtso gutxikoa, izaeraz hain konpetitiboa izateko… Bere eskubideen defentsagile sutsua, mesfidantzaz sentitzen du bizitzak dakarkion patroia izatearen patua. Planteamendu-2an aipatzen den lez, ezkutuko plan bat dauka: kapitaina hiltzean, itsasontzia saldu eta bizitza berri bat hasi lehorrean nonbait, esfortzu handirik gabe. Inmigrazioari buruzko topikoak bereganatu ditu eta etorkinak mehatxu bat bezala hartzen ditu.

Marinela. Gazte afrikarra. Gure artean direnek bidaiaren filtroa gailendu behar izan dute. Honek ere barneko indar eta kemen berezi bat erakusten du. Beste biek ez bezala honek jarrera eragilea, aktiboa, ausarta  badu larrialditik irteteko. Basoko adarrez 6 m.ko hesiak saltatzeko eskailera egiteko kapaza da. Bere lurraren historia beltza ezagutzen du baina ez du lekurik mingostasunarako. Aldiz, aurrera jarraitzeko erreflexua ondo itsatsita dauka.

Beste pertsonaia bat: inplizitua. Nire irudiko, ondo legoke beste pertsonaia hau (edo hauek, berdin dio) sartzea, itsasontziko beste aire-poltsa batean ere atrapatuta egon daitekeena. Ez du aktoreen beharrik, ez da ikusten, presentzia soinuz edo kolpez izaten baita, kainerien edo metalaren zehar. Baliabide bat izan daiteke zenbat mementotan  intentsitate dramatikoa arindu edo berotzeko, eta agin paper bat joka dezake amaieran.

Zer kontatu nahi?

Hiru belaunaldi eta status ezberdin bizitzaren aurrean hiru jarrera etiko eta existentzial ezberdin parekatzeko.

Zaharrarena. Gure kultura sozial eta politikoaren ardatz nagusiak eraiki dituztenarena. Argilunez jositako herentzia utzi dute, jakina, baina oro har, etorkizunaren aurrean jarrera zabala agertu dute, emailearena. Gizarteak badu pisu espezifikoa bat bere zereginetan. Bere garaia agortzear dago.

Helduarena. Bizirauteko premiazko beharrizanak gure gizarte aberatsak aseta, bere zilborrari begiratzen dio, gizarte eta bizitzaren aurrean jarrera zentripetu bat mantenduz. Orainak eta bizitzari eztia ateratzeak dute lehentasuna. Baina zorionaren ontzia ez da betetzen…

Marinelarena. Egunez egun, geroa hobetzea da grina, existentzia beraren ondorio bat bezala. Zentzu pertsonal eta kolektiboan. Oztopo guztien gainetik, lortzea baino saiatzea da obsesioa. Zoriona xumea da, akaso, baina arruntagoa.

Hiru jarrera nagusi hauen arteko erlazio etengabekoan datza proposamena. Hirurak polifazetikoak, alde ilunak eta argiak dituztenak. Ez dago moralejarik, agian ez aukera borobilik, baina batetik edo bestetik abiatzeko aukeratu beharrean aurkitzen gara askotan gizakiok…

Hauxe da nire proposamena zeren, hain egoera muturrekoa emanda, galdera interesgarria ez baita “nola irten hemendik?”, baizik eta “zertarako biziraun, zergatik bizi?”. Erantzunaren ondorioz dator irteteko indarra edo porrota.

Leku eszenikoa.

Kamaroteak estuak, klaustrofobikoak izaten dira eta honek lagunduko dio asko narrazioaren ‘atmosferari’ , oxigeno ezak beste. Baina mugatua gerta daiteke, eta nekagarri xamarra ikuskizuna aurreratu ahala. Horregatik nik ere ikusten dut kamarotetik kanpo aipatzen den beste leku ‘birtual, irudizko’  hori.

Bestalde, ze kamarote? Eta kapitaina berarena balitz? Leku anonimo batek baino gehiago eskaini dezakeelakoan nago.

Tramaren hasierako eskematxo bat.

Pertsonaiak sartzen dira tarrapataka, atea itxiz urik sar ez dadin. Laburbiltzea: zer gertatu da? Ez da guztiz argitzen , zerbait arraroa gelditzen da airean. Ze egoeran daude? Muturrekoa. Hiru izaerak hasten dira agertzen: kapitainak behera jotzen du, pilotua haserre biziz amorratua eta marinela, aktiboa. Oraindik argia dago, emergentziazko argindarra agortzen ez den bitartean. Puntu honetan, itxaropenaren sugarra piztu behar da nolabait narrazioari aukerak zabaltzeko (esaterako: zelan bidali seinale bat itsas azalera?): Ez dago dena galduta…

Orain itxaron egin behar da laguntzarik jaso behar badute, atsedena hartu eta oxigenoa aurreztu. Hiruren arteko burutazioak, lehorrean utziko dutena, bakarrizketak, beldurraldiak, otoitzak, kantuak eta denbora-pasak… Bitartean, pertsonaia ‘inplizituarekin’ kontaktatzen dute kaineriak joaz (soinu joko bat egon daiteke, posez hasieran, galdetzeko gero, amorea ematen azkenean…). Kapitaina eta pilotuaren arteko tentsioa areagotzen ari da eta agertzen da egia: Kapitainak, pilotuak itsasontzia saltzeko duen asmoaren jakinean eta bere gaixoa oso aurreratuta egonda, froga bat jarri nahi izan dio bere oinordekoari istripu bat antolatuz, makina gelan, esaterako. Baina kontrola ihes egin dio. Argindarra amaitu eta ilundu egiten da…

Marinelak eginiko bat-bateko argitan kapitaina eta pilotua elkarri begira. Kainerien hotsak berriro, azkarrak, premiazkoak, gero isiltasuna. Marinelak seinaletzat hartzen ditu: irten beharra daukate, ausartu, bertan hil nahi ez badute. Berdin da kanpoan zer daukaten, saiatu egin behar dute, eta ekipoa biltzen hasten da…

Beno, oraingoz, nahiko dela iruditzen zait. Ea bat gatozen bide honetatik… edo beste batetik, zer esanik ez!. Adio..

2008-01-28 16:53 #5

Utzi iruzkina: