Pello Zubiria, Euskadi Irratian
"Egun on, entzule.
Ez dakit Euskadi Irratiaren entzuleen artean zenbat diren ETAkoak edo ETAn sartzea erabakita daukatenak edo ETAk segi egin behar duela uste dutenak edo ETA beharrezkoa dela ziur daudenak. Are gutxiago dakit une honetan entzuten ari direnen artean zenbat ote diren ETAkoak.
Zu hala baldin bazara –entzule – esan nahi dizut arrazoi duzula hemen herritar asko bere eskubide zibil eta politikoetan zapalduta daudela diozunean. Arrazoi duzu hemen poliziek atxilotuekin torturak eta tratu txarrak erabiltzen dituztela diozunean. Arrazoi duzu diozunean gaixotasun larriak dauzkaten preso politikoak txirtxilatu egiten dituztela, ETAko presoei eskubide oinarrizkoenak ere ukatzen zaizkiela, dispertsioagatik ETAko presoen senideek kupidarik gabeko tratu txarra jasaten dutela. Arrazoi duzu Euskal Herriari bere hitza libreki esatea ukatzen zaiola diozunean. Arrazoi duzu 18/98 sumarioa eta horren ondorengo auzia, bakar bat aipatzearren, lotsagarrikeriak izan direla diozunean. Arrazoi duzu Ezker Abertzalea pertsegituta dagoela eta Ezker Abertzalekoak ez diren beste herritarrek pertsegizio hori eteterik lortu ez dutela diozunean. Arrazoi osoa duzu zerbait egin beharra dagoela diozunean.
Guzti horretan arrazoi duzu. Eta hala ere, edo igoal hain juxtu horrexegatik, guzti horretan arrazoi duzulako, hau eskatzen dizut:
Zuk ez ezazu hil beste inor.
Pasa egun ona, entzule".
Pello Zubiria
Iruzkinak
Sugoi 2008-01-08 09:13 #1
Matizen bat egingo banuke ere, zutabe ona, dudarik gabe. Hala ere, nire kritika zehaztasun eza, hilketak ez dira anitzak, bai ordea, indarkeria, orokorrean. <br>
Utzi iruzkina: