hizkuntza geure muga
Blokeatuta nago. Mila ideia buruan eta hitzekin ezin azaldu. Ordenadorearen aurrean jesarri naiz arratsalde produktiboa edukitzeko asmoz, eta blokeatuta nagoela konturatu naiz. Aspalditik gainera. Hainbeste gauza esan nahi ditut... eta ez dut era egokirik aurkitzen. Bueno, egokia bai, baina ez oso poetikoa. Buruan dudan guztia askatzea badaukat, jario guzti horren formagatik kezkatu gabe. Baina formari erreparatzen ez badiot, edukiak ez du jada ezertarako balioko. Zerbait azaldu ezin baduzu, hobe ixilik geratzea. Egia da hitzek sentimenduak apaintzeko gaitasuna dutela, baita detailetxorik txikiena fenomeno liluragarri bihurtzekoa ere, baina egia da bebai, ezin espresa daitekeen sentsazio edo sentimendua txorakeria handienaren pare jar dezaketela. Horren arriskua dagoen kasuetan hobe da ixiltzea beste adierazpen modu bat aurkitzen den arte, edo soilik, betiko ixiltzea.
Hitzak dira norberaren barnerako hesia. Uneoro sentitzen duguna ulertzeko oztopoa, hori dira hitzak. Edozer deskribatzera behartzen gaituztenak, dena hizkuntzaren bidez azal daitekeela esaten diguten nazkanteak. Ez. Gu gara nazkante bakarrak. Leloak. Garun atrofiaturiko ameslariak. Fededunak, azken finean. Guk sortu dugun zerbait ezagutzen ez ditugun gauzak azaltzeko balio dutela pentsatzeagatik. Hitzengan sinismen itsu hori edukitzeagatik. Eta geure erruz, baliabide eta gozabide diren hitzak, oztopo bihurtzen zaizkigu etengabe. Ahaztu dugu hitzik gabe bizitzen. Ez dakigu ixiltasunean geratzen. Akaso kanpotik bai, baina, gure pentsamendurik ezkutuenak beti eskeiniko dio hitzen bat egoerari, edo keinuren bat, berdin du. Ahaztu zaigu nola miretsi eta edertasuna guregandik hurbilegi dagoenean ahoa txorakeriaz baino ez dugu betetzen, gehiegikeriez, hiperbolez... azkenean geure kabuz edertasuna itzaltzea lortzen dugun arte, edertasun horren izpirik xurgatu gabe geratzen garelarik.
Nik ez dut hori onartu nahi. Nire pentsamenduak ezagutu nahi ditut. Nire beldurrak. Minak eta penak. Zorionak. Ametsak. Ametsik sakonenak, lortzeko zailenak. Naizenaren oraina behintzat ikusi nahi dut, eta ezer ez esan. Soilik begiratu, aztertu eta azkenik, ulertu. Naizenaren oraina, besterik ez dut eskatzen. Agian lortuko dut. Esfortzuz, laguntzaz... agian ulertuko dut. Behin ulertuta, kapaza izango naiz hitzekin azaltzeko, edo hizkuntzak ezkutatzen dituen hitzarteko sekretuekin. Baina hori azken pausua da. Ezin gara saiatu hizkuntzarekin sentitzen. Lehenengo zentzuekin ulertu behar da, sentitu, eta gero gerokoak. Dakienak jakingo du esan behar duena. Ez dakienak hitz hutsak idazteko gai besterik ez da izango. Espero dut noizbait ikastea...
Iruzkinak
ozly 2008-08-03 19:01 #1

Urte pila iragan ditut ikasten eta, batez ere, gauza zientifikoekin bueltaka. Egun batean musika sartu zen nire munduan, lehendik hortxe bazegoen ere. Artearen ikuspuntua nire buruan jarri zenetik gauza guztiak beste era batetara ikusi ditut, eta konturatu, gauzik esanguratsuenetakoak ezin direla ikasi, ez adierazi hitzez.
Badira adierazteko niretzat ezinezkoak diren gauzak, ezin baititut aipatu, baina hor daude eta zeozer sentitzen dut. Arteak (noizbait ulertzen dudanak, behintzat) sentimenduak ulertzeko eta adierazteko balio dit, beste edozein hitzek egin ezin izan duen bezala.

Oso garrantzitsua da hizkuntzaren mugaz jabetzea, neronek ere askotan egin dut hausnarketa hau. Beste antzekotasun bat dugu, dirudienez; beraz segi idazten, nik gustora asko irakurriko baititut burutik pasatzen zaizkizunak.
Beste bat arte, aio!

Lost_Hawk 2008-08-12 14:53 #2

Nik aldiz urteak eman ditut hizkuntza ikertzen, ikasten, eta ezdakidaka irakasten. Jarrera radikal askoa dut, baina balio izan dit; ez da forma eta fondorik, hori espainiar estilismoari zor diogu (edo Belletrismoari); jarrera interesgarriagoa zait pentsatzea forma bera dela argudioa. Zelanbait esan, ezin duzu letra mota barik idatzi, defektuz hautatua izanagatik ere (hori ez zaie natur-zientzilariei buruan sartzen)
. Beti dago forma, eta "formari" errua botatzen diogunean, esan gura du bakarrik mami horregaz ez gaudela ados, beraz ez zen guk nahi genuen argudioa, hurbileko bat baino.
Faltsukeria egiten zait Quenceauren estilo ariketak, ez dira estilo ariketak, esangura ariketen parodia baino. Hala uste dut nik. Baina oraindik gaude anaya liburuetan Damaso Alonso eta abarren literaturari begiratzeko modutik askatzeke...
bada asko
zorionak, deskubritu berri dut zure bloga, mila esker, beti da eskuzabaltasun keinu bat

Utzi iruzkina: